MTVk Londresko Wembley Arenan jakinarazi zuen, atzo, hurrengo jaialdiaren egoitza: "Datorren urtean Bilbon ikusiko dugu elkar". Musika kate ezagunaren ohiko sari banaketa hartuko du Barakaldoko BECek, 2018ko azaroaren 4an. Datorren urtean, gainera, MTV sarien 25. urteurrena ospatuko dute.
Jaialdiak lau kontzertu hartzen ditu urtero sari banaketari lotuta, eta mundu mailako salmentetan punta-puntan izaten diren talde ospetsuak izaten dira beti. Horrez gain, aurreko egunetan hainbat ekitaldi antolatzen dira jaialdia hartzen duen hirian.
Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiaren esanetan, Bilbo eta Bizkaiarentzat ez ezik, "Euskadi osoari ere zabaltzen zaion aukera da". Ekitaldia parada egokia da Rementeriaren iritziz, hiria eta Euskal Herria munduan ezagutarazteko. "Zer-nolako herria garen eta zer-nolako pertsonak garen jakiten dutenean, benetan liluratuta geratzen dira, eta errepikatu eta errepikatu egiten dute".
Bestalde, nazioarteko talde entzutetsuen artean "euskal taldeak ere sarietan izan daitezen" ahaleginduko dela adierazi du.
Rementeriak iragarri du jaialdi horrek izango duen eragin ekonomikoa aztertuko dutela ondorengo asteetan, eta nabarmendu du ekitaldiak 500 milioi ikusle izaten dituela mundu osoan.