Hilberria. Ray Bradbury

Beste munduen kronikagilea

mikel lizarralde
2012ko ekainaren 7a
00:00
Entzun
Jules Vernek eta beste aitzindari batzuek aurretik hazi batzuk jarri bazituzten ere, zientzia fikzioa XX. mendean loratu zen literatura genero sendo gisa, eta indartze horren eragileetako bat Ray Bradbury izan zen, espekulazioaren fikzioa deitu zutenaren izen handienetakoa. Fahrenheit 451, The Martian Chronicles eta The Ilustrated Man lanen egilea atzo hil zen, Los Angelesen, 91 urte zituela.

«Nik ez dut idazten zientzia fikzioa», zioen Bradburyk, bere lana generoaren kodeen barruan sailkatzeko zailtasunak agerian uzteko asmoarekin: «Zientzia fikzioko liburu bakarra idatzi dut, Farenheit 451. Zientzia fikzioa errealitatearen errepresentazioa da. Eta fantasia ez-errealaren errepresentazioa da. Beraz, Martian Chronicles [Marteko kronikak] fantasia da, ezin litekeelako gerta».

Bradbury Waukeganen, Illinoisen (AEB) jaio zen, 1920an, eta oso txikitatik erakutsi zuen zaletasuna liburuekiko eta, batik bat, beldurraren eta fantasiaren munduak deskubritu zizkioten idazleekiko: Edgar Allan Poe, Jules Verne, Edgar Rice Burroughs, H. G. Wells... 12 urterekin ekin zion idazteari, eta 21ekin ordaindu zioten lehenengo ipuina: Pendulum. 1947an argitaratu zuen bere lehen bilduma: Dark Carnival.

Marteren konkistari buruzko eleberriak (Martian Chronicles) egin zuen ezagun idazlea —aurretik argitaratutako hainbat istorio labur biltzen zituen—, baina, batik bat, Fahrenheit 451 etorkizuneko gizarte totalitario bati buruzko lanak eman zion ospea. Liburuak irakurtzea debekatuta dagoen gizarte bat irudikatu zuen Bradburyk lan horretan. 1966an, Francois Truffautek zinemara eraman zuen. Liburu horiez gain, dozenaka gehiago idatzi zituen, haietako asko narrazio laburrez osatuak.

Euskaraz ere irakur daitezke Bradburyren zenbait lan. Susa aldizkariak Martitzeko kronikak liburuko zenbait pasarte argitaratu zituen 1986an, Jon Aranok itzulita; Jesus Peñagarikanok Pozoietara jolas dezagun euskaratu zuen 1987an Porrot aldizkarirako, eta, azkenik, Txalapartak 2010ean argitaratu zuen Fahrenheit 451 nobela ospetsua, Nagore Tolosak itzulita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.