«Etengabe ari naiz ideia eta teknika berriekin esperimentatzen. Neure burua harritzen saiatzen naiz». Edozein sortzailek ez, edozein pertsonak esateko moduko baieztapena da, baldin eta bizitzari begirada bizizale bat egin nahi badio eta etekin apur bat atera. Baina Antoni Tapies (Bartzelona, 1923-2012) artista katalanarena da esaldia, adituen ustez XX. mendeko margolari apartenetako batena. Aurten zendu da, neguaren muinean, otsailaren 6an. Artista hil eta gutxira, udaberria loretan denean, berriz, haren lanetako batzuk Donostiako bi kultur etxetan ikusi ahalko diragaurtik aurrera. Erakusketa osoak Antoni Tapies. Obra grafikoa izenburua du, eta hirugarren zati bat ere izango du, uztailaren 2tik 28ra bitartean sortzailearen idazkeraren inguruko erakusketa egongo baita zabalik Ernest Lluch kultur etxean.
Tapiesen obra grafikoa eta haren pintura eta eskulturak «antzekoak» dira, Antonella Montinaro erakusketaren komisarioaren hitzetan, «izaera eta garapenari dagokionez, ikuspuntu artistikoa, funtsean, berbera baita». Okendo kultur etxean, Tapiesek 70eko hamarkadatik (Mes amis da obrarik zaharrena, 1969koa) 90eko amaiera arte egindako lan grafikoetako batzuk agertzen dira, eta orotariko teknikak, formak eta neurriak erabiltzen ditu. «Teknika eta material berritzaileak oso erakargarriak ziren Tapiesentzat. Ugaritasuna, grabatuaren ezaugarri tradizionala den heinean, Tapiesek ere bere alde erabiliizan zuen. Bere teknikara bereziki egokitzen ziren estiloak hautatu zituen, eta merkataritza sareek eskaintzen dituzten abantailez baliatu zen».
Grabatzeko teknika batzuk aro garaikidean aldizka garatzen joan badira ere, «Tapiesek beti litografia eta akuafortea landu eta teknika gehigarritan sakondu zuen», Montinarok zehaztu duenez. «Collagraph, karborunduma, flokatua eta collage tradizionalaren teknikak nahastuta, askotan lauak izan ohi diren azaleren gainean erliebe eskultorikoa eraikitzen du, eta ukimen zentzu nabaria eskaintzen dio, bere pintura lanekin bat etorri eta hatz mamietara nahiz begietara zuzentzen da. Bere pinturetan, sarritan, zementuzkoak diruditen azaleren gainean estanpatzen ditu objektuak, eta horien existentzia jasota uzten du».
Tapiesek erliebe moduko bat ematen die bere lanetako askori, eta, ikusmenarekin ez ezik, ukimenarekin ere gozatzeko gonbita eginez. Okendoko bilduman 24 obra ikus daitezke, Tapiesi berari buruzko ikus-entzunezko dokumental batekin batera. Litografiak daude (1986ko Messiaen, 1983ko Lettre edota 1987ko Oval gris koloretakoa, esaterako); akuaforteak ere badira (1988ko Forma blanca); akuaforte eta karborundum nahasketak (1994ko Coberts 3); xilografiak (1995eko Nocturn); grabatu eta serigrafia konbinazioak (1995eko Negre sobre gris) eta baita akuaforte, serigrafia eta karborundumenak ere (1995eko Jeroglifics).
Eguneroko objektuak
Objektuek garrantzi apartekoa izan dute Tapiesen sorkuntzan. 40ko hamarkadaren amaieran eta 50eko hamarkadaren hasieran, bere eguneroko inguruneko gauzak irudikatzen hasi zen. Elementu horiek 50eko hamarkadan noizean behin erabili zituen, eta 60ko amaieran eta 70eko hasieran funtsezko kezka bihurtu ziren. Tapiesen errepertorioaren parte ziren guraizeak, janzteko arropak, etxeko tresnak, altzariak eta baita soka zatiak ere. Aulkiak, era guztietakoak (besaulkiak, sofak, aulki altuak...) elementu garrantzitsuak dira Tapiesentzat. «Tapiesen obran, eguneroko tresna horiek beren izaera dute, baina bereizketa berezi bat ematen die. Hala ere, horietan ez dugu janzteko arropetan eta aulkietan aurki dezakegun dimentsio antropomorfikoa aurkituko». Objektuekin egindako collageak ere aplikatu zituen, eta haien inguruak grabatu ere bai.
Eguneroko gauza horiekin zerikusia duten obra gutxi batzuk Aieteko kultur etxean ikusi ahalko dira gaurtik uztailaren 4ra bitartean.
Bere burua harrituz
Antoni Tapies margolari katalanaren lan grafikoz osaturiko bilduma ikus daiteke Donostiako Okendo kultur etxeanSortzaileak 70eko hamarkadatik 90era arte egindako obrek osatzen dute bilduma
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu