Hurbil baina hitz gutxiko agertu da, gaur arratsaldean, komunikabideen aurrean Benicio Del Toro aktorea (Puerto Rico, 1967). Gauean Zinemaldira dakarren filma aurkeztuko du Kursaalean, Escobar: Paradise Lost (Andrea Di Stefano), eta bere ibilbide osoari ematen dioten Donostia Saria jasoko du. Hain zuzen saria "ohore handia" dela beretzat esan du. "Lehen aldia da ibilbideagatik sari bat ematen didatela. Ez nuen inoiz imajinatu horrelako sari bat irabaziko nuenik".
Bere ibilbidean fikziozko pertsonaien nahiz benetakoen larruan jarri da, baina ez ditu ezberdindu bi lanak: "Berdintsua da. Lankide onak izatea da funtsezkoa". Orain Pablo Escobar Medellingo kartelaren buruaren rolean sartu da, eta hari buruz gehiago jakiteko balio izan diola azaldu du. "Herri bati itxaopen bat saldu zion. Politikari bilakatu zen unea funtsezkoa da. Escobar gutxi batzuentzat ona izan zen, baina askorentzat munstro bat da".
Hollywooden bere bidea egin duen arren, han lan egitea oso zaila da Del Tororen iritziz: "Bazterkeria asko dago. Memoria laburra behar da, edo krokodilo azala".