Gaur egun anonymous esatea ziber-aktibismoa egiten duen talde ospetsu bat aipatzea da. Kasualitatez-edo, izen bera aukeratu du Roland Emmerichek bere azken pelikularako. Gaiak ez du informatikarekin zerikusirik, ezta aldarrikapen ekintzekin ere. Oso bestelako kontu bat jorratzen dufilmak: idatzi al zituen William Shakespearek ospetsu egin duten lan horiek guztiak?
Idazlea literatura britainiarraren ikono klasiko nagusia da, baina haren biografia betidanik izan da polemika iturri. Misterio handia dago haren bizitzaren inguruan, eta horrek mota guztietako esamesak zabaltzen lagundu du. Horietako bat da bere egin du Anonymous-ek: jende askoren arabera, William Shakespearek ez zituen idatzi bereak direla esan ohi den liburuak eta antzezlanak, usurpatzaile hutsa izan zen.
Kontua ez da txantxetakoa, teoria hori babesten duen eskola oso bat dago atzean; horien artean oso kultur gizon-emakume esanguratsuak, hala nola Mark Twain, Sigmund Freud, Charles Dickens eta Orson Welles. Ideia hori defenditzen dutenen arabera, Shakespeare existitu zen, eta aktore lanetan nolabaiteko ospea izan zuen garai bateko Ingalaterran. Baina ez zuen sekula lerro bakar bat ere idatzi. Are gehiago, teoriaren defendatzaileek diotenez, oso litekeena da William Shakespeare benetako hori analfabetoa izatea.
Kondearen idazkiak
Nork idatzi zituen, orduan, derrigorrezko bihurtu diren literatur lan horiek guztiak? Horren inguruan ere, teoria ugari daude. Horietatik gehien zabaldu dena hartu du Roland Emmerichek: nonbait, Oxfordeko konde izandako Edward De Vere izeneko noble batek idatzi zituen Shakespearerenak direla esaten den lan guztiak.
Bere maila soziala zela eta, ezin zuen halakorik aitortu, eta Shakespeare aktorea erabili zuen bere lanen egiletza estaltzeko. Hark oso gogo onez hartu omen zuen rol hori. Hortik aurrerakoak historiaren lanbroak estali omen zuen.
Abiapuntu horretatik, luxuzko thriller sasihistoriko bat eraiki du Roland Emmerichek. Zuzendari aleman hori oso ezaguna da egin ohi dituen ekoizpen erraldoiengatik, normalean zientzia fikzioaren generokoak. Harenak dira, besteak beste, Independence Day, The Day After Tomorrow, Godzilla eta 2012. Horietan guztietan argi utzi du zinemagileak mundua suntsitzeko duen tema.
Oraingoan, berriz, historia ofizialak eraiki duena deuseztatu nahi izan du. Ingalaterrako Elisabet erreginaren garaian barneratuko da Anonymous; Shakespeareren eta Edward de Vereren bide paraleloen bitartez, urte haietan gertatzen ziren liskar eta konspirazioak ekarri nahi izan ditu zuzendari alemaniarrak. John Orloff gidoigilearen ideia bat izan zen istorioaren oinarria; hortik abiatuta, XVII. mendeko Londres nola irudikatu izan zen Emmerichen buruhauste nagusia. Hasiera batean, maketa handi bat egin nahi izan zuen. Azkenean, ohartu zen eraginkorrago eta merkeago geratuko zitzaiola ordenagailuak sortutako irudiez baliatzea.
Protagonista lanetan, gurean sobera ezagunak ez diren bi aktore eskarmentudun: William Shakespearena egiten, Rafe Spall; eta Edward de Vererena, Rhys Ifans. Horien ondoan, zinema britainiarreko aktore handienetako bat: Vanessa Redgrave.
William Shakespearek harreman estua izan du zinemarekin. Kontaezinak dira haren ustezko lanen gainean zinemarako moldaketak egin dituzten zuzendariak: Orson Welles, Roman Polanski, Laurence Olivier, Akira Kurosawa, Kenneth Branagh... Horretaz gain, idazlea bera hainbatetan bihurtu da gai zinematografiko. Azken urteotan, esate baterako, Oscar ugari jaso zituen Shakespeare in Love (John Madden, 1998) edota “William & Miguel— (Ines Paris, 2007), Shakespeareren eta Cervantesen arteko harremana jorratzen duen filma.
'ANONYMOUS'
Zuzendaria. Roland Emmerich.
Aktoreak. Rhys Ifans, Rafe Spall, Vanessa Redgrave, Derek Jacobi, Joely Richardson, David Thewlis, Xavier Samuel.
Herrialdea. AEB.
Urtea. 2011.
Iraupena. 130 minutu.
Estreinaldia: Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.
Zinema. Estreinaldiak
Benetako Shakespeareren bila
Idazleak ez zituela idatzi ospetsu egin duten literatur lanak defendatzen du Roland Emmerichen 'Anonymous' filmakXVII. mendeko Londres ordenagailu bidez irudikatu dute filmean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu