Beste X bat mailaren laukitxoan

Amets Arzallus eta Eneritz Zabaleta sailkatu dira finalerako Luhusoko maila dotoreko finalaurrekoan

Beñat Zamalloa Akizu.
Luhuso
2010eko urriaren 17a
00:00
Entzun
Saio dotorea izan zen XXX. Xapelketa gaztea, elkarte heldua lelopean jokatzen ari den Zuberoako, Lapurdiko eta Nafarroa Behereko Bertsolari Txapelketako lehen finalaurrekoan, Luhuson (Lapurdi). Mailarik gorena, aurreikuspenak beteta, Amets Arzallusek erakutsi zuen dakien bezala kantatuta. Gainontzekoen artetik, Eneritz Zabaletak egin zuen atzoko saiorik orekatuena, eta, hurrenez hurren, lehen eta bigarren sailkatuta, Donibane Lohizunen kantatuko dute biek, azaroaren 13an izango den finalean.

Datorren larunbatean izango da beste finalaurrekoa, Gabadin (Nafarroa Beherea), eta puntuen arabera jakingo dute Odei Barrosok, Ekhi Erremundegik, Xumai Muruak eta Gillen Hiribarrenekfinalean izango diren; izan ere, bi finalaurrekoetako lehen biek eta puntuetan lau onenenek kantatuko dute Donibane Lohizunen.

Luhusoko saioari dagokionez, elkarlanean osatu zituzten ofizioak elkarri entzunez eta txukun erantzunez. 300 lagun ingururen aurrean aritu ziren Harri Xuri aretoan. Ezagun zen elkarrekin prestatzen ibiliak zirela. Zortziko handian, Zabaletak eta Muruak lur azpian blokeatutako bi meatzariren ahotik kantatu zuten Pantxika Solorzanok jarritako gaia. «Gure azkena heldu da, Xumai / diotsut kategoriko / gu bezalako batzuen bila / inor ez da etorriko», eman zuen amore Zabaletak lehen bertsotik. Bestelairitzi zion Muruak. «Baina familia dugu kanpoan / baditugu zenbait lagun / haiek bidean sentitzen ditut / bizirik iraun dezagun», bukatu zuen estreinakoa.

Zortziko txikian, lanik osoena Barrosok eta Arzallusek egin zuten. «Urte hastapenean, ingurumena zaintzen duen elkarte batean elkar ezagutu duzue. Gaur Odei, Amets ihizira doala», jarri zien gaia Solorzanok. «Tipo honenaz aurrez/ ni ez nitzen fido / ta baieztatu duzu / laguna berriro. / Ehizara hain lasai/al zoaz aldiro? / Agian, zuri bota / behar zaizu tiro», ekin zion bertsoaldiari Barrosok, eta Arzallusek bikain erantzun zion: «Katuak xagua du / goizeko helburu / xaguak txunaurriak / denak buruz buru / eta naturak onartu / behar bagaitu gu / naturaren zikloan / sartu behar dugu». «Hiltzen dituzu baina / ez dituzu jaten», egotzi zion bigarrenean Barrosok, baina biek zuten euren bekatua: « Eraso egin duzu / bide txarretik,ai / zuk ez dituzu hiltzen / baina gero jan bai».

Puntu erantzunetan, atakan jarri zuen gai-jartzailea Erremundegik. «Gaua heltzen denean / zer egiten duzu?», lehen puntua kantatzeaz bat barreka hasi ziren entzuleak. «Nere buruan usu / agertzen zira zu / hainbegi eta ile / politak dituzu / nahi baduzu etorri / nere etxera aizu», proposatuta erantzun zion Erremundegik. Bigarren puntua hariari eta eutsi zion esku-eskura etorrita: «Urratsak emaiteko / garaia heldu da» izanzen puntua.

Sei puntuko laburrean, aspaldiko partez Euskal Herriaz hizketan jarri zituen Solorzanok Arzallus eta Murua. «Udaberrian sartu baikara / udazken batean», abestu zion Arzallusek ezkor zegoen Muruari. Metaforari eutsita, ezkor jarraitu zuen Muruak hurrengo bertsoan: «Urtaroena jakina/ ez litzateke berdina / udaberriak ekartzen balu / negu baten mina». «Orain ekintzak behar ditugu ta /metafora gutxi», amaitu zuen bertsoaldia Arzallusek.



Kartzela, barruko bizipenez

Kartzelan zintzotasuna nagusitu zen gaiak hala bideratuta, Zabaletak eta Barrosok euren bizipenetatik kantatu zutenean. «Zure etxean zein da gauzarik baliosena?», izan zuten gaia. Zabaletak kartzelan duen aita zela esan zuen, eta Barrosok familian harreran dituzten bi haurrak.

«Buruan argi dadukat hemen / zein dugun baliosena / azken finean niretzat baita / etxean ez dagoena», kantatuz bukatu zuen estreinakoa Zabaletak, «eta orain hiru urte hartu genitun / gure etxean harreran / ta haiek zenbat eman didaten / nik zenbat eman diedan», Barrosok. «Baina ikastolan zenbat guraso / sentitzen dira aparte / 'integratu bai' jo ta ke / integratzeko beraien haurren / klase kide diren arte / baina bederen gure etxean / familia bat daukate», azaldu zuen Barrosok bigarrenean.

Arzallusek tximiniaren ondoan duenXalbadorren Mintzoarenodola zuen etxeko gauzarik baliotsuena. «Gauero joaten naiz ni ohera / ta ze malko iturria / begiak bildu baino lehenago / itzultzen diot orria / eta harritzen naiz noladen / beti zaharra, baina berria». Hirugarrenean bizitzan duen pena bat kontatu zuen honela:



Amets Arzallus:

Sentimendu bat nola litaikeen
hain xehe hitzez emana
horri esker harilkatu dut
artzain baten harremana
eta Xalbador da gure bertsu
eta hitz guztien ama
eta pena bat dut ta izanen dut
bizitza osoan barna
Xalbador ene begi aurrean
ezin ikusi izana.



Iparraldeko Xalbadorren bertsolari garaikideak eta hurrengo belaunaldikoak omenduz hasi zuten ekitaldia, eta Arzallusek bat egin zuen omenaldiarekin.



Sailkapena

1.- Amets Arzallus377

2.- Eneritz Zabaleta345,5

3.- Odei Barroso337

4.- Ekhi Erremundegi316, 6

5.- Xumai Murua305, 5

6.- Gillen Hiribarren296



Balmasedan izango da Bizkaiko txapelketarenbigarren saioa, gaur

Klaret antzokian kantatuko duteArtzak, Legarretak, Belaustegik, Iturriotzek, Atxuluak eta Uriak
Erredakzioa. Bilbo

Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako Bertsolari Txapelketa amaitzen ari den aldi berean, Bizkaikoa lehen pausoak ematen hasi da. Hain zuzen, joan den igandean Mungian jokatu zuten lehen kanporaketa -Oihana Bartrak irabazi zuen-, eta gaur bigarrena izango da Balmasedako Klaret antzokian. Sei bertsolari izango dira lehian, 17:30ean: Joseba Artza (Etxebarria, 1978), Asier Legarreta (Mungia, 1973), Iker Belaustegi (Munitibar, 1979), Iñaki Iturriotz (Igorre, 1983), Lander Ibarluzea Atxulua (Etxebarria, 1983) eta Jone Uria (Getxo, 1990).Bernardo Mandaluniz ariko da gaiak ematen eta aurkezten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.