Bertso saio batek entzuleei sentiarazten diena bertsoekin baina bertsolaririk gabe, bertsolarien lekuan dantzariak jarrita, sentiarazteko asmoa du Errimak oinetan ikuskizunak, Haatik dantza konpainia sortu berriaren aurrenekoak. Jendaurreko entseguan lortu dute asmo hori gauzatzea Aiert Beobide, Maitane Mujika, Onintza Odriozola, Garazi Lekuona, Gotzon Poza eta Iurre Aranburu dantzariek, eta estreinaldian ere lortzea espero dute, ekainaren 3an, igandearekin, 20:30ean, Leioako Kulturleioan, Kultur Maratila aste kulturalaren programazioaren barruan.
Ikuskizunak bertso saio baten egitura formala du —hasierako agurrak, bakarkako nahiz binakako askotariko saioak eta azken agurra—, baina oholtza gaineko artistak, bertsolariak barik, isilik dauden dantzariak dira; dantzan ari direnak une batzuetan, aulkian eserita zain beste batzuetan. Ikuskizunari ezarri dioten azpi-izenburuak zehaztasunez azaltzen du obraren eskaintza: Dantza berriak bertsoei jarriak.
Entzuten diren bertso guztiak grabatuta daude. Bertso sorta ezagunak dira batzuk, eta musikatuta entzuten dira —Mikel Urdangarin, Katamalo, Aitor eta Jon Sarasua, Gu ta Gutarrak, Maddalen Arzallus eta Miren Amurizaren eskutik—. Beste batzuk, berriz, Sustrai Colinak ikuskizunerako beren-beregi sortuak dira; horiek Olatz Prat, Eñaut Agirre, Maddalen Arzallus eta Saroi Jauregiren ahotsetan entzuten dira.
Irratian dantzari batzuei egindako elkarrizketa entzutean otu zitzaion ideia Unai Elizasu gai-jartzaileari, duela urtebete inguru. «Oholtza gainetik adierazi nahi zutena publikoari transmititzean izaten zituzten zailtasunei buruz hitz egin zuten. Gu ere, bertso saioetako plazetan, beste modu batera bada ere, horretan ahalegintzen garenez,publikoari sentiarazten, Aiert Beobide eta Onintza Odriozola dantzariei deitu eta galdera hau planteatzea pentsatu nuen: 'Bertsolariak entzuleengan horrenbeste sentimendu eta sentsazio sortzeko gauza baldin badira entzuleengan, entzule hori dantzaria baldin bada, nola tramsmitituko luke bertsolariei jasotako horretatik? Posible izango ote litzateke emanaldi batean dena gorpuztea?».
Konpainiaren estreinako lana
Beobide eta Odriozolarengana «une egokian» jo zuen Elizasuk, Beobidek dioenez, Haatik konpainia sortu berriarentzako proiektuen bila zebiltzalako orduantxe. «Iruditu zitzaigun ez zela lan erraza izango, bainainteresgarria izango zela». Elizasuk eta Beobidek zuzendu dute ikuskizuna, eta Beobide da zuzendari artistikoa.
Leioako estreinaldiaren ondotik, Ondarroako Kafe Antzokian eta Azpeitiko San Agustin kulturgunean emango du Errimak oinetan Haatik konpainiak, ekainaren 17an eta uztailaren 1ean hurrenez hurren. Lehen emanaldiak antzoki handi samarretan izango badira ere, obra bestelako lekuetan ere eman daitekeela dioten Haatikeko kideek; «bertso saioak egiten diren bezala», Elizasuk zehaztu duen moduan.
Bertsolarien lekuan dantzariak jarrita
Bertso saio baten egitura formala du Haatik dantza konpainiaren 'Errimak oinetan' ikuskizunak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu