Donostiako Zinemaldiak jakinarazi ditu Urrezko Maskorra lortzeko lehian Sail Ofizialean parte hartuko duten film eta zuzendarietako batzuk. Bertrand Bonello (Nocturama), Fernando Guzzoni (Jesus), Johannes Nyholm (Jätten / The Giant), William Oldroyd (Lady Macbeth), Arnaud des Pallières (Orpheline / Orphan), Miles Joris-Peyrafitte (As You Are) eta Hong Sang-soo (Dangsinjasingwa dangsinui geot / Yourself and Yours) izango dira horietako batzuk.
Bonellok Nocturama aurkeztuko du; filmak jakin-min handia piztu du, bai zuzendariarengatik, bai jorratzen duen gaiagatik. Nizako zinemagileak Fipresci saria eskuratu zuen Cannesen Le Pornographe (2001) lanarekin, eta bere azken filmetatik hiru hautatu dituzte Canneseko zinema-jaialdiko Sail Ofizialean: Tiresia (2003), L’Apollonide. Souvenirs de la maison close (2011) eta Saint Laurent (2014). Orain artean ez zen lehiatu Donostia Zinemaldian, baina bere bi film 57. edizioko Kontrauhina: Frantziako zinemarik berriena atzera begirakoan eman ziren.
Frantziako beste errealizadore bat ere izango da Sail Ofizialean lehendabizikoz: Arnaud des Pallieres, Orpheline filmarekin. Aurretik bere azken bi film luzeak Venezian –Parc, Orizzonti sailean (2008)–, eta Canneseko Sail Ofizialean –Michael Kohlhaas (2013)– izan dira.
Fernando Guzzoni zuzendari, gidoigile eta ekoizle txiletarra Zinemaldian izango da aurten ere, 2012an Kutxa-Zuzendari Berriak saria irabazi ostean Carne de Perro fikziozko bere lehendabiziko lanarekin. Torturatzaile izandako gizon baten kontakizuna egiten zuen film hark, eta, Donostiatik igaro ostean, Valdivia, Göteborg eta Toulouseko zinema-jaialdietan sariak eskuratu zituen. Jesus filmean, Guzzonik aita-seme batzuen arteko harremana lantzen du, eta, barrenean, herrialdearen argazkia egiten du bi belaunaldiren bitartez. 2013an Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan parte hartu zuen filmak.
Hong Sang-soo zinemagileak, bere azken lana aurkeztuko du Donostian: Dangsinjasingwa dangsinui geot / Yourself and Yours. Hainbat sari eskuratu ditu zinema-jaialdietan izandako azken parte-hartzeetan: Un Certain Regard Canneseko zinema-jaialdian Hahaha (2010) filmarekin; zuzendari onenaren Zilarrezko Lehoinabarra Locarnoko zinema-jaialdian Our Sunhi (2013) filmarekin; eta Urrezko Lehoinabarra Suitzako zinema-jaialdi horretan bertan Right Now, Wrong Then (2015) pelikularekin.
As You Are lanak, 23 urteko Miles Joris-Peyrafitte zuzendari eta aktorearen lehen film luzeak, Sundance zinema-jaialdiko Epaimahaiaren Sari Berezia jaso zuen. Bere As a Friend (2014) film laburreko protagonista Madison Harrisonekin batera idatzia da, eta Amandla Stenberg (The Hunger Games), Owen Campbell (Conviction) eta Charlie Heaton (Stranger Things telesaila) ditu protagonista. Hala, As You Are filmak bi neraberen eta ikaskide baten arteko harremana aztertzen du polizia-ikerketa baten bidez; batu eta banandu egiten dituen harreman.
Film luzeetan debuta egin du, halaber, William Oldroyd zinemagileak; aurretik Sundance London zinema-jaialdiko film laburretan irabazle izan zen Best lanarekin. Sail Ofizialean izango diren hamabost lanen berri eman du jada Zinemaldian. Datozen asteetan jakinaraziko dituzte Sail Ofiziala osatuko duten gainerako filmen izenak.