ARTEA

Begirada baten garapenaren lagina, hausnarketarako

Gorputz eta arima. XX. eta XXI. mendeetako emakume artistak erakusketa zabalduko dute bihar, Donostiako Kutxa-Kubo aretoan.

Erakusketa Kubo aretoan dago zabalik. GORKA ESTRADA, EFE
Igor Susaeta.
2015eko ekainaren 18a
14:31
Entzun

Irailaren 27ra arte egongo da irekita, eta horretan bildu dituzte mundu osoko 59 artistaren 79 pieza: argazkiak, margolanak, collageak, instalazioak, bideoak, eskulturak eta beste. Sortzaile horietako bederatzi Euskal Herrikoak dira: Esther Ferrer (Donostia, 1937), Marisa Gonzalez (Bilbo, 1945), Dora Salazar (Altsasu, Nafarroa, 1963), Naia del Castillo (Bilbo, 1975), Mentxu Gal (Irun, Gipuzkoa ,1918-2008), Josune Amunarriz (Hondarribia, Gipuzkoa, 1942), Marta Cardenas (Donostia, 1944), Clara Gangutia (Donostia, 1952) eta Cristina Iglesias (Donostia, 1956).

Marisa Oropesa eta Maria Toral dira komisarioak, eta, aurrenekoak gaur goizean egin den aurkezpenean nabarmendu duenez, erakusketak ez dauka asmo aldarrikatzailerik. "Ez dago diskriminazio ez positiborik ez negatiborik. Uste dut ez dagoela arte bat gizonezkoena eta beste bat emakumezkoena. Baina, beharbada, badago sentikortasun bat, begirada bat emakumezkoena; eta, alderantziz, gizonezkoena". Pentsatzen du, dena den, oso emakumezko gutxiren lanak daudela ikusgai mundu osoko museo eta fundazioetan."Oraindik ere borrokan jarraitu beharra daukagu, eta inportantea da pixkanaka lekua irabaziz joatea". Iruditzen zaio Donostian ikusgai egongo dena dela "emakumezkoen artearen" lagin bat. "Hasierako lan xaloenetatik egungo ausartenetara".

Beraz, garapen bat ikus daiteke. Halere, kontua ez da, Toral komisarioaren iritziz, "izen zerrenda soil bat" ematea. Mezua, "mezu sakona" baduelako erakusketak. "Edertasunaren bidez, hausnarketa bultzatu nahi dugu. Arimak, gorputzak, erabat harremana dute kanpoaldearekin eta barnealdearekin".

Sonia Delaunay, Gisele Freund, Mentxu Gal eta Maria Blanchard aintzindarienak bezala, egungo puntako sortzaileen lanak hautatu dituzte Oropesak eta Toralek; besteak beste, Marina Abramovicenak, Kiki Smithenak, Cindy Shermanenak eta Paula Regorenak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.