Beren garaiaz kanpokoak

Hamabost urteko etenaren ondoren eta taldekideen arteko haserreak nonbait gaindituta, Violent Femmesek disko berria argitaratuko du martxoan.

Brian Viglione, Gordon Gano eta Brian Ritchie: Violent Femmes 2016an. BERRIA.
mikel lizarralde
2016ko otsailaren 21a
00:00
Entzun
Kasualitatea izan zein ez, 1980ko hamarkadaren hasieran rock-and-rollaren sustraietara itzuli eta rock amerikar berriaren mugimendua bultzatu zuten artista ugari bueltan dira azkeneko urteetan. Steve Wynn The Dream Syndicate talde ezinbestekoaren buruak ibilbide sendoa egin du azkeneko 30 urteetan, baina haren itzalean indarra hartu zuten beste talde eta bakarlari batzuk ere albiste iturri dira azkeneko hilabeteetan. The Long Ryders eta Green On Red taldearen gidaria izan zena, Dan Stuart, Basauriko (Bizkaia) MAZ jaialdian izango dira apirilaren 29an, esaterako. Eta olde hartan guztian sailkatzen zailena zen taldeak, heterodoxo eta neurri handi batean askeenak, Violent Femmesek, 15 urte pasako eten diskografikoa apurtuko du martxoaren 4an. Egun horretarako iragarri dute Gordon Ganok (ahotsa eta gitarra), Brian Ritchiek (baxua) eta Brian Viglionek (bateria) Violent Femmesen bederatzigarren diskoaren argitalpena, We Can Do Anything izenburu esanguratsukoa(Edozer egin dezakegu).

Hamabost urte joan dira Freak Magnet azkeneko diskoa (2000) grabatu zutenetik, eta bitartean gorabehera ugari. Baita taldekideen arteko haserreak ere, nahiz eta horiek ahaztu nahi izan dituzten proiektu komuna aurrera atera nahi izan duten guztietan. Hala, 2007an iskanbila handia izan zen Ritchie eta Ganoren artean kantuen egile eskubideak zirela eta. Kantari eta gitarrista izan da, historikoki, Violent Femmesen kantuen egilea, eta urte hartan Wendy's hanburger etxeari baimena eman zion Blister in the Sun taldearen klasikoetan klasikoena erabiltzeko. Horrek sutu egin zuen Ritchie: «Ez Gordonek ez nik ez dugu Wendy'sen zaborra jaten. Ez nago ados janari korporatiboarekin; ez sukaldaritzan, baina ezta politikan, osasunean, ekonomian eta ingurumenean ere». Gaia auzitara ere iritsi zen, eta askok jo zuten taldea hautsitzat, baina hurrengo urtean Gnarls Barkleyren Crazy hit-aren bertsio bat kaleratu zuten elkarrekin, Danger Mousek eta Cee Lo Greenek aurretik Violent Femmesen Gone Daddy Gone grabatu zutela-eta esker emate gisa uler zitekeen keinu bat eginez. Baina kito: 2009an, taldekideek jakinarazi zuten Violent Femmes amaitua zela.

Garaiz kanpoko soinua

Ez zen hori izan hirukotea desegin zen lehendabiziko aldia. Violent Femmes (1983) eta Hallowed Ground (1984) diskoekin taldearen soinu bereizgarria definitu ostean —folkari, rock-and-rollari eta punkari modu akustikoekin heltzen ziena, countryari muzin egin gabe—, The Blind Leading The Naked lanak (1986) soinu mainstream-agoa ekarri zuen—Talking Headseko Jerry Harrisonek ekoitzia zegoen—, nahiz etaViolent Femmesen nortasun zeinuak ere gordetzen zituen. «Gure musika denboraz kanpo egoteko diseinatua dago», adierazi zuen orain dela urte pare bat Ritchiek, taldea Gasteizko Azkena Rock jaialdian parte hartzera etorri zenean: «Lehenengo diskoa grabatu genuenean, nahita baztertu genituen garai jakin batean kokatuko zuketen ekoizpen tresnak. Izan zitekeen, lasai asko, 50eko, 60ko, 80ko hamarkadetan edota etorkizunean grabatutako disko bat. Orain etorkizun horretan gaude, eta jendeari oraindik ere gustatzen zaio soinu hori; beraz, horrek esan nahi du ondo egin genuela».

