1994. urtean Paul Auster eta Wayne Wangek Smoke bikaina zuzendu zuten. Urtebete geroago, elkarlan horrek jarraipena izan zuen, Blue in the face interesgarrian.
Ia hamabost urte pasatu dira, eta bien bidea berriro elkartu du zinemagintzak, non eta Donostian. Gauzak, ordea, aldatu dira. «Ez dut berarekin berriro lan egiteko asmorik», argitu du katu azkarraren begirada duen idazleak. «Ez dut oraindik ikusi. Topo eginez gero, ez dut uste elkarri hitz eginen diogunik», esan du boutique gazteenetan arropa erosten duen zinemagile beteranoak.
Ezinikusia, lagunak, hau kontu arantzatsua. Horrexegatik, Austerrek aurtengo Urrezko Maskorra Wangentzat izanen zela esan zuenean, besarkada kosmiko bat irudikatu genuen; etorkizun harmoniatsu bat, non Auster eta Wang mahai berean eserita egonen ziren, proiektu berriak prestatzen. Hori guztia, jakina, egun hauetan sartutako filmen gaindosiaren ondorioetako bat baino ez zen izan.
Erromantizismoz haratago, ikusgarria izan zen epaimahaiko kideen aurpegia, ohikoa den txistuak jasotzen ez zituztela ikusita, bai txalo dezente. Betiko moduan, diplomazia nagusitu da sariak banatzean, baina oraingo honetan indar diplomatikoak nahiko trebe aritu dira. Arriskua saritu gabe, han eta hemen opariak banatzen.
Kiniela guztietan zeudenen artean, Wangek eraman du puskarik handiena; Makhmalbaf gazteak eta bere Budak kontsolazioarekin konformatu behar izan dute. Bi pelikulok, bere txikitasunean, ongi islatzen dute egungo gizarte eta munduaren egoera. Horrez gain, pozgarria da Hollywoodeko atzaparretan zegoen zuzendari bat berriro libre hegan ikustea.
Sariak non eta nora, zazpi pertsonaren erabakiaren ondorioa baino ez da. Hori baino kontu inportanteagorik badago: aurten, azken urteetan ez bezala, maila ona eman du Sail Ofizialak. Hautaketa egin dutenak finago ibili dira, eta estilo diferenteetako film interesgarriak ikusteko aukera izan da.
Amaitu dira ilara luzeak, hizkuntza anitzetako pelikulak, zuzendari hasi berrien lanak. Gaurtik aurrera, erdi hutsik dauden aretoetara itzuliko gara, Hollywoodeko ekoizpen industrialak ikusi beharko ditugu, bertsio bikoiztuan entzun, krispeten burrunbaren gainetik. Oasia zen, ongi etorri basamortura.
Besarkada kosmikoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu