Kalea eta ospea, biak ezagutu zituen Jean-Michel Basquiat artista estatubatuarrak (1960-1988). Kalean bertan hasi zen graffitiak margotzen, eta horiek arte galerietara eraman zituen ondoren. 20 urte eskas zituela ospea ezagutu zuen bere lanetan lantzen zituen hainbat gai medio: arrazakeria, politika edo gizartearen hipokresia. Estilo bereziarekin, gainera. Mezu poetiko, trazo azkar eta errepikakorrekin arreta bereganatu zuen. Arte galerietara egin zuen salto, eta Andy Warhol bezalako artistekin batera lan egitera iritsi zen. Kalean egindako zenbait lan, eta mihisetara eramandako ehundik gora bildu dituzte Guggenheim museoan azaroaren 1era arte jarrita egongo den Jean-Michel Basquiat: Bada garaia erakusketan.
Bada garaia jarri diote izena, "Basquiaten obra erakusteko garaia" delako, eta bere lana beste ikuspegi batetik aztertzeko unea ere badelako Dieter Buchhart komisarioaren esanetan. "Gaur egungo artista berri gehienek onartu eta goraipatzen dute bere lana, eta horregatik ere garrantzitsua da erakusketa hau". Horretarako, Basquiatek bere bizi artistiko laburrean izan zituen etapa ezberdinetako lanak bildu dituzte. Guztietan, hala ere, ikono herrikoiak tartekatzen dira: boxeolariak, baseballa eta komikietako hizkuntza. Al Diez adiskidearekin SAMO ezinenez (Same old shit, betiko kaka ingelesez) margotu zituen lanetik hasi, eta Andy Warholekin batera egin zituen lanetaraino. "Warhol kritikatua izan zen garaian, bere maskota zela esaten zuten. Baina Basquiatek lortu zuen Warholek berriz margotu zezan". Hain zuzen, mihise gainean margotzen zuen 60ko hamarkadako ikonoak, eta horren gainean bere interpretazioa egiten zuen Basquiatek. 10 urteko bizitza artistikoan 3.000 marrazki eta 1.000 koadro inguru ondu zituen New Yorkeko artistak, eta horietatik ehun inguru egongo dira Bilbon.