Fernando Matellanes. OLBEko presidentea

«Beste antzokiekin batera ekoitzi nahi izaten dugu»

OLBE Opera Lagunen Bilboko Elkarteak 60. opera denboraldia antolatu du aurten. Ez du ospakizun berezirik egingo horregatik, baina kalitateari eta emanaldi kopuruari eutsiko die. Gainera, haurrentzako euskarazko lehen opera ekoitzi du.

LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2012ko martxoaren 4a
00:00
Entzun
Badira zortzi urte Juan Carlos Matellanes (Burgos, Espainia, 1958) OLBE Opera Lagunen Bilboko Elkarteko presidentea dela. Ekonomia Zientzietako lizentziaduna, enpresaria eta opera zale amorratua da, eta 1989tik da OLBEko kidea. Elkarteak 60 denboraldi bete ditu aurten, baina ez dute ospatzeko ekitaldi berezirik antolatu. Eta kalitateari eta emanaldi kopuruari eutsi diete, krisia igarri duten arren.

Ospakizun berezirik egingo ez baduzue ere, zer nabarmenduko zenuke 60. denboraldiaz?

Denboraldi zaila da, krisi ekonomikoa dela-eta diru sarrerak murriztu zaizkigulako. Diru laguntzetan, babesleetan, sozio kopuruan eta txarteldegian igarri ditugu murrizketak. Hala ere, saiatu gara kalitateari eta ekitaldi kopuruari eusten, eta horretarako kapaz izan gara. Opera denboraldiari ez ezik, bestelako proiektuei ere eutsi diegu; Opera Berri eta OLBE Txikiri, kasu. Horrez gain, pausoak eman ditugu produkzio berriekin, eta umeentzako euskarazko lehen opera ekoitzi dugu. Azpimarratzekoa da martxoaren 25ean kontzertu sinfonikoa izango dugula eta Daniele Gatti orkestra zuzendaria lehen aldiz etorriko dela Bilbora Frantziako orkestra nazionalarekin.

Zer egoeratan ikusten duzu opera Bizkaian eta Euskal Herrian?

Krisian gaude eta horrek bizitzako arlo guztiei eragiten die. Aisiarako eta kulturarako gastuak behera egin du, eta egoera horretan beste publiko batzuk pixakanaka erakartzeko promozioak topatu behar ditugu. Gure aldetik prezioen, zabalkundearen eta prestakuntzaren inguruko esfortzua egin behar dugu. Beste publiko batzuk erakartzea kontu luzea da eta lan handia eskatzen du. Lan hori prestakuntzaren bidez egin behar dugu. Bide horretan, gure OLBE Txiki programak pixkanaka-pixkanaka erakartzen ditu operara gurasoak eta seme-alabak. Mundu ezezagun honi beldurra galtzea da garrantzitsuena, gugana etor daitezen lagunekin eta familiarekin eta ondo pasa dezaten. Prezioei dagokienez, opera garestia da, muntatzeko emanaldi garestia delako. Baina esan beharra dago oso prezio ezberdinak eskaintzen ditugula. Jakina denez, badira oso sarrera garestiak, baina ezin dira erreferentziatzat hartu. Promozioak daude azken orduko sarreretan, gazteentzakoetan, Opera Berrikoetan, entseguetara joateko aukera dago…

Zer-nolako harrera du OLBE Txikik?

OLBE Txiki gure proiektu gailena da. Bertsio bi ditugu: eskolena eta familiena. Bietara etortzen direnen kopurua eta gogobetetzea oso altuak dira. Batetik, eskolen eskaerak eskaintza hirukoizten du gutxi gorabehera, eta, familiei dagokienez, igande goiz batean Arriagara joanez gero, argi geratzen da oso pozik daudela. Horrekin batera, ideia ona dela erakutsi du, hasi ginenez geroztik beste antzoki batzuek Gabonetako programetan OLBE Txiki bezalako ikuskizunak sartu dituztelako. Oso pozik gaude beste batzuek gure ideiei jarraitu eta eskaintza zabaltzen dutelako.

