Berez berezitasun apartekorik ez dauka euskaraz aritzen diren bost musika talde kontzertu berean batzeak. Aurrez ere egin dira halakoak, eta gerora ere egingo dira. Bost talde horiek Barakaldoko BEC aretoan aritzea eta helburutzat hura leporaino betetzea izatea da berritasuna. Berri Txarrak, Esne Beltza, Zea Mays, Willis Drummond eta Zuloak ariko dira Becatu jaialdian, azaroaren 10ean. 14.000 lagun inguru sartzen dira BECeko kontzertu aretoan eta hura jendez betetzea da erronka, helburua. BECek berak sorturiko ideia da eta Abar Produkzioak ekoiztetxeak enkarguz antolatu duena. «Euskal musikariek plazak behar dituzte euren sorkuntza lanak erakusteko. Gure musikaren kalitatea munduko edozeinen parekoa dela erakusteko aukerak behar dituzte euskal musikariek. Plaza estuak, zabalak, borobilak, laukiak, itxiak, libreak, txikiak, handiak eta baita BEC bezalako erraldoiak ere», dio Gotzon Barandiaran Abar etxeko kideak. «BEC bera konturatuta zegoen, salbuespen gutxi batzuekin, euskarazko kultur ekitaldiek ez dutela ia lekurik euren programazioan, eta oraingoan, euren aldetik atera da ideia».
Sarrerak 17 eurotan
Erronkari eustea deliberatu zuen Abarrek, eta egungo euskarazko rockaren esparruari erreparatuta, «ahalik eta aukeraketa zabalena» egiten saiatu dira. «Musikaren munduan ibilbide luzea dutenak dira Berri Txarrak eta Zea Mays. Azken urteetan gorantz egiten ari dena, aldiz, Willis Drummond. Fusioak eta hainbat estilo lantzen eta uztartzen ditu Esne Beltza taldeak eta urtebeteko iraupena izango du emakumez soilik osaturiko Zuloak taldeak», zehaztu du Barandiaranek.
Iaz Haria lana kaleratu zuen Berri Txarrak taldeak, urteko diskorik aipagarrienetakoa. Mundu mailako Haria Tour biran erabat murgilduta dagoela joko du taldeak Becatun. Bilboko Aste Nagusian jende andana bildu zen Esne Beltza taldearen kontzertura. Antzekoa egin nahi luke azaroaren 10eko kontzertuan ere; jendea dantza batean jartzea. Zea Maysek gailurra jo zuen 2010ean kaleraturiko Era diskoarekin. Urtebeteko geldialdia egingo duela adierazia du taldeak. Geldialdiaren aurreko azken kontzertuetako bat izango da, hortaz. Willis Drummondek aurki kaleratuko du bere disko berria. Lan horren aurrerapen kontzertua izango da BECekoa, eta Zuloak taldeak izen bereko filma Zinemaldian aurkeztu ostean erakutsiko du bere zuzenekoen indarra.
Jaialdira joateko sarrerak 17 eurotan salduko dira. www.becatu.com webgunean eskura daitezke, gainerako informazioarekin batera. «Becatu festibalak euskal musikariek osatutako eskaintza batek milaka lagun bildu ditzakeela erakutsi gura luke», Barandiaranek azaldu duenez.
BEC euskal musikaz betetzea ez baita bekatu
Zea Mays, Zuloak, Berri Txarrak, Esne Beltza eta Willis Drummond ariko dira azaroaren 10ean, Becatu jaialdian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu