Berlin, urrezko zinema puska batzuk

Tarteka baino ez du dir-dir egin zinemak Berlinalen, baina indar handiz. Bela Tarren 'A Torinoi Lo', Farhadiren 'Jodaeiye Nader Az Simin', Wendersen 'Pina' eta Herzogen 'Cave of Forgotten Dreams' zinema puskek argitu dute zeru lanbrotsua.

begona del teso
Berlin
2011ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
Susan Sontagen esanetan, Hungariako Bela Tarr da egungo zinemaren salbatzaileetako bat. Tarkovski, Cassavetes eta Fassbinder bihotz, burmuin eta begietan zituelarik The Man from London burutu zuen egilearenirudiek ez dute parekorik munduko inongo pantaila, kamera edo proiektagailutan. Goitik behera, behetik gorantz, izkina batetik plaza batera eta plaza horretatik infernurantz doazela dirudite. Ikuslea sorgintzen dute. Sorgindu, harritu, kezkatu, probokatu, harrapatu… Berak dioenez, Epaimahaiaren saria jaso zuen A Torinoi Lo egingo duen azken filma da. Litekeena da, Bela ez baita inoren, ezeren aurrean makurtzen den sortzailea. Film horren bila hasten bazarete webean, ezetz aurkitu. Agertuko zaizkizue Eastwooden Gran Torino-ren irudiak, baina ez Tarren filmarenak. Ez baita gizon erraza aurkitzen, bilatzen, maitatzen. Eta kasik lortu ezina haren zinema dendetan.

Hala ere, web orrialdeetan existitzen ez den film horrek amets eta amesgaiztoko leize batera botatzen zaitu. Irudi horien aurrean zinema jaio berria dela pentsatzen duzu, sinesten duzu. Garunean, larruazalean eta erraietan.

Kasik sari guztiak bereganatu zituen Asghar Farhadiren Jodaeive Nader Az Simin bestelako kontua da. Zeharo bestelakoa. Gaur egungo, ia biharko zinema dugu. Biharko zinema Irangoa. Modernoa eta bere buruari akaso erantzunik izango ez duten galderak egiten dizkiona. Galderak zertaz? Norberaren erantzukizunaz. Erantzukizun morala,erantzukizuna gizartearekiko, familiarekiko, egiarekiko. Kamera urduri eta jakitun bat arma gisa erabiliz, Farhadik zinema bete-betea osatzen du Irango sistemaren amorrutik dotore, salbu eta moralki irabazle atereaz.

Aspaldian lanean, arrakastaz askotan, porrotez porrot hainbestetan, dihardute beste bi maisuk erakutsi ziguten Berlinen hiru dimentsio famatu eta ditxoso horiek lortuko dutela inoiz behar dutenlengoaia propioa. Wim Wendersek izugarrizko omenaldia egiten dio Pina Bausch dantza sortzaileari Pina lan mardulean.

Aguirre, der Zorn Gottes, Fitzcarraldo eta Bad Lieutenant infernuko lanak sortu zituen deabruak, hots, Werner Herzogek, Cave of Forgotten Dreams horretan Chauvet leizeetan aurkituriko historiaurreko pinturei buruzko dokumental didaktikoa soil-soilik egiten du, askoren aburuz. Batzuen ustez, ordea, lortu duena askoz handiagoa da; esandakoa: 3 dimentsioei oparitu dieaurrerantzean beharrekoa izango dutenhizkera irudizkoa.

Lau izenburu horien aurrean Berlinalen ikusi genuen kasik guztiak belaunikatu behar izan zuen. Isabel Coixeten Escuchando al juez Garzón barne. Isabelek ez bide dakiheroirik handienak, santuetan santuenak ere, bere alde ilunak dituela. Eta iluntasun horrek, orban horiek egiten dutela santuasantuago, heroia heroi handiagoa…

Joandako garaietan, gutako askok zinema mundua aldatzeko gaia zela uste izan genuen, inozo. Orain ez dugu horrelakorik hain ozenki idazten.Badaezpada ere. Badakigu, ordea, munduak zinemaldi baten programazioa alda dezakeela. Txarrerako askotan: dakizuenez, Panahi zuzendari Irangoak epaimahaian izan behar zuen, baina bertako agintariekgalarazi zioten Berlinerako bidaia. Onerako hainbestetan. Forum izeneko sailean (denetan irekiena, denetan basatiena, sorkuntzaren eremu guztietara zabaltzen dena) derrepentean programazioa aldrebestu zen, Egiptori buruzko emanaldi oparoa egiteko aukera baitzen.

Arsenal areto paregabera joan ginen hamaika lagun Traces of Change in Egypt saiora. Han ikusi genuenak urrea balio zuen. Laburren sorta ederra (On a Monday, Ein Shams, Hawi) gehi film batzuentrailerrak (Heliopolis, Microphone, The Last Days of the City…). Zeluloide horrek guztiak Tahrir plazan gertatutakoa ulertzeko tresnak eman zizkigun. Iraultza aurreko filmak izan arren, hor zegoena abisua, dolua, mina, bizirik irauteko grina zen.

Egipto pantailan

Ulertu genuen, hots, elurpean egungo Egipto. Eta duela gutxikoa. Konprenitu genuen agintariek jakin nahi izan ez zutena eta aurreikusi genuen Egiptoko jendeak ez duela amorerik emango ere. Hori guztia, egileek bidalitako bideo eskutitzen artean.

Lagun izan genuen bidaian Viola Shafik zinema irakasle, historiagile eta dokumentalgilea. Une batean, betikoa: europar emakume batek bere burua eskaini zuen dirua lortzeko Egiptoko sortzaileek filmak egin ditzaten. Violak ederki asko eta dotorezia finaz erantzun zion mundukoekoizle guztiak prest direla Egiptori buruzko filmak finantzatzeko, baina autoreek nahiago dutela sakon hausnartu zer, nola, zerekin, zertarako kontatu nahi duten. Dena dago filmatua. Poltsikoko telefonoz, ezkutuko kamerez, baina Egiptok korrika eginiko film traketsak baino gehiago merezi du.

Generation zinemaldira joan ginenok ere urrearen pareko filmak eta giroa dastatu genituen. Haur eta gazteei eskainitakoa da, baina ez haurrentzako zinemaldi suabe horietakoa. Bertan dena zegoen: amodioa, arrazakeria, sexua, heriotza, bortizkeria, politika… Eta gazteek horren guztiaren gainean egiten zituzten galderak puntadunak ziren, arriskutsuak, ederrak…
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.