AECL Espainako Literatur Kritikarien Elkarteko kideek osatzen dute sariketako epaimahaia, eta iaz argitaratutako liburuen artean egiten dute aukeraketa. Aurtengo sariei dagozkien erabakiak gaur eguerdian adostu eta jakinarazi dituzte, Logroñon (Espainia).
Joan den abendu hasieran kaleratu zuen liburua Atxagak (Asteasu, Gipuzkoa, 1951), eta horretan orain urte batzuk Renon (Nevada, AEB) egin zuen ia urtebeteko egonaldiko inpresioak bildu zituen, kronika, nobela eta biografia elkartuta. Bosgarren aldiz irabazi du saria. Aurrez, Bi anai (1985), Obabakoak (1988), Gizona bere bakardadean (1993) eta Soinujolearen semea (2003) aukeratu zituen epaimahaiak.
Artze (Usurbil, Gipuzkoa, 1939) azkeneko 26 urteotan idatzitako poemak argitaratzen hasi da, eta lehen bi bildumak iazko azaroan plazaratu zituen. Azkeneko mende laurdenean poema ugari idatzi ditu, eta, haren esanetan, azken urteetan buruhauste gehiago izan ditu idatzitakoak sailkatu eta elkar lotzen berriak idazten baino. Bere kalkuluen arabera, sei liburutan banatuta argitaratuko ditu guztiak.
Azken urteotan, ondokoak izan dira irabazleak bi alorretan: 2010ean, Fermin Etxegoienen Autokarabana narratiban, eta Juanra Madariagaren Eroriaren logika poesian; 2011n, Arantxa Urretabizkaiaren 3 Mariak narratiban, eta Miren Agur Meaberen Bitsa eskuetan poesian; 2012an, Harkaitz Canoren Twist narratiban eta Aritz Gorrotxategiren Hariaz beste poesian; eta, iaz, Ramon Saizarbitoriaren Martutene narratiban, eta Rikardo Arregi Diaz de Herediaren Bitan esanbeharra poesian.
Gaztelerazkoan, Rafael Chirbesen En la orilla saritu dute narratiban, eta Antonio Hernandezen Nueva York después de muerto poesian. Katalanezkoan, Pep Collsen Dos taüts negres i dos de blancs nobela eta Carles Duarteren Alba del vespre poesia obra hautatu dituzte, eta galegoz, Anxos Sumairen A lúa da colleita eleberria, eta Berta Davilaren Raíz da fenda poemategia.
Sariketa honetako irabazleei ez zaie diruririk ematen.