Kultura

BERRIA Aretoak bihar itxiko du leihoa

Martxoaren 16an jarri zuen abian egitasmoa BERRIAk, kultur ekitaldiak bertan behera gelditu ostean. Diziplina ugaritako sortzaileen emanaldiak bildu ditu orduz geroztik, eta Garazi Etxaburu eta Josu Eizagirre dantzarien, Ion Arruebarrena musikariaren eta Imanol Ituiño magoaren saioak izango ditu azkenak.

Anari izan zen Berria Aretoan parte hartu zuen lehenengoetako bat. BERRIA
mikel lizarralde
2020ko maiatzaren 18a
11:06
Entzun

Koronabirusak eragindako osasun krisiaren ondorioz, eta martxoaren 14an alarma egoera ezartzearekin batera, kultur ekitaldi guztiak bertan behera geratu ziren, eta Euskal Herriko kulturgileek emanaldiak antolatzeari utzi behar izan zioten. Ondorioz, sortzaileak plazarik gabe gelditu ziren. Egoera horretan, BERRIAk plaza bat zabaldu nahi izan zien sortzaileei: areto digital bat. Horrela, itxialdia hastearekin batera, dozenaka kulturgilek beren sorkuntza lanak zabaltzeko aukera izan zuten BERRIA Aretoan. Bihar emango ditu azkeneko saioak.

Sortzaile ezagunak eta ez hain ezagunak bildu ditu, hasieratik, BERRIA Aretoak, eta sormenaren alderdi ezberdinei ireki nahi izan die bere leihoa martxoaren 16 hartatik. Musika, antzerkia, dantza, zinema, bertsolaritza, magia, arte plastikoak, eskultura, literatura... kultur diziplina ugari egon dira ordezkatuak aretoan. Jon Basaguren (Izaki Gardenak) musikariak bere etxetik egindako emanaldia izan zen aurrenekoa, eta hurrengo egunean, 17an, Mikel Martinez aktoreak eta Anari kantariak parte hartu zuten BERRIA Aretoan.

Orduz geroztik, musikariak (Mursego, Gorka Knorr, Eñaut Elorrieta, Eneritz Furyak, Kokein, Birkit, Maite Larburu, Rolan Garces, Morau, Gorka Hermosa, Amorante, Petti, Aguxtin Alkhat, Thierry Biskari, Aitor Etxebarria, Joseba Irazoki, Estitxu Pinatxo...), bertsolariak (Jone Uria, Anjel M. Peñagarikano, Alaia Martin, Maddi Ane Txoperena, Manex Agirre), ilustratzaileak (Eider Eibar, 4 (h)ero...), idazleak (Unai Elorriaga, Kirmen Uribe, Leire Ugadi, Patxi Iturregi, Castillo Suarez, Karlos Linazasoro, John Andueza...), aktoreak (ATX Teatroko kideak, Ramon Agirre, Olatz Beobide), dantzariak (Garazi Etxaburu, Aiert Beobide), ipuin kontalariak (Ixabel Agirresarobe), zinemagileak (Josu EIzagirre) eta kultur diziplinak uztartu dituzten beste hainbat sortzaile igaro dira BERRIA Aretoaren leihotik.

Badira, gainera, egitasmoan behin baino gehiagotan parte hartu duten sortzaileak: Bihozkada, Eider Eibar, Mikel Martinez, Nork ostu dit apirila?, Rolan Garces, Gorka Hermosa, Keu Agirretxea...

Guztira, 127 emanaldi bildu ditu BERRIA Aretoak, eta bideo horiek 109.000 ikustaldi baino gehiago izan dituzte. 100. saioa bete zuenean, Aretoak bideo hau zabaldu zuen.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.