Beste film batzuk

Beste film batzuk

2010eko abenduaren 15a
00:00
Entzun

'Burlesque'



Zuzendaria: Steve Antin. Aktoreak: Christina Aguilera, Cher, Kristen Bell, Stanley Tucci, Cam Gigandet, Eric Dane, Alan Cumming. Herrialdea: AEB. Urtea: 2010. Iraupena: 100 min.

Abeslari mediatikoenek oraindik a pantaila handiaren lilura sentitzen dute. Antza, ibilbide artistikoa ez da osoa film batean lan egin ezean. Burlesque hau Christina Aguilera ustezko musikariaren luzimendurako prestatutako jostailua da; hura da protagonista nagusia eta filmak eskaintzeko duen amua. Aguileraren ondoan, abeslari beterano bat, bera ere zineman hainbat saio egindakoa, Cher eternala. Ali Rosek bere sorterri txikitik hiri handira eginen du, abeslari izan nahi baitu. Ailegatzen denean gauzak ez direla batere errazak ohartuko da, eta, hala ere, bere ametsa betetzeko gogor eginen du lan. Lokal bateko nagusia konbentzitu beharko du, ziur baitago ikuskizunean parte hartuta badela nor erakutsiko duela. Bere lehen filmerako hasiberri bat aukeratu du Aguilerak; filma Steve Antinen lehen luzea da.

'Mao's Last Dancer'



Zuzendaria: Bruce Beresford. Aktoreak: Bruce Greenwood, Kyle MacLachlan, Amanda Schull, Joan Chen, Chi Cao, Alice Parkinson. Herrialdea: Australia. Urtea: 2009. Iraupena: 117 min.

Gaur egun bere izena nahiko ahaztuta badago ere, oso zuzendari beteranoa da Bruce Beresford. 1976an hasi zuen bere ibilbidea, eta ordutik asko dira zuzendu dituen filmak. Horietatik ospetsuena, dudarik gabe, 1989ko Driving Miss Daisy izan zen, zeinak lau Oscar sari irabazi zituen. AEBetan eta Australian ibili izan da beti, eta hau azken herrialde horretan ekoitzi du. Cunxin Li dantzari txinatarren memorietan oinarritu da dantzari txinatar baten istorio harrigarri bat kontatzeko. Li Txinako herrixka batean jaio zen, baina txikitatik dantzarako izugarrizko dohainak utzi zituen agerian. Entrenamendu ezin gogorragoak egin ostean, munduko ballet dantzaririk onenetakoa izatera iritsi zen. Baina AEBetara egin zuen bidaia batean, hango emakume batekin maitemindu, eta hortik aurrera traidoretzat hartu zuen Txinako Gobernuak.

'Verbo'



Zuzendaria: Eduardo Chapero-Jackson. Aktoreak: Alba Garcia, Miguel Angel Silvestre, Najwa Nimri, Veronica Echegui, Macarena Gomez. Herrialdea: Espainia. Urtea: 2010. Iraupena: 98 minutu.

Ikusmin handia sortu da film honen inguruan. Eduardo Chapero-Jackson madrildarrak sari inportante asko irabazi ditu bere film laburrekin, eta, horrexegatik, zuzendariaren jarraitzaileek haren lehen pelikula luzea irrikaz espero dute. Orain arteko bideari jarraituz, genero fantastikoko istorio bat garatu du zuzendari gazteak, berak idatzi duen gidoi batetik abiatuta. Sarak ez du ulertzen bizi den mundua, eta horren esanahiaren bila hasiko da. Bilaketa horrek mundu ilun eta ezezagun batera eramanen du protagonista, heriotzaren eta bizitzaren artean dagoen mundu misteriotsura. Telebista mundutik aski ezagunak diren bi aktore gazte dira Verbo pelikulako protagonista nagusiak: Alba Garcia eta Miguel Angel Silvestre, zeina Dukea ezizenez ezagun egin zena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.