Plazer bat izan duk, Benito! liburua aurkeztu dute gaur, Donostian, Pako Aristik eta Mikel Markezek; Benito Lertxundi (Orio, 1942) musikariari buruzko "biografia espirituala" da, haien esanetan. Musikaz ez ezik, arrauna, sexua, maitasuna, tarota, beldurra, sorkuntza, itsasoa, dirua edota heriotzaz hitz egin dute Lertxundirekin hainbat bazkalordutan-eta. 50 orduko grabazioa zuten, eta 264 orrialdetan apailatu dute.
Duela sei urte hasitako bazkari-afarietako solasaldien emaitza da, eta Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolatzen duten Tene Mujika bekaren bidez gauzatu dute proiektua. Liburua idazteko gaiak banatu zituzten, baina biek aitortu dute aurkezpenean: azkenean liburua egiteko prozesuan nahi dutena egin dute. Baina hor da pieza. "Ez da liburu amablea", esan du Aristik.
"Askatasun mentala" eta "begirada askea" antzeman dizkiote elkarrizketatuari, eta Lertxundik "buruko gimnasia" egiten erakutsi die. Izan ere, haren bizitzaren gakoa "gogoaren askatasuna" dela adierazi dute.
Pertsonajeak ez du ukitu emaitza, "esaldi batzuetako erredakzioa baino ez", egileen arabera.
Bazkarietan-eta Ibon Gaztañazpi kazetari eta arraunlaria, Eñaut Elorrieta musikaria eta Patziku Perurena idazlea izan dituzte lagun.
Liburuaren fitxa
- Izenburua.Plazer bat izan duk, Benito!
- Argitaletxea. Elkar.
- Orrialde kopurua. 264.
- Salneurria. 21 euro.
- Egileak: Pako Aristi (Urrestilla, 1963). Idazle, kazetari eta gidoigilea da, baita liburu askoren egilea ere. Mikel Markez (Errenteria, 1971). Kantari gisa da ezaguna, baina irrati esatari ere ibilia da.