kultura

Benito Lertxundik jaso du Gipuzkoako Aldundiaren urrezko domina

Donostian egin dute ekitaldia. Diputazioaren urrezko plakak, berriz, Beroa harrera familien elkarteak eta frankismoa jasan zuten andrazkoek jaso dituzte.

Gipuzkoako Aldundiaren dominaren eta plaken banaketa ekitaldia. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS
Maite Alustiza.
2014ko ekainaren 12a
07:34
Entzun

Jende ugari elkartu da arratsaldean Gipuzkoako plazan. Ekitaldian, txalaparta doinuak izan dira Oreka TX taldearen eskutik, baita dantzarien saioa ere. Ondoren banatu ditu Martin Garitano ahaldun nagusiak domina eta plakak.

Urrezko dominarekin, Lertxundik euskal kulturari eta bereziki euskal kantagintzari egindako ekarpenari aitortza egin nahi izan dio diputazioak. Garitanok azaldu duenez, abeslariak "gitarra eta ahotsa erabili ditu Euskal Herria aldarrikatzeko". "Orioko bardoa Euskal Herriko bardoa da guretzat", gaineratu du.

Kantariak "kontzertuetan txaloak egiten dituztenei" eskaini die saria. Harentzat "plazera" da Nestor Basterretxea eta Mikel Laboaren "klubekoa" izatea. Basterretxeak iaz jaso zuen, eta Laboari 2008an eman zioten —ekitaldia egin aurretik zendu zen, eta hil ondoko omenaldi gisa jaso zuten senideek—.

Datorren urtean 50 urte beteko dira kantagintzan hasi zela, eta orain lan berri bat prestatzen ari da. Gipuzkoako Hitza-k apirilean egindako elkarrizketa, hemen.

Urrezko plakak

Beroa elkarteari eman dio diputazioak urrezko bi plaketako bat. Gipuzkoako harrera familiak batzen ditu elkarteak, eta babesgabe dauden umeei ematen dien babesa eskertu nahi izan du aldundiak. Aitor Peñagarikano presidenteak jaso du plaka. "Anima zaitezte harrera familia izatera", esan die ekitaldira bertaratu direnei.

Frankismo garaiko Ordena Publikoaren Auzitegiaren bortizkeria eta errepresioa jasan zuten emakumeak ere omendu dituzte. Amaia Aseginolazak hitz egin du guztien ordezkari: "Injustizia hura gogoratu dezagun, inoiz berriro ez gertatzeko". Omenaldi "gazi-gozoa" izan da haientzat.

Hona hemen egoera horretatik igaro ziren hiru emakume zaldibiarren testigantzak, GoiBerri-ren eskutik.

[YouTube]http://youtu.be/KC8DOi84Peg[/YouTube]

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.