BECatari izateko gonbidapena

Euskalgintzako eragileek BECatu jaialdira joateko deia egin dute, «euskaraz bizitzeko» hautu gisa

Kontseiluko eta Bilboko euskalgintzako kideak hainbat musikarik lagunduta agertu ziren atzo. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
gotzon hermosilla
Barakaldo
2012ko urriaren 26a
00:00
Entzun
Pop eta rockaren mundu osoko izarrak igaro dira Barakaldoko BEC erakustazokatik. Jendetza handiak biltzeko moduko aretoa izaki —aurreko asteburuan, 16.000 lagun inguru sartu zituen bertan Extremodurok— zale asko erakartzeko gaitasuna duten talde eta bakarlarien emanaldiak baino ez dira antolatzen han. Eta, zoritxarrez, euskarak orain arte leku gutxi izan du horrelakoetan.

Azaroaren 10ean Barakaldoko erakustazokan antolatuko den BECatu jaialdiak gauzak aldatuko ditu. Eta horrek euskararentzat orain arte arrotz izan den eremu bat irabaztea ekarriko duela jakitun, jaialdia sustatu eta bertan parte hartzeko deia egin dute euskalgintzako eragileek, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua buru zutela.

Orain dela bi urte jarri zuen abian Kontseiluak Euskaraz bizi nahi dut izeneko dinamika, «borondate hori gabe, nekez izango bailitzateke euskara geure hizkuntza bizia», Kontseiluaren ordezkari Maite Indak esan duen moduan. BECatu jaialdia nahi horren beste adierazpen bat izaki, horrekin bat egitea erabaki dute.

Beste gune bat euskarari

Indak esan duenez, askotan euskaraz bizitzeko nahia ez da nahikoa, borondate horrek oztopo ugarirekin egiten baitu topo: «Hala ere, euskaraz bizitzen ahalegintzen gara, eta, nahi horretatik, euskaraz bizitzeko ezinbestekoak diren hainbat tresna sortu ditugu. Euskararendako arrotzak ziren guneak irabaziz joan gara, gune horietan euskara natural bilakatu arte».

Kontseiluaren ordezkariaren ustetan, BECen antolatzen diren musika ikuskizun handien esparrua «euskararentzat irabazteko bidean dagoen beste gune bat» da BECatu jaialdiari esker; horregatik, aukera hori eta horren moduko gainerako aukera guztiak baliatzeko eskatu die euskaldun eta euskaltzale guztiei.

Bilbon eta inguruko herrietan, euskaraz bizitzeko aukerak ez dira hain ugariak, bertako euskalgintzaren izenean AEK-ko Galder Lizarraldek esan duenez. «Bilbotar euskaldunok egunero-egunero hizkuntza hautua egiten dugu. Baina hautu hori egin ahal izateko, ezinbestean, aukera behar dugu». Pozik agertu da, jaialdi honekin «euskaraz gozatu eta dibertitzeko beste aukera» zabaltzen delakoan.

Bost talde, berri ugari

Berezia izango da BECatu jaialdia, eta ez bakarrik «punta-puntako taldeak» egongo direlako, Gotzon Barandiaran antolatzaile taldekoak esan duenez. Esne Beltzak, esaterako, BECen amaituko du ekainean hasi zuten bira. Zea Maysentzat, berriz, BECatu jaialdikoa izango da emango duten azken kontzertuetako bat, bolada bateko atsedenaldi bat hartu baino lehen.

Zuloak taldea, urtebeterako proiektua izaki, zuzenean ikusteko aukera gutxi izango da, eta horietako bat izango da BECekoa. Willis Drummondek bere azken lana aurkeztuko du, eta Berri Txarrak taldeak, berriz, laster ekingo dio Europan zeharreko birari, eta, hori dela eta, «emanaldi berezia» prestatu dutela iragarri du Gorka Urbizu taldearen gitarra jotzaile eta abeslariak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.