'Detachment'
Zuzendaria: Tony Kaye. Aktoreak: Adrien Brody, Christina Hendricks, Sami Gayle, Marcia Gay Harden, James Caan, Lucy Liu, Bryan Cranston. Herrialdea: AEB. Urtea: 2011. Iraupena: 97 minutu.
Azkenaldi honetan ugari izan dira gure gizartearen nora ezaren erantzun bila institutuetara begiratu duten zuzendariak. Tony Kayek gauza bera egin nahi izan du, ordezko irakasle honen inguruko drama honekin. Henry Bathesek gaitasun berezia du ikasleekin konektatzeko, berezkoa du dohain hori. Hala ere, ez du bertute hori aprobetxatu nahi izan, eta irakasle ordezko gisa lan egiten segitzen du. Horren ondorioz, institutu batetik bestera ibiliko da etengabe, egoera diferenteak ezagutuz. Harik eta ikuspuntua aldaraziko dion institutu berezi batera ailegatuko den arte. Orain artean, Tony Kaye zuzendariaren lanik ezagunena 1998ko American History X da.
'The Words'
Zuzendariak: Brian Klugman, Lee Sternthal. Aktoreak: Bradley Cooper, Zoe Saldana, Jeremy Irons, Dennis Quaid, Olivia Wilde, J.K. Simmons. Herrialdea: AEB. Urtea: 2012. Iraupena: 96 minutu.
Brian Klugman —besteak beste, Mad Men eta House telesailetarako egin du idazketa lana— eta Lee Sternthal (Tron: Legacy) gidoigileek zuzendu duten lehen film luzea da honako hau: The Words. Porrotak pilatu dituen idazle batek aukera berria izanen du eskuizkribu batean oinarritutako liburu bat idazten duenean. Arrakasta handia lortuko du eleberriak, baina eskuizkribuak beste egile bat du. Bigarren Mundu Gerran Parisen egon zen agure bat da, egun horietan bere bizitzako maitasuna ezagutuko zuena. Aktore ospetsu samarrek hartu dute parte pelikulan, eta, protagonista gisa, The Hangover-ekin ezagun egin zen Bradley Cooper.
'El hombre de las mariposas'
Zuzendaria: Maxi Valero Aktoreak: Lluis Soler, Ana Milan, Claudia Silva, Carlos Manuel Diaz, Sergio Caballero, Pep Ricart, Oleg Kri. Herrialdea: Espainia. Urtea: 2011. Iraupena: 107 minutu.
Sergei (Lluis Soler) da El hombre de las mariposas honetako protagonista. Sobiet Batasuneko militar ohia da, eta, gerora, Europako ekialdeko mafiekin harremanetan ibili zen. Orain, berriz, iragan horretatik aldendu nahian, landetxe batean bizi da ezkutuan, mahastien artean. Bizimodu guztiz bakartia du. Egoera hori aldatu egingo da Natasha iloba (Claudia Silva) bere kargu hartu beharko duenean. Biek izan dute iragan gordina, biek ezagutu dute biolentzia, baina elkarbizitzaren arauak ikasi beharko dituzte batak eta besteak. Maxi Valero zuzendariaren lehen film luzea da hau, eta kutsu poetikoz jantzi du istorioa, elkarrizketa gutxirekin eta pasarte isil luzeekin.
Zinema. Estreinaldiak
Beste film batzuk
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu