Munduko Blues Txapelketan bi kanporaketa izango dira, hilaren 30ean eta 31n. Bi horiek igaroz gero, otsailaren 1ean egingo den azkeneko kontzertu-finalean parte hartuko luke Belcebluesek. Txapelketan parte hartuko dute kontinente bakoitzean, beren herrialdean, irabazi duten taldeak. Euskal Herriaren kasuan, Hondarribiko Blues Elkarteak antolatu du kanporaketa.
Belceblues taldea 2005ean sortu zuten, Bergaran, Asier Elortzak (ahotsa eta baxua), Ibon Larrañagak (gitarra) eta Oihan Vegak (bateria), eta batik bat Euskal Herrian jo dute orain arte, nahiz eta Bartzelonan eta Zaragozan (Espainia) ere izan diren. Vegaren beste lan profesionalak direla eta, Gille Sanz bateria jotzaile madrildarrak ordezkatu du taldean. Orain arte, bi disko kaleratu ditu: Infer (2008) eta Diabulus in Musika (2012). Hirugarren diskoa prestatzen ari dira orain, eta DVD dokumental batek lagunduta kaleratuko dute.