Hala ere, hirugarren diskoa grabatu eta berehala etorriko zen lehenengo etena. Ritchiek gerora ale ugari eman dituen bakarkako ibilbidea hasi zuen garai hartan, eta Ganok, berriz, Mercey Seat gospel-punk proiektua abiatu zuen. 80ko hamarkada hasierako eztanda atzean utzita, beste doinu eta joera batzuk hasiak ziren nabarmentzen rock alternatiboaren eremuan, eta bazirudien Violent Femmesen garaia igarota zegoela ordurako. «Gordonen neska-lagunak nahi zuen hark taldea uztea berarekin talde bat egiteko, baina istorio hark huts egin zuen, eta Gordonek taldea berregitea erabaki zuen». Ritchie eta Victor de Lorenzo bateria jotzailea beren proiektuekin ari ziren, «pozik», Ritchiek berak azaldu duenez, baina artean Violent Femmesekin «musika ona» egiteko moduan zeudela pentsatzen zuten, eta laster elkartuko ziren berriro ere. 90eko hamarkadaren erdialdera arte hainbat disko kaleratzeaz gain (3, Why Do Birds Sing?, Rock!!!), batik bat AEBetan arrakastatsuak izango ziren zenbait kantu egin zituzten; besteak beste, American Music ereserki partikularra.

Violent Femmesek 30 urte baino gehiago egin ditu, gorabehera horiekin guztiekin, eta estilo oso bereizgarria lortu izana du lorpen handienetako bat. Betiere, amerikar musika deitzen den tradizio horren barruan kokatuta: «Horren parte gara. Folka, bluesa, hasierako jazza, rockabillya... baina baita punka eta inprobisazioa ere... Oso musika sinple eta zuzena da, eta pentsatzen dugu edozein lekutako eta adinetako jendearentzat jo dezakegula».

Joan den urtean Love Love Love Love Love kantuarekin itzuli zen hirukotea, eta, aurrerapen horren ondoren, bi aste barru kaleratuko du We Can Do Anything; taldekideek berek azaldu dutenez, urteetan pilatutako kantuz osatutako diskoa izango dena. Dagoeneko entzungai dago Memory; inor harrituko ez badu ere, taldearen kantutegi klasikoan lasai sar litekeen pieza azkar eta zuzena. Eraginkorra eta bizia. Ganok berak azaldu duenez, orain dela urte batzuk grabatu zuten maketa batean, «eta ahaztu» egin zuten. «Baina hasi ginen artxiboetan arakatzen, eta han zegoen, berriro grabatu eta argitaratzeko prest». Diskoak hamar kantu izango ditu, horietako asko aspaldi idatzitakoak, eta baita bertsio bat ere, Cynthia Gayneau folk artista eta Ganoren arrebak idatzitakoa: What You Really Mean. Diskoa iazko udan grabatu zuten, biran zebiltzan bitartean, eta Jeff Hamilton taldearen ohiko kolaboratzaileak ekoitzi du.

Bi aldiz izan da Violent Femmes Azkena Rock jaialdian, Gasteizen, 2004an eta 2014an, eta 2006an ere bisitatu zuten taldekideek Euskal Herria. Orduko hartan, Bilboko Santana 27 aretoan aritu ziren Wintercase jaialdiaren barruan. Disko berria aurkezteko AEBetan bira egingo dutela iragarri dute, baina Europan noiz egingo duten ez dute zehaztu oraindik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.