Zinema. Estreinaldiak

Beste film batzuk

2012ko urriaren 10a
00:00
Entzun

'Frankenweenie'

Zuzendaria: Tim Burton. Herrialdea: AEB. Urtea: 2012. Iraupena: 87 minutu.

Bere ibilbide zinematografikoaren hastapenetan zenean, Tim Burtonek Frankenweenie izeneko film laburra egin zuen. 1984. urtea zen, eta laburra izanik ere, pelikula horrekin hasi zen antzematen noraino ailegatzen ahalko zen Burtonen irudimen mugagabea. Orain, istorio hori berreskuratu du zuzendari estatubatuarrak eta film luzea bihurtu. Burtonek horrenbeste maite duen stop-motion teknika erabiltzen duen animazio filma da Frankenweenie berritua. Horrekin batera, beldurrezko generoaren pertsonaia eta pelikula handiei egin nahi izan dien omenaldi sentitua da. Victor oso gaztetxo berezia da, Sparky txakurra da duen lagun bakarra. Sparky hilko da, baina Victorrek hura berriro bizitzara ekartzeko modua aurkituko du.

'The Impossible'

Zuzendaria: Juan Antonio Bayona. Aktoreak: Naomi Watts, Tom Holland, Ewan McGregor, Marta Etura, Geraldine Chaplin, Oaklee Pendergast, Samuel Joslin. Herrialdea: Espainia. Urtea: 2012. Iraupena: 107 minutu.

El orfanato filmak lortu zuen arrakasta itzelak aurrekontu handiko ekoizpen bati ekiteko aukera eman dio Juan Antonio Bayonari eta 2004an Asiako hego-ekialdean gertatu zen tsunami ikaragarriari begirada luzatu dio zinemagile espainiarrak. Bikote bat eta haien seme-alabak Thailandian dira Eguberrietako oporraldi atsegin bat gozatzen. Halako batean hondamendia gertatuko da, eta itsasoak dena irentsiko du. Pelikula ikusgarria da The Impossible, Donostiako Zinemaldian hunkituta atera ziren ikusle asko. Akaso istorioa ez da sobera ona, baina Bayonak errealismo handia lortu omen du tsunamiak eragindako hondamendia filmatzen.

'Dans la maison'

Zuzendariak: François Ozon. Aktoreak: Kristin Scott Thomas, Emmanuelle Seigner, Fabrice Luchini, Diana Stewart, Denis Menochet. Herrialdea: Frantzia. Urtea: 2012. Iraupena: 105 minutu.

Donostiako Zinemaldiko Urrezko Maskorra irabazi eta berehala, Ipar Euskal Herriko zinema aretoetara ailegatu da François Ozonen azken filma. Juan Mayorga idazlearen liburu bat oinarri hartuta, zinemagile frantziarrak ispilu joko bihurri bat egin du. Literatura irakasle zorrotz bat interes handiz hasiko da irakurtzen bere ikasleetako batek entregatzen dizkion idazlanak. Horien bitartez, eskolakide baten familia burgesaren intimitate guztiak jakiteko aukera izanen du, horrek bere jakin-mina eta morboa piztuko ditu. Baina joko arriskutsua da, gero eta gehiago nahastuko baitira fikzioa eta errealitatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.