Arrate Egaña. Antzerki lehiaketaren irabazlea

«Berez, teknologia berriak ez dira arriskutsuak»

gorka erostarbe leunda
2012ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Nobela bat (Kixmi elurpean, 2005) eta haur eta gaztentzako beste lau narrazio ditu plazaratuak, orain artean, Arrate Egañak (Errenteria, 1963). Antzerkiarekin saiatu, eta sari bat irabazi berri du.

Nobela bat eta haur eta gazte literaturako hainbat lan argitaratuak zenituen lehendik. Orain, antzerkia; zergatik?

Aldatzea atsegina da, eta literaturak aukera hori eskaintzen du generoen bitartez: gai desberdinek, zenbaitetan, euskarri desberdinak eskatzen dituzte; beste zenbaitetan, betiko gaiak ñabardura desberdinez kutsa ditzakezu genero desberdinen bidez. Gainera, antzerkia biziki interesatzen zait, zinema eta telesail batzuk bezala.

Komunikazio tresna berrien arriskuez diharduzu sariutako lanean. Teknologia berrien arriskuek arduratzen zaituzte, batez ere?

Berez, teknologia berriak ez dira arriskutsuak, dagoeneko ezin dugu horiek gabe bizi; aldiz, pertsonok zelan erabiltzen ditugun, horrek bilaka ditzake onuragarri edo ikaragarri. Zakurrak ere onak dira; jaiotzez, behintzat.

Narraziogintzan Mariasun Landaren eragina duzula onartu izan duzu. Eta antzerkian?

Idazten diharduzunean, irakurtzen ari zarenak eragina izaten du, eta buruko biltegian gorde dezakezunak. Testu hau idazten ari nintzenean, irakurri berriak nituen Literatura Unibertsala bildumako Tartufo eta Zekena, eta Emakume abeslari burusoila. Euskal autore batzuk ere sakonki ditut jorratuak, eta tamala da agertokietara hain nekez iristea. Horrez gain, gustuko dut Yasmina Rezaren estiloa, baita Novarinarena ere.

Zergatik Egia izenburua?

Egia kontzeptuaren gaineko hausnarketa baita. Terapeuta batek paziente batzuen egia plazaratzea erabakitzen du, haien konfiantza traizionatuz, kontu itsusi samarrak agerian utzirik... Liburua ez da gezurraren apologia bat, baina kontatzen du desegokia izan dakigukeela egia gorria plazaratzea, gure izaeraren edo egoeraren erruz; mingarriegia.

Antzerki gutxi idazten da gurean. Zergatik?

Antzerki gutxi ikusten dugulako, eta, euskaraz, are gutxiago; antzezlanaren berezko helburua taularatzea izaten da, eta, arlo horretan, behar-beharrezkoa da bultzada handi bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.