«Kontsekuentea izateko», esan du Iñigo Muguruzak (Irun, 1963) erdi txantxetan, bizikleta erabiltzen du alde batetik bestera mugitzeko. Izan ere, Lurra dauka izena bere azken proiektuak. Bost abesti, soinu akustikoa dutenak; bossa novaren, bluesaren, reggaearen edo Afrika iparraldeko doinuen ahaireak dituztenak, besteak beste. Muguruzak gitarra jo du, eta kantuetako biren hitz salatariak idatzi ditu. Besteak Ane Garcia abeslariarenak dira; zorrotzak harenak ere, kritikoak egungo egoerarekin. Carlos Zubikoa baxu jotzaileak eta Ander Larrañaga perkusio jotzaileak —darbuka eta kaxoia— osatu dute laukotea. Bonberenean grabatu zuten diskoa, joan den apirilean, Karlos Osinaga Txap-en gidaritzapean. «Crack bat da». Lotu dituzte kontzertu batzuk, Ondarroan, Donostiako Lugaritz aretoan, Hondarribian... Debuta Irungo Kabigorri ateneoan egingo dute, larunbat honetan. Han erantzun die galderei. Gaur egungo egoerarekin haserre dagoela dio, baina umorea sobera dauka, eta ia erantzun guztiei gehitu die txantxaren bat.
Amorrurik gabe ezin dela sortu pentsatzen dutenetakoa zara. Hortaz, amorratuta zaude?
Amorratuta nago, bai. Oso [barreak]. Badakizu, adin batetik aurrera zaila da maniak zuzentzea.
Beti zaude amorratuta? Edoorain, gertatzen ari denarekin, gehiago?
Geroz eta amorru gehiago sentitzen dut. Gainera, ez diot panorama honi irtenbide argirik ikusten. Eremu soziokulturalaz ari naiz... Baina zer geratzen zaigu? Ba, protesta egiteko eskubidea. Kortaturen garaian ere egiten genuen... Zerbaiterako balioko ote duen? Ez dakit...
Kortaturen garaia aipatu duzu. 80eko hamarraldiaren erdialdeko egoera oraingoarekin aldera al daiteke?
Bai, erabat aldera daiteke. Begira, orain dela hamar egun Paco Ibañez egon zen hemen jotzen, Mosku plazan. Eta iruditzen zait haren kantetako askok gaurkotasuna hartu dutela berriro. Kuriosoa da, baina egungo egoerari 80ko hamarkadako erdialdekoaren trazak hartzen dizkiot.
Beraz, irtenbiderik ez dagoela uste duzu.
Ez... Izan naiz nahiko positiboa, Positive bomb-eta [Joxe Ripiau taldearen lehen diskoaren izena]... Tira, beti esaten da krisialdietatik gauza onak ateratzen direla, eta ikusten ari naiz krisiarekin, agian, baloratuko ditugula lehen baloratzen ez genituen gauzak. Balioen zerrendan oso sustraituta zeuden, adibidez, auto berriago bat erostea, edo beste etxe bat edukitzea. Eta orain konturatzen ari gara ez dela posible, ezin dela, horrela planeta eta ama lurra hilko ditugula, eta horrela ezin dela jarraitu. Igual kontzientzia hartzeko balio izango du egoera honek.
Baina ezkor jarraitzen duzu.
Une honetan, bai. Bestalde, bi alaba txiki dauzkat, eta haiekin primeran pasatzen dut. Une horiek bete-betean aprobetxatzen ditut, eta konturatzen naiz hori dela bizitzaren gauzarik ederrenetako bat... Sekulako aita naiz [barrez].
Ama lurra hiltzen ari garela esan duzu. Hain zuzen, taldeari eta diskoari Lurra izena jarri diozue. Izen potoloa da.
Izen potoloa da, bai. Potoloegia dela esango zenuke? Igual oso handinahia da [barrez]? Orain urtebete pasatxo entseatzen hasi ginen, eta Caetano Velosoren Terra abestia jotzen genuen, esaterako. Berez, gurea, ez da ama lurrari jarritako izena. Myspace-n, adibidez, Lurra izena erregistratzen saiatu nintzen, eta izen bereko asko zeuden. Beraz, Lurra-Lurra gisa erregistratu genuen. Bi aldiz: bata ama lurrari eskainia, eta bestea planetari. Hori da azalpena! [barrez].
Diskoaren abestietan gure planetaren egoera salatu duzu, baina modu nahiko malenkoniatsu eta sotilean.
Bai, ez dugu egoera Pako Ibañezen modu berean salatzen. Ibañezek hemen emandako kontzertua grabazio batekin hasi zen, eta grabazioan zera aditzen zen: «Somos muchos, hijos de puta! [Asko gara, putakumeak!]». Gurean Ane kantaria eta ni gara hitzen egileak. Agian, zeharkakoagoak dira hareak. Lurraren blue note abestikoa, berriz, nirea da. Planetaren bluesa da.
Abesti horrek dio Munduko missa-k esaten duela gustatuko litzaiokeela munduko guda guztiak amaitzea. Eta zuk, hitz horietan, galdetzen duzu nola amaitu alde ekonomikoak, nola saihestu suizidio ekologikoak... Ez duzu aipatzen, adibidez, Euskal Herriko egoera jakin bat. Krisiaren ikuspegi globala daukazula dirudi.
Bai, eta azkenean esaten dut gustatuko litzaidakeela miss txapelketa horiek amaitzea. Nik uste dut gure ikuspegia globalizatuta dagoela, bere alde onekin eta txarrekin. Geroz eta txikiagoa da dena. Hau da Borgesen El Aleph liburua bezalakoa. Bai, badaukagu ikuspegi globala, baina normala da hori edukitzea. Orain 50 urteko ikuspegia lokalagoa zen, baina orain, nik behintzat, bi ikuspegiak dauzkat.
Lan akustikoa da. Gorputzak tonu hori eskatzen al zizun?
Bai, hori eskatzen zidan. Bi alaba ditut. Batak Nitro du izena, eta besteak Glizerina. Biak elkartzen direnean, Nitroglizerina! Oso mugituak dira, ez dago etxean egoterik [barreak]. Orduan, nire alabekin egon eta gero, gorputzak ez dit eskatzen Dead Kennedys aditzea. Beste zerbait eskatzen dit. Zerbait lasaiagoa.
Alaben kontua dago, baina zure musika ibilbide luzearen ondorio naturala ere izango da sonoritate horietara jotzea, bolumena jaistea, ezta?
Bai, lasaitu egiten zara. Bada ibilbide horren ondorioa. Konturatzen naiz Kortaturen garaian hiperaktiboa nintzela, eta, era berean, desorekatuagoa espiritualki. Nire kasuan, gustu horiei dagokionez behintzat, denborarekin lasaituz joan naiz.
Sagarroin antzeman zen lasaitu hori. Zergatik erabaki zenuten hura uztea?
Miren Gaztañagak, azkeneko bi diskoetan taldeko abeslaria izan zenak, esan zigun ezin zuela jarraitu beste proiektu batzuk zituelako. Nire lehen alaba ere garai bertsuan jaio zen, eta pentsatzen nuen ondo etorriko zitzaidala bizpahiru urtean stand by egotea. Kontua da gitarra eta baxu irakaslea ere banaizela hemengo musika eskolan. Eta Ane [abeslaria] zen nire ikasleetako bat. Pentsatzen nuen neure artean: «Ño, babestuko nuke neska hau...». Orain hiru urteko kontuez ari natzaizu. Hitz egiten hasi ginen, eta azkenean taldeko abeslaria da bera. Fenomeno bat da: idatzi egiten du, abestu, dantza...
Kontzertuak lotzeko orduan gauzak erraztuko al dizkizuete zeuen formatuak eta zeuen eskaintzak?
Ez dut uste... Halere, ez da taldearen helburua kontzertu handiak-eta egitea. Adibidez, deitzen badigute Mendebala edo antzeko jaialdi batetik, gauza akustiko bat egiteko, ba bai. Baina ez daukagu asmorik, Joxe Ripiaurekin bezala, ba dantzaldiak-eta egiteko. Bi aste barru, berriz, Marlangorekin joko dugu Ondarroako Kafe Antzokian, eta horrek gehiago egiten du bat gure filosofiarekin.
Zuen musika, hortaz, eremu jakin batzuetan jotzeko eta aditzeko da.
Bai, jendea egon dadila eserita. Areto txikietarako, antzokietarako...
Bost abestiko diskoa da. Zein beste abestirekin osatuko dituzue emanaldiak?
Joko dugu Sagarroiren kanta bat, Kirmen Uriberen hitzak dituena. BAP!!en Ez dut ezer esan nahi, Pixisen Where is My Mind, eta beste bertsio batzuk ere bai. Eta, aldi berean, diskoan ez dauden gure beste hiru kanta. 50 bat minutu inguruko emanaldiak izango dira.
Pertsona ezaguna zara, baina zeuen proposamena ez da, ez, ohikoena; ez, bederen, euskaraz abestuta. Zer-nolako harrera edukiko duela uste duzu?
Beterania apur bat ematen diot nik, ezta [barrez]? Lasai hartu nahi ditugu gauzak, eta ez daukagu presarik. Gure helburua ez da sekulako emanaldiak egitea, toki handietan edo jaietan jotzea. Tira, perkusio jotzailearena, agian, bai [barrez].
Iñigo Muguruza. Musikaria
«Beste zerbait eskatzen zidan gorputzak, zerbait lasaiagoa»
Ia 30 urteko ibiliaren ondoren, hiru urte igaro ditu «stand by» egoeran. Orain, Lurra proiektua osatu du. Tonu akustikoan osatutako kantuekin dator, «eserita» aditzeko eskaintzarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu