Lehiatu, ez da lehiatuko Urrezko Maskorra irabazteko, baina Ben Affleck aktore eta zuzendariak Donostiako 60. Zinemaldiaren sail ofizialaren barruan aurkeztuko du Argo, berak zuzendutako azkeneko filma. 1979ko Irango Iraultza Islamikoan gertaturiko benetako istorio bat kontatzen du, eta Affleck bera da aktore nagusia. Zinemaldiko zuzendaritzak jakinarazi duenez, John Goodman eta Alan Arkin filmeko aktoreekin batera etorriko da zuzendari estatubatuarra Donostiara.
Haren zuzendari ibilbideko hirugarren filma ondu ahal izateko—Gone Baby Gone (2007) eta The Town (2010) ere Affleckek zuzendutakoak dira—, denboran atzera egin du. 1979an Irango Iraultza Islamikoa piztu zenean, iraultzaileek AEBetako Teherengo enbaxadari eraso egin zioten, eta 52 estatubatuar hartu zituzten preso. Benetako gertaera horrek abiarazten du filma. Preso hartu zituztenetako seik ihes egitea lortu zuten, eta Kanadako enbaxadorearen etxean babes hartu.
Hain zuzen ere, sei pertsona horien bizipenak xehatzen ditu, batez ere, Argok-k. AEBetako CIA Inteligentzia Agentzia Zentralasei horiek aberriratzen ahaleginduko da, baina, noski, Irango agintariak konturatu gabe egin beharreko eginkizuna da. Horretarako, arrisku handiko plan sekretu bat antolatuko dute CIAko kideek. Toni Mendez agentea (Ben Affleck) arduratuko da plan hori diseinatzeaz. «Film batean bakarrik atera zitekeen ongi. Hain da sinetsezina plana», adierazi dute zinemaldiko antolatzaileek, ohar batean. Filmak 112 minutu irauten du, eta Chris Terriok idatzi du gidoia. Musika, berriz, Alexandre Desplatena da. Affleckek, George Clooney aktore eta zuzendariak eta Grant Heslovek ekotzi dute.
Hirugarren filma du Affleckek. Lehen biek harrera ona izan zuten. Gone Baby Gone (2007) filmagatik, esaterako, Amy Raid aktorea Oscar sarietarako hautagaia izan zen, bigarren mailako aktore onenaren mailan. The Town-ekin sari bererako hautagaia izan zen Jeremy Renner aktorea. 1997an egin zen ezagun Affleck, Matt Damon eta William Goldmanekin batera Good Will Hunting filmerako gidoia idatzi zuelako. Oscar saria irabazi zuten horregatik.
Ben Affleckek Donostiako Zinemaldiko sail ofizialean aurkeztuko du 'Argo'
Irango Iraultza Islamikoan 1979an gertaturiko benetako istorio bat da, eta Affleck da aktore nagusia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu