Katuajeak

Bestearen begia

Lorea Agirre.
2011ko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
Gure burua definitu ezinak, are behin eta berriro definitu beharrak, definizioen munduan galtzera garamatza, eta galdu eta ibili eta bilatu eta aurkitu, eta batzuetan gure buruarentzako kapela egoki bat topatuko dugu, edo udako soineko bat, edo negurako bufanda bat.

Definizio asko indefinizioak dira gainera, asko nahierara. Aurrez definitua dena lanbrotzeko sortuak. Ez ote da posible definizio berriak sortzea aurreko definizioa (baldin eta nork jantzia badu oraindik) indefinizioan utzi gabe? Izan nahia eta ezin izana. Bai batarena eta bai bestearena: bere burua argi definitua duenarena, baina baita halaber bere burua egokitzen ez den kapelan sartu nahian, kapela bere neurrira ekartzen duenarena. Ez baita aski norbera zer den jakin eta esatea, gainontzekoek onartzen ez badute. Bestearen begiak egiten du baleko zure definizioa. Eta hor gabiltza bagara eta ez gara, bazara eta ez zara. Borrokan. Gorroto ditugunekin eta maite ditugunekin.

Eta gero badira, norbera, zu, hura hangoak, denak, definizio bakarraren esturara ekarri nahi dituztenak, norberaren gogoaren gainetik eta azpitik. Nor nor den esateko zilegitasuna duena. Botereak ez beste ezerk ematen duen hori.

Eta pentsa liteke, ez arrazoi faltaz, zertarako hainbeste definitu nahia? Zertarako berdinak bilatu beharra? Eta egia da: zertarako? Definizioak mugatu egiten gaitu, sailkatu, baita 'sailkatu ezin' sailkapenaren pean ere. Horixe da, agian, ezin duzu ukatu ez duzunik, aitortzen ez dizutenik. Zure burua zer den ezin aldarrikatu bazabiltza, aldez edo moldez ukatzen bazaituzte, nekez uzten diozu definitu behar horri. Ez daukanak ongi daki edukitzea zein den ona.

Definitu beti definitu behar du ukatuak. Bestearen ukatzaileak, edo bere burua definitzeko zilegitasuna eta onarpena duenak, erraz utziko dio bere taldekide izateari. Taldeak jarraituko duelako berak gabe ere. Agian, zure definizioa onartuko dizutenean, erabakiko duzu, aldatzea. Etiketa horrek ez dizula balio erabakitzeko aukera izango duzu, eta beste bat behar duzula.

Idazleak esan zuen, ez zuela gehiago euskal hitza agertuko zen nobelarik idatziko.

Euskal hitzaren inflazioa. Dena da euskal: euskal ekonomia, euskal meteorologia, euskal sukaldaritza, euskal txerria, euskal literatura. Dena da euskal, ezer ez delako zilegitasunez euskal. Dena delako kategorikoki erdal. Benetan euskal balitz ekonomia, meteorologia, sukaldaritza,txerria, literatura lirateke. Letra txikiz edo larriz, baina gainontzekoen pare.

Kontua da bestea izatea, desberdina izatea, gure gizartean, gutxiago izatea dela. Eta bestea ez den horren pare izateko haren berdinak behar duzu izan, definizio beraren pera makurtu beharra duzu. Nork nahi du aniztasuna, orduan?

Definizio batzuk orokorrak baitira, guztientzat balio behar dutenak, unibertsalak; norma dira, arau. Eta azpiratuak daudenak –bere buruaren definizioa ezin aldarrikatuz, eta horrenbestez beti eta leku guztietan erabiltzera kondenatua– beti dira partikularrak, espezifikoak, ñabardura dunak. Akabo berdintasunaren mitoa. Nork ahal du berdina izan?

Ezin normal izan.

Euskaldun, euskalerritar, vasco, basque, espainol, frantses...

Gaur hitz berri bat ikasi dut: euskalakaria.

Euskalakaria. Definizio berri bat, Korrika-ren aldi berriaren kanpainak kaleratu duena. Matriuska errusiar horien moduan, beste definizio orokorrago baten barnean kokatzen da: euskaldun izateaz gainera, euskaraz ikasi, ari eta euskara maite duena da euskalakaria. Ez da aski hizkuntza jakitea. Jakitea ez baita erabiltzea, eta ez gara euskaraz bizi.

Euskaraz bizitzeko baldintzarik ez dugulako, beharbada, besteak beste?

Euskarak ez du tresna kultural gisa balio izan. Euskara iraganeko hizkuntza da niretzat. Euskal hizkuntza ez da inoiz jazarria izan, euskal hiztunek espontaneoki erabiltzeari utzi diote, balio gutxi duela ohartu direnean, eta horrenbestez hizkuntz normalizazioak ez du justifikazio historikorik. Xarmarik baldin badu Pachi Lopez lehendakari sozialistak, Aitorren hizkuntza bedeinkatuan duen ezjakintasuna da, eta orain ikastera mehatxatua sentituko da.

Ezagutuko dituzue, Eusko Jaurlaritzaren Euskararen Aholku Batzordeko kide berri Jon Juaristik han eta hemen esandakoak dira. Euskara utzi eta gazteleraz idazten hasteko gomendioa ere egin izan du. Juaristi euskalduna da. Urgell kultur sailburuak ahots guztiak ongi etorriak direla esan du, eta inoiz Juaristi pixka bat baldar mintzatu izan dela, baina horrek halako balio erantsi bat ematen omen dio Juaristi batzordean egoteari.

Aniztasunaren eta berdintasunaren mesedetan egindako izendapena. Normaltasuna. Kultura askatasunean.

Batzuk irainari elkarrizketa deitzen diote.

Barkatuko dit idazleak. Nik ere euskal hitza inoiz gehiago aipatubeharrik ez izatea nahiko nuke.

Idazleak ere ez du hitza bete ahal izan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.