Iragan ostiralean izendatu zuten Pablo Berastegi Donostia 2016 Kultur Hiriburutzako proiektuko zuzendari, eta gaur egin du aurreneko agerraldia. Proiektua "ilusionagarria" eta "zoragarria" iruditzen zaio, eta azaldu du egun dagoen proiektua gauzatzen lagunduko duela.
Berastegik "bat" egiten du proiektuaren ideia ugarirekin, eta horien artean aipatu du kultura elkarbizitzarako tresnatzat jotzea. Orain informazioa biltzen ari da, eta urritik aurrera ekingo dio zeregin berriari. Nolanahi ere, nabarmendu du orain arte egin den lana "ikusi dena baino handiagoa" dela. Itziar Nogeras aurreko zuzendariak "esku hartze politikoak" salatu zituela eta, Berastegik esan du ez duela espero halakorik gertatzea.
Donostiako alkate Juan Karlos Izagirrek Pablo Berastegiren izendapena defendatu du. Gogorarazi du aho batez onartu dutela patronatuko kide guztiek Berastegi izatea zuzendari, eta argudiatu du hark betetzen dituela Bruselak proiektuarentzat ezarritako irizpideak.
Izan ere, kritikak eragin ditu Berastegik euskaraz ez jakiteak. Gaur bertan, Hasier Arraiz Sortuko presidenteak esan du "akatsa" dela Donostia 2016ko zuzendaria euskal hiztuna ez izatea. Arraizen hitzez galdetuta, Berastegik adierazi du lan egingo duela iritzia alda dezan.
Aurtengo apirilean utzi zuen kargua Nogerasek, eta Xabi Payak, Enara Garciak eta Garbiñe Muñoak osatu dute behin-behineko zuzendaritza.