Musika

Berrehun gazte inguruk hartu dute parte EGOren entzunaldi birtualetan

16 eta 27 urte bitarteko 193 gaztek eman dute izena Euskal Herriko Gazte Orkestrako 24 titular postuak betetzeko

Euskal Herriko Gazte Orkestrako kideak, entsegu batean. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
Berria
2020ko maiatzaren 11
15:42
Entzun

16 eta 27 urte bitarteko 193 gaztek eman dute izena Euskal Herriko Gazte Orkestrako (EGO) 24 titular postuak betetzeko. Hasieran, entzunaldiak aurrez aurre ziren egitekoak, aurrenekoz Musikene Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegian, Donostian, apirilaren 14tik 19ra bitartean. COVID-19ak eragindako osasun krisia dela eta, ordea, EGOk erabaki zuen teknologia berriek ematen dituzten baliabideak erabiltzea entzunaldiak egiteko.

Entzunaldietara aurkeztutako ia berrehun gazteen %60 Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroakoak izan direla jakinarazi du EGOk. Haietatik 24 hautatu dituzte orkestrako kide titular izan daitezen, eta beste 43, berriz, ordezko izateko. Orkestrak adierazi duenez, Musikeneko ikasleak dira probetara aurkeztutako musikari asko, baina badira Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioko eta Aragoiko Goi Mailako Musika Kontserbatorioko (Espainia) ikasle mordoxka ere. EGOk nabarmendu du entzunaldietan parte hartu duten musikarien artean badirela ikasketak nazioarteko ikastegi garrantzitsuetan egiten ari diren euskal gazteak: Salzburgoko (Austria) Universitat Mozarteum, Anberesgo (Belgika) Errege Kontserbatorioa, Londresko Guildhall eta Royal Music School, Kataluniako ESMUC eta Liceuko Goi Mailako Kontserbatorioa...

Sexuari dagokionez, %53 izan dira gizonezkoak eta %47 emakumezkoak, eta adinaren batezbestekoa 21 urte izan da.

Egoera berrian

Erabat ezohikoa izan da orkestrak entzunaldiak egiteko aurten hartutako bidea, eta, hala, eskatutako errepertorioa prestatu, bideoan grabatu eta bidali behar izan dute gazteek.

Epaimahaia, berriz, beste batzuen artean, BOS Bilboko Orkestra Sinfonikoko, EOS Euskadiko Orkestra Sinfonikoko, Londresko Orkestra Sinfonikoko, Vienako Orkestra Filarmonikoko, Suisse Romande eta Espainiako Orkestra Nazionaleko hainbat kidek osatu dute.  «Epaimahaikide guztiek egin dute entzunaldien balorazio positiboa, hautagai gazteek erakutsitako mailagatik, oro har, baita bideoek entzunaldiak behin baino gehiagotan aztertzeko aukera eman dietelako ere (zuzeneko entzunaldietan ez bezala), nahiz une batzuetan zailtasunak izan dituzten, gehienbat proiektatutako soinuaren kalitatea hautemateko», adierazi du EGOk, ohar baten bitartez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.