Bertako kulturaren aldeko apustua Baluarteren eta NOSen hurrengo sasoian

'Zu zaintzeko itzultzen gara' lelopean, Baluarte Fundazioak eta Nafarroako Orkestra Sinfonikoak 70 ikuskizun baino gehiagoko eskaintza prestatu dute 2020-2021eko sasoirako.

Nafarroako Orkestra Sinfonikoa. I. ZALDUA
Ane Eslava.
2020ko abuztuaren 25a
20:06
Entzun

Gaur aurkeztu dute Baluarte Fundazioaren eta NOS Nafarroako Orkestra Sinfonikoaren hurrengo sasoia, Iruñean. Baluarteren denboraldi nagusian musika klasikoko, lirikoko eta dantzako 11 ikuskizun egingo dituzte, eta NOSen abonamendu denboraldian, berriz, 24 kontzertu. Iaz prestatutako eskaintza kolpe batez etenda izan zenez, Rebeca Esnaola Nafarroako Gobernuko Kultura eta Kirol kontseilariak «ilusioz» aurkeztu du aurtengoa: «Hilabete hauetan argi geratu baita kultura ezinbestekoa dela gure gizartearentzat». Baluarteren zein orkestraren denboraldiak «kalitate artistiko handikoak» izango direla azpimarratu du, «nazioarteko artista eta konpainiekin, baina baita Nafarroako kultur sektorearentzako toki handiarekin ere».  

Baluarte Fundazioaren denboraldia urriaren 3an hasiko da, eta datorren urteko maiatzaren 28ra arte iraungo du. Ekitaldi guztietan segurtasun eta higiene neurri ugari hartuko dituzte; edukiera %75ean izango da, eta, eraikinera sartzeko eta irteteko, ate bat baino gehiago egongo dira, eserlekuaren zenbakiaren arabera.

Lehen emanaldia Philippe Jaroussky kontratenorrarena izango da, Viva Vivaldi izenburupean. Aurrerago, sasoiko ikuskizunik garrantzitsuenetako bat zera izango da, 2021ean egingo duten lehena: Nafarroako Orkestra Sinfonikoak Ennio Morricone konpositoreari omenaldia egingo dio, Vanessa Garde nafarraren gidaritzapean. Liriko eta klasikoko lanen artean, Aste Santutik gertuko kontzertu tradizionala ere emango dute, La Pasion segun San Mateo, Ensemble Pygmalionen eskutik, edota Carl Orffen Carmina Burana, errepertorioko obrarik ezagunenetako bat, Iruñeko Orfeoiak eta bere eskolaniak Madrilgo Orkestra Sinfonikoarekin batera interpretatuko dutena, apirilean, beste batzuen artean.

Dantzari dagokionez, Genevako Antzoki Handiko Balletak Romeo et Juliette lana taularatuko du, martxoan, eta Espainiako Ballet Nazionalak, berriz, Invocación, maiatzean. Maria Antonia Rodriguez Baluarteko kudeatzailearen hitzetan, aurtengo eskaintza «oso maila handikoa» da.

Bestalde, Nafarroako Orkestra Sinfonikoaren eskaintza hamabi programa eta 24 kontzerturekin osatuta egongo da, eta horien artean proposamen «bereziak» izango dira; esaterako, lehen bi programetan Beethoveni egingo diote omenaldi, haren jaiotzaren 250. urteurrenean.

Ez dira faltako errepertorio klasikoko izen handiak, hala nola Mozart, Haydn, Brahms, Schumann eta Chopin, ez eta XX. mendeko errepertoriokoak ere, Gershwin, Bartok, Prokofiev, Bernstein, Sibelius eta Rachmaninoff, kasurako. Manuel Hernandez-Silva orkestrako zuzendariak gorabidean diren Dmytro Choni eta Alfonso Gomez pianisten parte hartzea nabarmendu du, baina baita maila gorenean dauden beste batzuena ere: Joaquin Riquelme biola jotzailea, Johannes Moser biolontxelo jotzailea eta Manuel Blanco tronpeta jotzailea. Zuzendarien zerrenda ere ez da maila txikikoa, azpimarratu duenez: Juanjo Mena, Joann Falletta, Jose Miguel Perez-Sierra, Perry So, Georg Mark eta Nuno Coelho arituko dira.

Bestalde, NOSek Nafarroako arte sorkuntzarekin duen konpromisoari eutsi nahi dio, eta, horregatik, abonamendu denboralditik kanpo, Koldo Pastor iruindarrak enkarguz sortu duen lanaren estreinaldia eskainiko du, Beethoven Irudiak, Kapritxo Sinfonikoa izenekoa. Era berean, lurralde deszentralizazioaren aldeko apustu berezia egin dute aurten, eta Nafarroako hainbat herritan kontzertuak emango dituzte: Atarrabian, Beran, Tafallan, Arronizen, Zangozan, Corellan, Lesakan eta Altsasun. «Lurraldearekin lotura izatea garrantzitsua da oso», azpimarratu du Esnaolak.

Gazteentzako eskaintza

Baluarte Txiki programa ere antolatuko dute, bosgarrenez, eta artista eta konpainia nafarren aldeko apustua egiten jarraituko dute. Ikus-entzule gazteenentzako zikloak sei funtzio egingo ditu abendutik apirilera bitartean: bi dantza proposamen, opera ikuskizun bat, orkestrarentzako eta narratzailearentzako ipuin musikatu bat, ikuskizun erritmiko bat eta kontzertu eszeniko bat narratzailearekin eta hari boskotearekin.

Aurten, berrikuntza gisa, batetik, abonamendu bat jarriko dute salgai, Baluarte Fundazioko 11 ikuskizun nagusietarako eta orkestrak Baluarten egingo dituen hamabi kontzertutarako sarrerak bilduko dituena; eta, bestetik, nahierako abonamendu bat, zeinarekin gutxienez lau proposamen aukeratu ahal izango diren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.