Musika

Belako, Nakar, Benizze, Lysistrata eta Vincen Garcia EHZn izango dira

Festibala Irisarritik Arberatzera lekualdatuko da bere 28. aldian, baina eutsi egingo dio betiko ereduari. Hiru egunetarako bonuak salgai dira.

EHZ prentsaurrekoa
Nakar taldea dago EHZko oholtzan joko duten taldeen artean. ARRIGURI
Ainhoa Sarasola.
2024ko otsailaren 24a
11:30
Entzun

Aldaketa nabarmenekin, baina betiko bide beretik. Halaxe egingo dute 28. EHZ Euskal Herria Zuzenean festibala. Aurten jaialdiak Irisarritik Arberatzera (Nafarroa Beherea) egingo zuela iragarria zuten antolatzaileek, baita hastapenetatik landu duten ereduari eutsiko diotela ere. Orain, festibalean joko duten lehen taldeen izenak eman dituzte: Belako, Nakar, Benizze, Lysistrata eta Vincen Garcia zuzenean ariko dira, besteak beste. Ekainaren 28an, 29an eta 30ean izango da EHZ.

Bost urtez izan du Irisarri aterpe jaialdiak. Antolatzaileek iazko urrian azaldu zutenez, «hastapen baten zaporea zuen bukaera batekin» agurtu zuten herria, «beste hemen baten bila joateko». Arberatze da beste hemen hori, eta, aurrez jaialdia izan den beste udalerrietan egin bezala, Amikuze eskualdean ere «kultur dinamika hauspotzea» hartu dute helburutzat. Bertako eragileekin elkarlanean aritu nahi dute horretarako.

Halaber, adierazi dute Irisarriko molde berean antolatuko dutela egitaraua Arberatzen. Hala, egun osoan, herriko plazan askotariko kultur emanaldiak izango dira, urririk, hala nola zirkua, musika, haurren txokoa eta beste. Herriko eskolak, berriz, mintzaldiak, mahai inguruak eta tailerrak hartuko ditu. Eta arratsaldean, pentzean segituko dute kontzertuek, bi agertokitan banatuta. Gehitu dutenez, era guztietako estilo eta adierazpideak erakusteko eta sorkuntza berriei plaza eskaintzeko asmoz ari dira programazioa osatzen, urtero moduan.

Sarrerak salgai dira jada. Hiru egunetarako bonuak 40 euroko prezio berezian eskuratu ahalko dira martxoaren 31ra bitarte; ondotik, 50 euroan izango dira salgai, maiatzaren 4ra arte; eta data horretatik aurrera, 60 euroan. 

Ipar Euskal Herriko lau ertzetatik festibalera joateko autobusak izango dira, eta laguntzaileen izen ematea apirilean irekiko dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.