"Hamar urte pasatu dira... nola joaten den denbora!". Xabier Euzkitzek (Azpeitia, 1966) ez dio utzi sekula aurpegi ezaguna izateari, baina gaur hamar urte asteburueroko bertso jardunari planto esatea erabaki zuen. Orduz geroztik, saio bakanak egin ditu eta ez du berriz itzultzeko inolako asmorik. Oraingoz. Xerpa txakurrarekin etorri da elkarrizketara, "gure etxean kasu egiten didan bakarra!". Bitter bat dastatuz, oroitzapenak astintzeari ekin dio. Mahai gainean utzi duen mugikorra behin eta berriz hasi da dardarka, soinu bitxiak ateraz, baina Euzkitzek ez du eten bere hitz jarioa. Garbi eta lasai hitz egin du [Urola Kostako Hitza-k egindako elkarrizketa osoa hemen].
Nola gogoratzen duzu Soraluzeko agur hura?
Une hura bart gertatu balitz bezalaxe gogoratzen dut, oso-oso presente daukat. Soraluzera joan nintzenean nik ez nuen inolaz ere pentsatzen hura izango zenik nire azken saioa. Banuen susmoa pixkanaka-pixkanaka egun hura hurbiltzen ari zela, hainbat markadore banituelako hori adierazten zidatenak. Bertsotan ari nintzela sentsazio arraroak izan nituen, eta erabat lekuz kanpo sentitu nintzen, motibaziorik gabe. Halako batean pentsatu nuen huraxe zela azken saioa, ez zeukan zentzurik jarraitzeak. "Hementxe despeditu behar diat eta kitto!", pentsatu nuen. Egin nuenaren damurik ez dut izan une batez ere. Izatekotan ere beranduegi egin izanaren damua beharko nuke. Hartu dudan erabakirik zuzenenetako bat izan zen, zalantzarik gabe. Azken bertsoa kantatu ondoren, zama handi bat kendu nuela sentitu nuen.
Markadoreak aipatu dituzu. Zerk piztu zuen alarma gorria?
Nire baitan aldaketa nabarmen bat sentitu nuen bertsotan hasi nintzeeko garaietatik bukaerako horietara. Saioetarako deitzen zidatenean sentipena ez zen hain ezberdina, ilusioa egiten zidan. Alde ikaragarria sumatu nuen, ordea, bertsotara joateko autoa hartu behar nuenean. Hasieran ilusioz gainezka abiatzen nintzen. Azken garai haietan, berriz, bezperan tripako mina sortzen zidan, zergatik eman ote nuen baietza... Barañainen oso garbi ikusi nuen: larunbat gauean autoa hartu, ordu eta erdiko bidea egin, esandako lekura iritsi eta antolatzaileak saioa bertan behera gelditu zela esan zidanean nik sekulako poza hartu nuen. Ez nien buelta ematen sentipen haiei eta hala ezin zela jarraitu ikusi nuen.
Zerk zekarren deserosotasuna? Zein zen atzeko arrazoia?
Bertsotan aritzeko jendearekiko gertutatasuna eta goxotasuna behar dira. Bertsolaririk maitatuena sentituko ez baldin bazara ere, gutxieneko hurbiltasuna sentitu egin behar da. Nik ez nuen behar adinakorik sentitzen. Bakardade handi samarra ere sentitu izan nuen zenbait aldarrikapenetan, eta neure baitan pentsatzen nuen hura ere ez zela errealitatearen isla. Ez zen posible nik egin nahi nituen aldarrikapenetan hain bakarrik ibili beharra, ustez hain zabala zen bertso munduan.
Zer motako aldarrikapenak?
Politikoak, batik bat. Esate baterako, ETAk Aldaia enpresaburua bahitu zuenean, Aldaia askatzearen alde kantatzeko eskatu zidaten. Nik hasieran ezetz esan nuen, berriz ere nik bakarrik soilik abestu beharko nuela ikusten nuelako. Joxe Lizasori deitzeko esan nien azkenean antolatzaileei, eta biok joan ginen abestera. Hori adibide bat besterik ez da.
Bertsotan, diskurtso politiko jakin batek besteak baino harrera hobea duela esan nahi al duzu?
Orduan behintzat bai. Akordatzen naiz nola Aretxabaletan Aldaia askatzeko eskatu nuen, eta erreakzioa oso-oso gogoan dut: bertsoaren amaieran hiru segundo pasatu eta jendeak isilik jarraitzen zuen. Halako batean, entzule bat hasi zen txaloak jotzen eta sumatu zen jende asko zegoela nik esandakoari txalo jotzeko prest. Baina norbait ausartu zelako lehenbiziko txaloa jotzen. Presoak Euskal Herrira hurbiltzea eskatu izan banu, berriz, hiru segundoko isilunerik ez zen izango inondik inora. Gauza horiekin apurka apurka erre egiten zara. Bestalde, ez dizut ukatuko, neu ere egoera pertsonal oso-oso zailean nengoen, emaztearengandik banatzen ari nintzen-eta.
Jende askok aipatu izan du, zu ETBko albistegietako aurkezle izatea izan zela uzteko arrazoia.
Nik ez diot teoria horri baliorik ematen. Ulertzen dut ondorio horretara iritsi zenaren arrazoibidea, baina ez nator bat. Besteak beste, oso garbi ikusi izan dugulako bolada batean ezker abertzalearekin oso lerratutako pertsona batek ere aurkeztu zituela ETBko albistegiak eta hark ez zuen inolako ondoriorik jaso. Inolakorik ez.
Dena den, azken urteetan egin dituzu saio bakan batzuk, ezta?
Utzita ere, urtero Artaditik izaten nuen abisua. Toki berezia da niretzat. Ume-umetatik igandero hara joan ohi ginen bazkaltzera eta eguna pasatzera. Oraindik estali gabea zen frontoian izerdi asko ateratakoak gara. Gainera, Lazkao Txiki ere han ikusi nuen bizirik azkeneko aldiz, eta urte mordo batean elkarrekin han abestutakoak ginen. Ez da edozein plazaren pareko, badu aparteko zerbait. Handik ere erretiratuta nengoen, ordea, eta deitzen jarraitzen zuten. Baina niri deitzen zidan gizon hura istripu baten ondorioz hil egin zen, eta hurrengo urtean berriz ere mesedez eskatu zidaten. Baiezkoa eman nien, baina karteletan ez agertzeko baldintzarekin. Azken 4-5 urtetan han abestu izan dut. Bestalde, Uztarriako elkarrizketa batean aipatu nuen berriz kantatzekotan toki berezia batean izan beharko zuela, eta Soraluzetik deitu zidaten agur hura aipatuz. Azken bi urteetan han ere abestu dut, baina ez dut salbuespen gehiago egiteko gogorik. Plazetara itzultzeko inolako asmorik ez daukat.
Eta saio horietan nola ibili zara?
Asko gozatu dut. Oso suelto eta libre ikusi dut nire burua, erraz aritu naiz. Artadira, gainera, semearekin joan nintzen.
Xabier Euzkitze
"Bertsolaritza utzi izanaren damurik ez daukat"
Gaur bete dira hamar urte Euzkitzek etenik gabeko bertso jarduna utzi zuenetik; "oso presente" ditu garai haiek, baita erabakia hartzeko arrazoiak ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu