Denboraren iragaitearekin batera jasotako irakaspen horrek arrastoa utzi du Lazkanoren lanetan. Bilboko Arte Eder museoan irekitako Arkitekturatik naturara erakusketan bildutako 80tik gora lanek pintoreak urratutako ibilbidearen berri ematen dute. 1999tik 2006ra artekoak daude batetik; eta Arte Eder museoa bera ardatz harturik berriki ondurikoak, bestetik. Azken horiek aurrenekoz daude jendaurrean ikusgai.
Txillida eta Oteiza, basoan
Hogei inguru dira, denera, Bilboko pinakotekan oin hartuta Lazkanok sortu dituen lanak. Museoak, hots, eraikinak indar nabarmena du serie horretako lanetan, baina emeki-emeki paretak desagertuz doaz, eta lerro zurrun horizontal eta bertikalak ezabatuz.
Arkitekturak naturari irekitzen dio bidea; edo naturak berak berreskuratzen du arkitekturak aurrez ebatsi dion espazioa. Pareten ordez, leiho zabal eta beirateek hartzen dute tokia, eta museoaren kanpoaldeko parkeak indarra hartzen eta presentzia irabazten du, lan batzuetan baso itxura hartzeraino.
Txillidaren eskulturak elurrak zuritutako baso sakonean daude orain. Eta baso horretako haize mehe hotzak zeharkatzen ditu Oteizaren esferen espazio hutsak.
Naturak arkitekturari gaina hartzen dion heinean azalarazten dira Lazkanoren naturari hertsiki loturiko arkitekturak.
Jose Maria Uzelaik San Bartolomeko bolo partida koadroan margotutako zerua itsaso bihurtu du Lazkanok Gure Uzelai zeruan zarana margolan handi ederrean. Eta Giacomettiren hanka luzeko gizonetako bat Gorbeiako negu hotzera eraman du, basoan galdaraziz.
Etengabeak dira pinakotekaren bilduma osatzen duten artistei eginiko keinuak. Durero, Bacon, Mogrobejo eta Serraren obrez mintzo diren obrak osatu ditu Lazkanok, ohikoa duen errealismo zorrotzaz. Eskulturez eginiko margolanak argazkiak dirudite askotan.
Tamaina handiak lilura areagotzen du zenbaitetan. Ia arnasa eteterainoko zirrara sentiarazten dute, besteren artean, Antxoras eta AlvarAalto buscando la luz en Arratxu margolanek.
Lazkanoren azken urteei begirako erakusketa izanik, ezin zitezkeen faltatu Frank Lloyd Wright eta Ludwing Mies van der Rohe arkitektoen omenezko lanak.
2006. eta 2007. urteen inguruan sortuak, arkitektura eta natura bateratzeko artistak izan duen irrikaren erakusle gailenak dira. Wrighten Fallingwater etxea eta Mies van der Roheren Chicagoko Farnsworth etxeak ageri dira koadroetan. Paraje naturaletan daude biak, landaredia berde eta hostotsuaren artean, eta kanpoko espazio horrek, naturak, arkitektura harrapatzen du, hau da, etxeen barrualdea.
Lanok egin zituenean, arkitekturaren alderdi gogorra jorratzetik zetorren Lazkano, eta gero eta gehiago erakartzen zuen naturari bidea egiten uzteko joerak. Etxe biak arkitektura modernoaren paradigma dira, baina naturak bizi ditu, zuhaitzek, urak, landarediak.
Lazkanoren arkitektura, oro har, naturak bizi du. Arkitektura eta naturaren arteko borroka eta elkargunea da artista gipuzkoarraren obra.
Figurazio berria, errealismo berria edota plastizismo berriaren barruan sailkatu izan dute adituek. Alabaina, modu batera edo bestera izendatuz, Lazkanok ez dio mugarik jartzen bere pinturari, etengabean elkarri gainjartzen zaizkion arkitekturari eta naturari jartzen ez dizkien bezala. Arkitektura ordena da, erregularra, zurruna, hotza, trinkoa. Ordea, natura organikoa da, librea, malgua, kaotikoa. Eta pintorearen obran harreman ezegonkorra dute elementu biek. «Kiribil modukoak dira; gora eta behera egiten dute; aurrera eta atzera: baina inoiz ez diote elkarri hartzen guztiz».
Erakusketan aurkeztutako lan guztietan antzeman daiteke harreman bihurria, seriea eta urtea edozein dela ere.
ERAKUSKETA
Izenburu: 'Lazkano. Arkitekturatik naturara'.
Lekua: Bilboko Arte Eder museoa.
Noiz arte: 2011ko urtarrilaren 16a arte.
«Askotan, artistak gezurra esaten du hitz egiten duenean; artelanetan dago haren egia»
Lazkanok atondu du erakusketa, komisariorik gabe, ikusleekin lotura azkeneraino edukitzeko eta zaintzeko xedezI. B. Bilbo
Jesus Mari Lazkanok dio artistak ez duela egia osoa esaten, hitz egiten duenean. Are gehiago, hauxe uste du: «Askotan gezurra esaten du artistak». Lazkanoren irudiko, «artelanetan dago artistaren egia». «Pintatzean, artistak ez gara guztiz lasai geratzen. Ez dakigu nahi dugun hori nahi dugun moduan geratuko den koadroan, ezta ikusleak nahi dugun irakurketa egingo duen ere», azaldu du.
Horregatik, Lazkanok egin du erakusketako komisario lana, alegia, artistak berak hautatu ditu lanak eta horiek erakusteko lerroak. Orobat, Lazkanok idatzi ditu erakusketaren harira museoak argitaratu duen katalogoko testuak. Idatzi horien bitartez, «margolanen emozioetan barrena» gidatu nahi du ikuslea, «jakin dezan zer gertatu den margolan hori sortu aurretik, bitartean eta ondoren». Artistarentzat «garrantzitsua da ikusleak obra bakoitzaren egoera eta baldintzen berri izatea. Eta artista horren ibilbideak zein ezaugarri duen jakitea, baita artearen historiaren zein erreferentzia baliatzen dituen ezagutzea ere».
Irudia, amua baino ez
Esan beharrik ez dago: arkitekturaren historiak sekulako itzala du Lazkanoren obran, Erromatik New Yorkeraino. Bi polo horietan mugitzen da haren pintura. New York espazioaren hiria; Erroma, denborarena. «New York gehiegizkoan oinarritzen da; gehiegizko dentsitate, abiadura eta tentsioan. Aldiz, Erroma denboraren estatigrafia da».
Bi mutur horien erakusle dira erakusketaren hasieran paratutako lanetako bi: Ombra della memoria a New York eta Ombra della memoria a Roma, 2004koak biak.
Lazkanorentzat, «pintura eraikuntza intelektuala da, eta eraikuntza horrek gogoetara zaramatza». Baina ikusleari zer pentsatua emateko, eta, esate baterako, Erromak eta New Yorkek bere obran duten garrantziaz jabetzeko «emozioen atea irekitzea» ezinbestekoa dela uste du. «Obraren irudia amua baino ez da, ikuslea harrapatu behar du. Izan ere, ikusleak osatzen du obra. Pintura ez da pintorearen lana soilik. Margolana ez dago amaitua. Lan horrek jasotzen dituen narrazioak deskodetzeko zeregina ikusleak dauka. Nola deskodetzen dituen gutxienekoa da ia; obra amaitzeko prozesuan parte hartzea, hori da garrantzitsua».