Bejart Ballet Lausanne konpainiako 30 dantzarik hiru piezaz osatutako dantza ikuskizuna eskainiko dute gaur eta bihar Donostiako Viktoria Eugenia antzokian, 20:00etan hasita: Ce que l'Amour me dit, Sonate à trois eta L'Oiseau de Feu. Heldu den asteartean, berriz, urriaren 19an, Aria eta Ce que l'Amour me dit koreografiak eskainiko ditu konpainia berak Miarritzeko Gare du Midi aretoan, 20:30ean. Maurice Bejartek (Marseilla, 1927-Lausana, Suitza, 2007) sortuak dira bi emanaldietako koreografia guztiak.
Bejart Ballet Lausanne konpainiak 23 urte darama Bejarten koreografiak mundu osoan zabaltzen, arrakasta handiz. Bejart hil zenez geroztik Gil Romanek zuzentzen du konpainia. Bejart maisuaren konfiantza osoa zuen Romanek, eta haren borondatea jarraituzhartu zuen konpainiaren zuzendaritza.
Gustav Mahlerren Hirugarren sinfonia-ko 3, 4 eta 6. mugimenduekin emateko sortutako koreografia da Ce que l'Amour me dit (Maitasunak esaten didana). Sonate à trois (Sonata hirurentzat) Bela Bartokek bi pianotarako eta perkusioarentzako sortutako sonatarekin ematekoa da. Igor Stravinskiren izenburu bereko musikarekin emateko sortua da L'Oiseau de Feu (Suzko txoria).
Bejart gozatzeko hiru aukera
Koreografo frantses zenaren konpainia Donostian ariko da gaur eta bihar, eta Miarritzen heldu den asteartean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu