Hortzetako eskuila batean aurpegi bat ikus daiteke, edo ez. Begiratzeko moduaren arabera, aurpegiak ikus daitezke murru batean edo egur zati batean. Rosalind Nashashibik kamera eskutan hartu eta, besteak beste, New Yorkeko eraikinen hormen xehetasunak filmatu zituen aurpegien bila (bi begi, sudurra eta ahoa). Ikusleak porlana eta egurra ikusiko ditu Eyeballing (2005) lanaren hasieran, baina enpatia gaitasuna dela medio, aurpegiak ikusten hasiko da luze gabe. Bat-batean, ordea, benetako giza aurpegiak azaldu dira ordu arteko konposizioa hautsiz. New Yorkeko polizia agenteen egunerokotasuneko irudiak objektuen aurpegiekin tartekatu ditu artistak. Norekin dauka enpatia handiagoa ikusleak, porlanezko, egurrezko eta plastikozko zati batzuekin edo polizia agenteekin? Begiak finkatzen du egia.
Donostiako Tabakalerak gaur zabaldutako Look Again bideo erakusketak inguratzen gaituzten errealitate oso desberdinak antzemateko moduari buruzko hausnarketa egiten du. Ekainaren 21a arte, nazioarteko bost artistaren bideoak ikus daitezke eraikinaren gela ilun eta erraldoietan. Batzuk pantaila handietan, besteak txikiagoetan, 11 dira denetara Rui Toscano (Portugal, 1970), Filipa Cesar (Portugal, 1975), Rosalind Nashashibi (Erresuma Batua, 1973), Anri Sala (Albania, 1974) eta Marine Hugonnierren (Frantzia, 1969) bideo sormenak. Osagai batek lotzen ditu bideo guztiak: zer ikusten dugun eta ikusten dugun hori nola ikusten dugun hausnartzeko bidea ematea.
Zaldiaren iluntasuna
Anri Salaren Time After Time (2003) izan daiteke horren adibide argia. Gelako iluntasuna urratzen duen argi arinean animalia batena izan daitekeen isla ikus daiteke. Orroek espazioa betetzen dute noizbehinka. Ezustean, ziztu bizian pasatu den kamioi batek errepidea argitu du, eta segundo batzuetan zaldi bat ikusi da, zaldi goseti eta izutu bat. Errepidearen bazterrean dago loturik, hurrengo autoak edo kamioiak noiz torturatuko zain. Anri Salak hiri handietako biolentziari eta bakardadeari buruzko metafora esanguratsua filmatu du era horretan. Arena (2001) lanean ere ideia bera landu du.
Ingurunea, oro har, egunerokotasuna, espazio pribatu eta publikoak, hiriak, ikuspegi panoramikoak, paisaiak eta historia bera bi aldiz begiratzera bultzatzen duten proposamenak dira, finean, Tabakaleran paratutako bideo sormenak. Mundua begiratzeko modu desberdinen bidez, ikuslea ohartzen da badagoela errealitatea beste era batera begiztatzeko aukera. Afganistanen, Albanian, Brasilen, Alemanian, Portugalen, Palestinan eta AEBetan filmatu dituzte artistek euren lanak.
Marine Hugonnier paristarrak paisaiarekin lotutako hiru hausnarketa proposatu ditu bere trilogian; bereziki erakargarri geratu den gelan daude Ariana (2003), The Last Tour (2004) eta Travelling Amazonia (2006), hiru pantaila erraldoitan. Paisaia politikarekin lotu du lehenean, Afganistango haran estrategiko bat oinarri hartuta. Bigarrenean, gune turistikoez bisitariek duten ikuspuntua landu du, Suitzako Alpeetan globo batetik filmatuz. Gune turistikoak bisitarientzat erabat ixtear dauden irudimenezko munduan kokatu du istorioa. Eta hirugarrena Brasilgo autobide trans-amazonikoan kokatu du. Errepide hori ez zen sekula amaitu, eta, beraz, mapetan badago, baina ez errealitatean.
Anonimoen begiradak
Filipa Cesarrek banako anonimoen begiradekin jolas bitxia egin du Romance Reedit (2003) bideoan. Metro eta tren geltokietan filmatutako pertsonen irudiak muntatu ditu begiradak gurutzatzen dituzten ezezagunen arteko harremanen fikzioa sortuz. Begirada horiek harremanetan jarrita zerbait adierazten dute pertsona horiek, baina jatorriz, beharbada, beste zerbait adierazten zuten. Ezezagunak ezagun bihurtzen dira begiraden jolas horri esker. Piso Térreo (2006) bideoa ere ikusgai du artistak Donostian.
Rui Toscanok, berriz, irudi estatikoak baliatu ditu Sao Paulo 24 set 01 (2001) eta Rio 9 Mai 01 (2002) egiteko. Lehenean Sao Pauloko irudi finkoa ikusten da. Soilik autoen mugimendu sotila antzeman daiteke zementuzko oihanean. Bigarrenean Rio de Janeiro azaltzen da. Olatuen mugimendua eta faveletatik irteten den kea da antzeman daiteken mugimendu bakarra. Sotiltasun horrek adierazten du hiria zerbait bizia dela, begiak beste zerbait sinestarazi dezakeen arren.
Norberaren begiradak errealitate jakin bat irudikatzen du hortaz, baina horrek ez du esan nahi gehiago ez daudenik. Look Again erakusketa berriro begiratzeko gonbita da.
'LOOK AGAIN'BIDEO ERAKUSKETA
Egileak: Rui Toscano, Filipa Cesar, Rosalind Nashashibi, Anri Sala eta Marine Hugonnier.
Komisarioa: Carolina Grau.
Non: Tabakaleran (Donostia).
Noiz arte. Ekainaren 21a arte.
Begiak finkatzen du egia
'Look Again' bideo erakusketa zabaldu dute Tabakaleran, errealitatea beste modu batera begiztatzeko esperimentazioaren bidean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu