«Hasieran ez genuen batere ulertzen zer egin nahi zuten». Horrela gogoratzen ditu Artekatik'han egitasmoa aurkeztera etorri zitzaizkionak Serge Chaulet Beskoitzeko auzapezordeak. «'Zer eginen duzue?' galderak ez zuen erantzunik». Geroztik, denbora pasa da, eta hasierako duda kuriositate bilakatu da. Izan ere, 1.500 biztanle dituen Lapurdiko herria luzaz «eraikuntzari» bakarrik interesatu dela, eskaintza kultural batenpremiak ekarri ditu proiektua onartzera, betiere auzapezordearen erranetan.
Eta, preseski, Artekatik'han egitasmoak badu horretatik ere. Lagunarte sorkuntza konpainiak, Aldudarrak Bideok eta Radio Kulturak honela esplikatzen dute ideia: «Ekintza esperimental hauek gure kolektiboari praktika artistiko berri batzuen bideratzeko parada eskaintzen diete, artistak eta herritarrak hurbilduz». Jadanik arituak dira Lekornen eta Donamartirin.
Beskoitzeri dagokionez, bi idazleren eskukaldia eskatu dute. Aurelia Arkotxa idazlea, alde batetik, eta, bestetik, Marie Cosnay. Arkotxak euskaraz eta Cosnayk frantsesez, bakoitzak 20.000 karaktereko testu bat idatzi du herriaz. Ez bata eta ez bestea ez da Beskoitzekoa. Baina biek herrian gaindi ibiliz, herria sentituz, izan dute zer idatzi. Cosnayri dagokionez, hainbat gairen artean, bertan dagoen Luxat zapata fabrika dauka aipagai. Aita enpresan aritua da lanean. Langileak kanporatu behar izan ditu azken horrek: «Bideetan gaindi ibiltzeak gogorarazi dizkidan gauza anitzen hariak bata bestearen ondotik tiratu ahal izan ditut», adierazi du Cosnayk. Arkotxak, bere aldetik, herriko topografia ukan du oinarri. Luxat ere aipatzen du, baita, besteak beste, han sortu zen Joanes Leizarraga ere (1506-1601). Irakurketa hiru egunez Lagunarteko musikariekin landuz, eta Aldudarrak Bideok herria filmaturik, emaitza bihar eskainiko dute, 21:00etan, Beskoitzeko Bil Toki gelan.
Beskoitze, idazleen begietatik
Aurelia Arkotxak eta Marie Cosnayk herriaz idatzi dutena irakurriko dute bihar, musika eta irudiak lagun
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu