Berriketari protagonistak

FIPA nazioarteko ikus-entzunezko telebista saioen jaialdiak gaur gauean banatuko ditu sariak. Aurten, kazetaritzari eskainitako tartea izan da espezializatutako joera nagusietako bat.

Parlamentari britainiarren gastuen eskandalua jorratzen du On Expenses fikzioak. LAURENCE CENDROWICZ.
Nora Arbelbide Lete.
Miarritze
2011ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
FIPAko dokumental, fikzio edo erreportajeak elkartzen dituen berezitasun bat baldin bada, agian, aktualitatearekiko duten lotura izan daiteke. Jaialdiaren hautuen artean daude urtero berrisailetan agertzen diren gatazka, gizarte arazo, politika kontu, injustizia, ezinegon edo beste. Egunerokotik haratago, denbora gehiagorekin lotu saioak dira, autore ikuspegi batekin gehienetan. Ikuspegi horren bila dabiltza bai filmen hautatzaileak bai FIPAko epaimahaikideak.

Kamera, mikroa edo idaztekoa eskuen artean duen kazetari horri begira jarri da aurtengo ekitaldia. Kazetaritza nola aldatzen ari den ikusita, gogoeta, zalantza, beldur eta esperantzek tarte berezi bat izan dute egitarauan. Pantailaratu diren lanetan da Qin Yumingen eta Gao Panen 3,1415 erreportajea. «Komunikabide txinatarrek egiten duten zainketa sozialaz» egin nahi izan dute filma, Panen hitzetan. Zehazkiago, urtero emankizun berezi bat dago Txinan, martxoaren 15ean ematen dutena duela hogei urtez geroztik. 100 milioi ikusle ditu emankizun bakoitzean. Kontsumitzaileen eskubideak bermatzea du helburu. Dela erietxeetako garbitasun eskasa edo ordenagailuen egileen utzikeria, gisa horretako gaiak jorratu ditu. Kamera gordeei esker lortu inkestak dira gehienetan. Erreportajeak kazetariak eta produktoreak segitzen ditu. Emankizuneko erreportajeak lantzen ikus daitezke kazetariak, azken unera arte ez dakitela emana izanen den ala ez, dela produktorearen exijentzia estetikoengatik edo presio ezberdinengatik, ekonomikoak edo botereenak. Segitzen dira kazetariak, urratsez urrats, zalantza, garaipen eta presio horiek zuzenean partekatuz. Adibidez, lanean ari direla agertzen da gizon ezezagun bat pasabidean. Denek laster ulertu dute nork deiturik dagoen ezezaguna hor zainketa lanak egiten. Laster identifika daiteke kazetariari, kamerak eskaintzen duen hurbiltasunari esker, eta horrek laguntzen du egunerokoan urrun gelditzen den Txinaren alde bat ulertzen. Maleruski, erranak diren elementu anitz ulergaitzak dira, itzulpen kaskarrarengatik. Galdera zenbait dilindan gelditzen dira. Nola da posible horrelako emankizun bat, presioak hain handiak izaki?

Agian, Yumingek azaldu duena izan daiteke giltza. Emankizun horren xedea, «Txinako gizartearentzat» joko arauak finkatzea da. Txinako atsotitz batek omen dio: «Arauak ez badira existitzen, araudirik ez da».

Kazetariak beti, baina aldi honetan fikzio bateko protagonista. Simon Cellan Jones-en On Expenses filmak 2009ko ekaineko eskandalua ekartzen du pantailara. Errealitatetik abiatzen den fikzioa da, beraz. Heather Brooke kazetari amerikarra ari da Freedom of Information Act-en baimenarekin parlamentu britainiarreko kideen gastuetan agertutako ustelkeria salatu nahian. Borroka horrek sortutako eskandalua azken 10 urteetako inportantena izan da Erresuma Batuan.

Beti berriketariak lehen planoan, Michel Royerren Presse et pouvoir, un divorce impossible (Prentsa eta boterea, ezinezko bereizketa) erreportajeak, Frantzia oinarri, prentsa eta boterea bikote zahar batekin konparatzen ditu. Elkarbizitza zaila, baina aldi berean bereizirik ezin bizi. Lagun edo etsai, kontua anitzez konplikatuagoa dela dio Royerrek. Manikeismotik urrundu nahi izan du, bien arteko loturen mekanismoak zein diren azalduz.

Horretarako artxibo bilaketa lan handia egin du zuzendari frantziarrak. De Gaulletik Sarkozyra, Frantziako presidente guztiak agertzen dira mintzo, perspektiban emanez beroan bero gertatzen direnak. «Bixkotxak» emanez ikusleari, Royerrek erabili hitza berriz hartuz. Adibidez, François Mitterrand presidentea agertzen da esplikatzen jolasten den kazetariez. Zerbait jakinarazi nahi duelarik, kazetariei erraten die ez dela errepikatu behar, eta badaki biharamunean mundu guztiak badakiela. Memento irrigarri edo salagarriak, emozioak sortzeko era egokian emanak. «Erreportajea ikusgarri bat da, nahi ala ez. Hori lege bat da telebistan. Ikusleak behar du telebistari begira gelditu. Ez dezan katez alda. Horretarako artxiboek potentzial biziki indartsua dute».

Eta aldi berean gibelapen bat eskaintzen dute. «Artxiboek aktualitatearen presiotik jalgitzeko aukera ematen dute. Bereziki telebistan, aktualitateak itsutzen du mundu guztia». Telebistakorain, ordea, historia bat badu.«Artxiboak erabiltzen ahal ditugunetik egoera aldatu da. Eta ez dugu aski egiten. Politikariei gehiagotan erakutsi beharko genieke zer erran zuten duela ez hain aspaldi». Interneten gaia ere doi bat aipatzen du Royerrek. Baina ez hainbeste ororen buru. Alta,kazetarien lana aldatu bada, Internetek badu zerikusia. FIPAn ere web dokumentuek gero eta leku handiagoa daukate.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.