Batzuek itsasoa ikusi nahi dutelako, besteek ezin dute zerua begiztatu». Hala sinatzen du Beiruteko hirigintza espekulazioa salatzea helburu duen komikiak. Eraikin altuz eta garabiz osaturiko binetek Beiruteko Unibertsitate Amerikarreko pareta apaintzen dute, eta ikasleen arreta pizten. Halako hamaika topa daitezke Libanoko hiriburuan.
Loraldian dago komikigintza Beiruten, eta ilustratzaileek harro aldarrikatzen dute une hori. Omar Khuri komikigileak honela gogoratu ditu hastapenak: «1990eko hamarkadan, gerra zibilaren ostean, dolu luzea pasatu genuen. Ez zegoen inolako kultura ekarpen berririk. Hilik geunden». Berreraiketze prozesuan zegoen Libano, eta Ekialde Hurbileko kultura gunea izateari utzi zion Beirutek urte luzez.
Gazte libanoarrak, baina, isiltasunetik atera ziren. Gorabehera politikoekin nazkatuta, beren ezintasuna artearen bidez adierazteri ekin zioten. «Komikiak aterabide bat izan ziren guretzat», nabarmendu du Khurik. ALBA Libanoko Arte Ederren Akademiak erantzukizun handia izan zuen prozesu horretan; izan ere, ilustratzaileen labekada berria hezten hasi zen.
Erantzun artistikoa gerrari
Komikigintzaren benetako eztanda, ordea, 2006ko gerraren ostean etorri zen. Mazen Kerbaj komikigile eta musikalaria da loraldi berriaren aitzindaria. Israelgo inbasioa komikien bidez kontatu zuen Kerbajek, eta mundu osoko begien arreta jaso zuten haren ilustrazioek. «Komikigintza politikoaren» sorreratzat hartzen da 2006a, eta marrazkien bidez errealitatearen beste argazki bat ematen hasi ziren gazte asko eta asko. Hala, gerrak eragindako ondorioen ekarpen anitz ditu egungo komikigintzak.
Testuinguru horretan sortu zen Samandal (arrabioa) aldizkaria. Arabieraz, ingelesez eta frantsezez egindako hiruhilabetekaria da, eta Libanoko komikigintzaren erreferentzia bilakatu da. Khuri izan zen sortzaileetako bat, eta editorea da gaur egun. «Lagun talde bat batu ginen gure komikiak publikatzeko aldizkari bat sortu nahian. 2007an atera genuen lehen zenbakia, eta ordutik geratu gabe dihardugu». Samandal abiarazi zuten bost sortzaileak diseinuaren eta arte ederren mundutik datoz, eta ez dute ezkutatzen herrialde arabiarretatik zein mundu zabaletik jaso duten eragina. «Horregatik, aldizkarian hainbat tokitako komikigileen lanak publikatzen ditugu, hasiberrienak zein esperientzia handikoenak. Edozeinek bidal dezake bere lana», nabarmendu du Khourik.
Postmodernismotik at geratzeko ahaleginik egin gabe, komikigile libanoarrak bi egiaren artean moldatzen dira. Khurik honela ikusten du: «Zergatik Samandal izena? Arrabioa uraren eta lurraren artean bizi den anfibioa da, eta gure filosofia ezin hobeki erakusten du, gu ere bi errealitateren artean bizi baikara: irudiak eta hitzak, gerra eta bakea, kontzientzia eta axolagabetasuna...».
Samandal osatzen duten hamaika kideek musu truk lan egiten dute. Hala, askatasuna da haien obsesioetako bat. Sexua, erlijioa, politika eta Libanoko gizartearen erraiak dira komikigileen intereseko gaiak. Kritika soziala ahaztu gabe, tokia dute gai surrealistek ere.
Beiruteko Unibertsitate Amerikarreko irakaslea da Jana Trabulsi diseinatzailea. Haren iritziz, Libanoko egitura sozial eta politiko «bitxiak» eragin handia du komikien mundua eraikitzerako unean: «Kontradikzioz beteriko herrialdea da, eta horrek izugarrizko aberastasuna eskaintzen digu gaien lanketan».
Iraultzen eragina
Frantzia, AEB Amerikako Estatu Batuak eta Japon izan dira Libanoko komikigintzaren erreferentzia. Frantziako kolonia izandakoa da, eta, hala, komikiarekiko «hurbiltasun historikoa» egon dela diote ilustratzaileek. Alta, belaunaldi berriak Made in Lebanon marka aldarrikatzen du bereziki. «Mundu arabiarrean, batez ere Egipton, loraldia du komikiak, eta Libanon ere azpiegitura bat sortu nahi dugu gure komikiak sustatzeko», nabarmendu du Trabulsik.
Udaberri arabiarrak ekarri duen kaleko artearen eta grafitigintzaren pizkundeak ere eragin handia du komikigintza libanoarrean. Hala, grafitilarien eta komikigileen baterako lanak ikus daitezke Beiruteko kaleetan. Gehienetan, protagonista Siria da. Axolagabetasun Kolektiboa sinatzen duen Siriako mapa bat ikus daiteke hiriburuko zenbait txokotan. Trabulsiren iritziz, Libanok «erantzukizun morala» du Siriarekin: «Bertan gertatzen ari denarekin estuki loturik sentitzen gara, ez bakarrik oso hurbil dugulako eta errefuxiatu pila bat jasotzen ditugulako. Beste herrialde batzuetan herri errebolta bat izan zela esan genezake. Siriakoa, berriz, gerra krudel bat da».
Nolanahi ere, Libanok badu zer hobetu komikigintzan, Khuriren ustez: «Akatsik handiena produkzio guztia Beiruten biltzeaizan da. Beste hirietako ilustratzaileak olatu honetatik at geratzen ari dira nolabait». Horregatik, hainbat ekintza antolatzen hasi dira Samandal-ekoak Libanoko beste eremu batzuetan, hala nola Palestinako iheslarien guneetan. Khurik argi dauka: «Komikiek errealitate berri bat sortzeko aukera ematen digute, baina ez diogu gure egiazkotasunari bizkarrik ematen».
Beirut, komikiaren sehaska berria
Irakinaldian dago komikigintza Libanon. Herrialdearen aldakortasuna bistaratzeari ekin diote gazteen arkatzek. 'Samandal' bihurtu da komikigintzaren erreferentzia nagusia, arabieraz, ingelesez eta frantsesez argitaratzen den hiruhilabetekaria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu