'Benda bilili!' filmak jaso du ikusleen saria Giza Eskubideen IX. Jaialdian

'Nostalgia de la luz' film luzeak jaso du Amnesty Internationalen saria, eta 'El metodo Julio' laburrak gazteena

Staff Benda Bilili musika taldeko kideak beraientzat propio diseinatutako trizikloetan mugitzen dira. ENRICO DAGNINO.
Jon Fernandez.
Donostia
2011ko apirilaren 16a
00:00
Entzun
Renaud Barret eta Florent de La Tullaye zinemagileek frantziarren Benda Bilili! filmak lortu du Donostiako Giza Eskubideen IX. Zinema Jaialdiko film luze onenari ikusleek emandako saria. Kinshasako Staff Benda Bilili musika taldearen istorioa kontatzen du filmak. Taldekide guztiek poliomielitisak eragindako elbarritasun fisikoren bat daukate, eta musikan aurkitu dute aurrera egiteko indarra. Datorren uztailaren 21ean, Donostiako Jazzaldian emango dute kontzertua.

Aurtengo zinemaldiarekin «pozik» geratu da Josemi Beltran Donostia Kulturako zinema arduraduna, «bai filmen kalitateagatik, bai publikoaren harreragatik». Ikusleen sariarekin batera, film labur onenari gazteek emandako saria eta film luze onenari Amnesty Internationalek emandako saria ere banatu zituzten atzoko bukaera ekitaldian. Jon Garaño donostiarraren El método Julio film laburrak jaso du lehena, 3.000 euroko saria. Caracasko Petare auzoan umeei idazten irakasteko Julio irakasbidea erabiltzen duen irakasle baten istorioa kontatzen du film laburrak. 18 eta 30 urte bitarteko nazioarteko 124 gaztek osatu dute epaimahaia, eta «edukiaren sentiberatasunagatik, pertsonaien naturaltasunagatik eta metrailadore muntaketagatik» saritu dute Garañoren lana.

Mer-Khamis gogoan

Bestalde, Amnesty Internationalen saria Patricio Guzman zinemagile txiletarraren Nostalgia de la luz film luzeak irabazi du, «ezaguna den gai bat tratatzeko modu bereziagatik». Atacamako basamortuan (Txile) senideen bila dabiltzan emakumeei buruzkoa da filma. «Memoriaren benetako arkeologia artikulatzea lortu du, giza balio bezala», Jon Izagirre Amnesty Internationaleko epaimahaiko kidearen ustez. Halaber, Michel Daeron zinemagile frantziarraren Chagos ou la mémoire des îles filmari aipamen berezia egin dio epaimahaiak, «Chagos uharteetatik kanporatzen ari direnen egoera argitara ateratzeagatik».

Dena dela, giza eskubideei buruzko jaialdi batean, sariak baino garrantzitsuagoak dira filmek lantzen dituzten gaien inguruan sortzen diren «eztabaida eta elkar ulertze espazioak», Beltranen ustez. Hortaz, jaialdiaren izaerari eutsiz, Juliano Mer-Khamis zinemagile israeldarraren Arna's Children filma (2004) emango dute maiatzaren 5ean, 20:00etan, Donostiako Antzoki Zaharrean. Israeldarra izan arren, palestinarren aldeko ekintzailea zen Mer-Khamis, eta joan den apirilaren 4an hil zuten, Jeningo errefuxiatuen kanpalekuan (Zisjordania) berak sortutako Askatasunaren Antzokira zihoanean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.