Zerbait ibilian doanean hartzen duen berezko abiadurari esaten zaio inertzia. Kanpo indar batek geldiarazi ezean, ez da berez geldituko. «Bertsolaritzak badu berezko abiadura bat egun, eta hori ona da; baina arriskuak ere baditu, bertan goxo geratzeko eta beti abiadura horrek hala behar duela pentsatzeko», Andoni Egañaren ustez. Bertsolaritzaren munduko inertziei aurre egiteko indarra gogoeta kolektiboa dela uste du Bertsozale Elkarteak. Bertsolamintza jardunaldiak antolatu ditu horretarako, laugarrenez, Inertziak erantzi, garena jantzi lelopean.
Bertsoa bera abiadura handian sortzen den zerbait dela gogorarazi du Ainhoa Agirreazaldegik, jardunaldien arduradunak. «Horren harira, egungo txapeldunak esana da, norbere burutik abiadura horretan sortzen dena aldatzeko, aurrez lanketa bat egin behar dela». Zenbait inertzia deseraikitzeko lanketa kolektiboa lagungarri izan daitezkeela uste du, eta horri helduko diete topaketetan.
Hamar lagun ariko dira hizlari, eta hiru mintegi egin dituzte aurrez, gaiak elkarlanean lantzeko. Bertsoaren munduari estu lotutako lagunak dira batzuk: Egaña, Fredi Paia, Jon Martin, Estitxu Eizagirre, Egoitz Aizpuru eta Jon Ansa. Inertzia ideologikoen inguruan, txapelketek sormenean duten eraginen gainean, bertso eskolei buruz, edo gai-jartzaileen lanaren inguruan mintzatuko dira.
Kanpoko begiradaren beharra
Bertso mundutik ez datozen hizlariak ere izango dira. Bertsolaritza eta umorearen inguruko ikerketa azalduko du Eric Dicharryk. Amaia Vazquez sexologoa inprobisazioaren gozamenaz mintzatuko da. Txapelketei buruz gogoeta egingo du Oier Araolaza dantzariak. Eta Ibon Arrizabalagak genero ikuspegia landuko du. Beñat Gaztelumendi Bertsozale Elkarteko Ikerkuntza arduradunaren ustez, «kanpoko begiradak izatea interesgarria da, inertziak puskatzeko zaila baita lan hori barruan dabilen jendeak egitea».
Hitzaldiak lau egunetan egingo dituzte: Saran (Lapurdi), hilaren 26an; Gasteizen, martxoaren 1ean; Iruñean, 4an; eta Durangon (Bizkaia), 10ean. 18.00etan izango dira guztiak, eta bi edo hiru hizlari ariko dira bakoitzean. Ondoreneztabaida publikoa egingo dute, eta bukatzean, bertso saio bana izango dira Saran eta Durangon. Martxoaren 12an, goizez, hitzaldi guztien laburpenak entzun ahal izango dira Villabonan (Gipuzkoa), eta horien inguruko eztabaidak ere egingo dira. Herri bazkaria ere izango da, eta bertso saio esperimental batekin amaituko dira jardunaldiak.
@Informazio gehiago bildu nahi izanez gero, begiratu webgune hau: www.bertsozale.com
Bertsolaritzaren munduko inertziez gogoeta egingo du Bertsolamintzak
Bertsolariez gain, dantzariak, sexologoak eta ikerlariak gonbidatu ditu jardunaldietara Bertsozale Elkarteak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu