Literatura

Bere osasun arazoak poemagai bihurtu ditu Joan Mari Irigoienek

Disartriaren eta depresioaren ondorioz bizi izandakoak ditu oinarri Bi urtetako kronika fakultatiboak (2012-2014) liburuak. 

Joan Mari Irigoien, iazko ekainean, Berriari emandako elkarrizketan. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS
Juan Luis Zabala
2015eko martxoaren 11
16:56
Entzun

Azken urteetan izan dituen osasun arazoak —disartria eta depresioa— poemak egiteko gai bihurtu ditu Joan Mari Irigoienek (Altza, Donostia, 1948) Bi urtetako kronika fakultatiboa (2012-2014) liburuan (Elkar). Gaur aurkeztu du liburua Irigoienek, Anjel Lertxundi idazlea eta Xabier Mendiguren Elizegi Elkar argitaletxeko editorea lagun zituela. Disartriaren ondorioz, hizketarako motelduta dago Irigoien, eta ia-ia ez du hitz egin aurkezpenean, baina idazten jarraitzeko ez du inongo arazorik.

Aitortza liburu bat da Irigoienena, Anjel Letxundik azaldu duenez, eta gaixoak —Irigoienek edo haren ni poetikoak— “zergatik niri?” galderatik “zergatik ez niri?” galderaraino bizi duen prozesua kontatzen du. Liburuaren hasieran umoreak eta txisteek presentzia dute, baina gero desagertu egiten dira tarte zabal batean, harik eta liburuaren amaieran bilobaren eskutik berriro agertzen diren arte. Liburuaren amaieran “beste aldarte batean” sumatzen da gaixoa, Lertxundik dioenez, zulotik irten berria bezala. 

Eleberrigintzan da batez ere ezaguna Irigoien, baina poesiagintza ere ez du luzaz utzi alde batera. Seigarren poema liburua du Bi urtetako kronika fakultatiboa (2012-2014). Aurrekoak honako hauek dira: Hutsetik esperantzara (Gipuzkoako Aurrezki Kutxa, 1975), Denborak ez zuen nora (Erein, 1991), Hautsa eta maitemina (Elkar, 1998), Letra txikiaz bada ere (Elkar, 2002) eta Biziminaren sonetoak (Elkar, 2004).

Arma, tiro, bammm! (Elkar) eleberria plazaratu zuen 2013ko abenduan Irigoienek. Hura abiapuntu harturik, elkarrizketa luzea eskaini zion BERRIAri iazko ekainean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.