Bost axola bemola umeentzako euskarazko lehen opera ekoitzi eta programatu duzue. Hasitako bideari eutsi eta euskarazko opera gehiago ekoizteko asmorik ba al duzue?

Bai, oraindik ez dakigu noizko, ez daukagu datorren urteko programazioa itxirik, baina umeentzako euskarazko lanak ekoizten jarraitu nahi dugu. Luze gabe OLBE Txikiko programaren parte bat euskarazkoa izatea nahiko genuke.

Opera programatzeaz gain, ekoizpenetan parte hartzen duzue. Nolakoa da beste antzokiekin lan egitea eta zer garrantzi du elkarlan horrek?

Oraingo egoera ekonomikoan antzokien arteko elkarlana beti da beharrezkoa eta onuragarria. Elkarri laguntzen diogu. Eredu hori oso zabalduta badago ere, badaude hainbat antzoki elkarrekin ekoiztea onartzen ez dutenak eta, areago, beren ekoizpenak alokatzen ez dituztenak. Estrategia onargarria da, baina oso gutxi dira, zorionez. Krisi egoeran kalitatezko ekoizpen berriak egiten jarraitzeko aukera ematen du elkarrekin ekoizteak, sarrerak prezio onargarrietan saldu ahal izateko.

Eta alde artistikoari dagokionez?

Antzokien feeling-ak eta kontzeptu artistikoak ondo funtzionatu behar dute elkarrekin. Baina, gainera, bat etorri behar dute haien programazioek. Garai berean programatu behar da: ez du zentzurik 2019. urtera arte programatu ezingo dudan ekoizpen batean parte hartzeak, adibidez. Baina, batez ere, elkarrekin lan bat ekoizteko, proiektu artistikoen arteko feeling-a egon behar du; zuzendari artistikoen proiektuek bat egin behar dute. Gero eta gehiago egiten ari da, eta guk beste antzokiekin batera ekoitzi nahi izaten dugu. Etorkizuna horretan dago.

OLBEren egitasmorik handienekoa Tutto Verdi proiektua da. Hamabost urtean Verdiren obra osorik programatu nahi duzue.

Bai, 2021 aurretik programatu nahi dugu. Elkartean gehien antzeztu diren lanak Verdirenak ziren, eta, gure komunitateak Verdirentzat duen zaletasuna ikusita, oso ideia polita iruditu zitzaigun. Aurretik ez da lortu horrelakorik egiterik. Hasieran barre egiten ziguten, baina urtez urte egitasmoa betetzen goaz. 2013an, gehienek Verdiren mendeurrena ospatzeko ahalegin handiak egiten dituztenean, guk oso gauza gutxi egingo ditugu, jada Verdiren hogei lan taularatu ditugulako eta haren lanaren inguruko hainbat publikazio eta grabazio argitaratu ditugulako. Eremu artistikoan ez ezik, kulturalean ere lantzen dugu Verdiren figura. Horren adibide dira Deustuko Unibertsitatearekin batera urtero antolatzen ditugun jardunaldiak: Verdi jardunaldiak. Gauza horiek guztiek asko aberasten dute proiektua.

Zortzi urte bete dituzu OLBEko presidentetzan. Zer diozu urte horietaz?

Gauza bi nabarmendu beharko nituzke: gure proiektuak jaso duen laguntza eta alboan dudan taldea. Baina, batez ere, OLBEn egunero lanean ari diren profesionalen lana. Nire ustez, opera munduan bakarra den egitasmo bat aurrera eramaten ari dira. Izan ere, gurea bezalako opera denboraldia egiten duen elkarte pribaturik ez dago estatuan; besteak antzoki publikoak dira. Hori dela eta, opera gizartera zabaltzeko esfortzua eta aurrera daramagun proiektu kulturala aintzat har ditzaten nahi dugu. Euskadiren opera izan nahi dugu eta komunitatea dugun opera elkarteaz harro senti dadin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.