Bernstein, Donostian

Donostia Musikaren eskutik, 'Trouble in Tahiti' izeneko obra taularatuko dute bihar eta etzi Viktoria Eugenia antzokian. Leonard Bernsteinen musika eta hitzak ditu oinarri operak

Leonard Bernstein zuzendaria, Amsterdamgo Concertgebouw orkestrarekin entseatzen, 1987an. BART MOLENDIJK / ANEFO.
Jone Bastida Alzuru.
2023ko azaroaren 16a
00:00
Entzun
Donostia Musikak ekoitzita, 1952an estreinatu zuten Leonard Bernsteinen Trouble in Tahiti opera taularatuko dute bihar eta etzi Donostiako Viktoria Eugenia antzokian. Bernsteinen musika eta hitzak ditu oinarri obrak, eta zazpi eszenaz osatuta dago; 45 minutu eskaseko iraupena du.

AEBetako auzo aberats batean dago girotuta istorioa, eta bikote baten arteko desengainua irudikatzen du; Dinahk bere senar Samekiko duena, hain zuzen, familiarekiko duen interes falta dela eta. Carmen Artaza mezzosoprano donostiarrak eta Josep-Ramon Olive baritono katalanak interpretatuko dituzte bi protagonistak. Horiez gain, alboan izango dituzte Estibalitz Arroyo, Aitor Garitano, Juan Laboreria, Arantza Ezenarro, Paula Iragorri eta Julia Blasco abeslariak, baita Musikeneko orkestra ere. Jesus Etxeberria izango da musika zuzendaria, eta Guillermo Amaia eszenarena. «Taularatze oso zaindua izango da», Donostia Musikaren arabera.

Atariko berezi bat ere izango du lanak. Ordu erdiko hitzaurrea prestatu dute Bernstein artista eta Trouble in Tahiti obraren sorkuntza ezagutzeko, Iñaki Salvador piano joleak gidatuta; hura arituko da, hain zuzen, pianoa jotzen. Gainera, Gonzalo Tejada kontrabaxuan izango da, Miguel Parrondo klarinetean, eta Eneko Arbea baterian. Iñigo Gastesik egingo ditu narratzaile lanak, eta Arantza Ezenarrok (sopranoa), Julia Blascok (sopranoa), Paula Iragorrik (mezzo-sopranoa) eta Hodei Yañezek (baritonoa) jarriko dute ahotsa.

Hainbat melodia ezagun interpretatuko dituzte: Neverland (Berstein), Can't Help Lovin' Dat Man (Jerome Kern), New York New York (Bernstein), Summertime (George Gershwin), I am Easily Assimilated (Bernstein), I Feel Pretty (Bernstein) eta A Real Slow Drag (Scott Joplin). Sarrerak salgai daude dagoeneko, 20 eta 45 euro bitarteko prezioarekin.

Soslai poliedrikoa

Lawrencen (Massachusetts, AEB) jaio zen Bernstein, 1918an, baina New York hiriarekin lotura estua izan zuen beti. Hantxe hil zen, 1990ean. Garai hartako New Yorkeko komunitate artistikoaren parte ere izan zen, Aaron Copland, Normal Mailer, Mark Rothko eta Tennessee Williamsekin batera, besteak beste.

Ospe handia lortu zuen Bernsteinek, ezohiko ibilbidea egin baitzuen: konpositorea zen, pianista, orkestra zuzendaria, hainbat borrokatako ikonoa eta telebista aurkezlea —ikusle kopuru izugarri handiekin, gainera—. Tsarraren Errusiatik ihesi joandako familia batean sortu zen, eta hebrear kultura garrantzitsua izan zen bere bizitzan. 1939an graduatu zen Harvardeko unibertsitatean, zuzendaritza eta orkestrazioa ikasita.

Pianista iaioa zen, eta bakarlari ibilbide oparoa izan zezakeen aurretik, baina diziplina guztiak landu nahi izan zituen. Lan asko konposatu zituen hasierako urteetan, orkestra zuzendaritzari hainbeste denbora eskaini aurretik. Haietan nabari daiteke bere estilo eta eragin nahasketa: Europako musika abstraktua, sustrai hebrearrak, eta genero bereziki estatubatuar bat, musikala, iraultzeko nahia. West Side Story musikalarekin egundoko arrakasta lortu zuen 1957an, partitura arriskatu batekin, gainera, generoko gainontzeko lanekin alderatuta.

Bernsteinek beste orkestra zuzendari batekin lehian pasatu zuen bizitza osoa: Herbert von Karajanekin, hain zuzen, XX. mendeko beste zuzendari izarrarekin. Musika zuzentzeko bi ereduren arteko talka irudikatzen zuten, pasioa kontenplazioaren aurrean, baina Atlantikoaren alde banatako lidergoa ere jokoan zegoen haien artean.

Dibulgazio lan handia egin zuen zuzendariak telebistan, Omnibus eta Young People's Concerts saioetan, batez ere, 50eko hamarkadatik 70ekora arte. New Yorkeko Filarmonikoko buruak musikaren munduko sekretu guztiak azaldu zizkien ikusleei: gai teknikoak —nola zuzendu orkestra bat, zer den sonata bat—, konpositore ezagunen inguruko disertazioak —Beethoven, Stravisnky—, eta pop musikako erreferentziak. Komunikatzaile iaioa zen, eta musika klasikora hurbilarazi zituen telebista ikusleak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.