Maurizia Aldeiturriaga eta Benantzio Bernaolarena izandako etxetik metro gutxira dago Santiagoko baseliza. Sanmigeletan bertoko erromeriak oroitzen ditu haien seme Frantziskok. «Lurra lehorturik egoten zen ordurako, eta busti egin behar izaten genuen, hautsik ez harrotzeko». Horretarako, errekara joaten zen Frantzisko gaztetan, beste hainbat gizonekin batera, eta ura ekartzen zuten upeletan. Hala ere, gauerako denak zikin-zikin egoten ziren.
Jendea Arteagatik bertotik eta inguruko herrietatik joaten zen hara. Askok bizikletaz egiten zuten bidea; besteek, oinez edo egun jadanik existitzen ez den Arratiako tranbian. 1964an kendu zuten azken zatia, Zeanuri eta Lemoaren artekoa.
«Erromeria, orduan, lau edo bostetan egiten zen, eta ilundu arte. Gero udala etortzen zen, etortzen zen palu batekin eta paratzeko esaten zuen. Eta hemendik joaten ginen plazara, eta plazan jarraitzen genuen udalak paratzeko esan arte», azaldu du Bernaolak.
Baselizaren inguruko zuhaitzek ermita aurreko plazatxoa gordetzen dute. Egun harrizko zenbait mahai eta eserleku daude, baita harrizko barbekua ere. Udak bertoko belarra horitu du, hosto lehor ugari ere ikus daiteke lurrean sakabanaturik. Bertotik paseoan, Bernaolak amaren kopletako bat gogora ekarri du: «Begire nago, begire / kamino-zubi barrire / Noz etorriko ete dan / nere maitia herrire».
Leku lasaia da Santiago, Elexabeiti auzoko beste txokoak bezala; agian lasaiagoa. Lasaiak dira berton izaten diren erromeriak ere; izan ere, egun jada ez da garai bateko erromerien modukorik egiten, Bernaolaren hitzetan: «Orain trikitia eta panderoa jotzen etortzen dira, baina ez da orduko festa bezalakorik egiten».
Bihar: Mikel Laboa etaBuenavista eta Munto-Berri ostatuak
Behin batean Santiagon
Maurizia Aldeiturriagaren ahotsak eta panderoak erromeria ugari alaitu zituzten Elexabeiti auzoko Santiago baselizaren inguruan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu