Iragan mendearen 70eko hamarraldian jaiotako euskaldunak ispilu aurrean jarriko ditu Le Petit Theatre de Pain eta Artedrama konpainien Errautsak antzerki lanak, azaroaren 1ean, estreinaldi egunean, Luhuson (Lapurdi). Igor Elortza eta Unai Iturriaga bertsolarien lankidetza izan dute bi konpainietako kideek obraren gidoia idazteko, eta Ander Lipus, Manex Fuchs, Ximun Fuchs, Miren Gaztañaga, Ainara Gurrutxaga eta Urko Redondo aktoreek egingo dute, Ximun Fuchsek zuzenduta.
Hodeiren heriotzarekin abiatzen da Errautsak. Urteetan elkarren berririk izan gabe egon ondotik, gaztaroko lagunak bilduko dira haren azken agurrean. Saminaren eta berriz elkartzearen ondoriozko emozioaren eraginez, garai bateko festa basatien antza hartuko du azken agurreko elkarraldi horrek, eta iraganeko eta oraingo egiak, gezurrak eta kontraesanak azaleratuko ditu.
«XX. mendeko hirurogeita hamargarren hamarkadan jaioak gara», idatzi dute Elorzak eta Iturriagak, obraren webgunean (www.errautsak.com). «Mundua aldatzear zela sinetsita zeudenengandik sortu ginen. Hautu gaitza, ordea, mundua aldatzea. Musikaz, borrokarako leloz, errepresioz, festaz eta orotariko drogaz inguratu gintuen gaztaroak. Oraindik orain, errautsotan noizbait surik izan zela sinestarazi nahi diegu gure buruei. Ba ote?».
Luhuson eman ondoren, Errautsak obraren beste 17 emanaldi egingo dituzte, Euskal Herriko beste 15 herri eta hiritan.
Belaunaldi bat islatuko du 'Errautsak' obrak
Azaroaren 1ean estreinatuko dute Artedramak eta Le Petit Theatre de Painek, Luhuson
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu