Krisialdi ekonomikoak eta harekin lotutako ustelkeria politiko eta finantzarioak amaierarik ez duten honetan, dagoeneko hasi da gaia bere egiten zinemagintza, AEBetakoa bereziki. Irakeko inbasiorekin gertatu zen moduan, denbora behar izan dute perspektiba pixka bat hartzeko eta eman beharreko diskurtsoaren tonua zein den argi izan arte. Salbuespenak salbuespen, Hollywoodek ez du sistemaren kontrako diskurtso gogorregirik sustatuko; kritika zantzuak, baldin badaude, betiere maila baten barruan egonen dira.
Orain artean, eta betiere zabalkunde komertziala izan duten filmen artean, Inside Job dokumentala (Charles Ferguson, 2010) izan da krisialdi ekonomikoaren nondik norakoa hobekien eta zintzoen azaltzen saiatu den lana. Film horrek argi eta garbi azaltzen zituen prozesuaren arrazoi nagusiak, baita erantzuleen izen- abizenak zeintzuk diren agertu ere.
Kontrako muturrean daude, ordea, The Company Men (John Wells, 2010) eta Wall Street 2: Money Never Sleeps (Oliver Stone, 2010), krisialdiaren arrazoi eta ondorioak modu eztitsuegian pantailaratzen zituzten film otzanak. AEBetatik kanpo, interesgarria eta argigarria izan da The Shock Doctrine militantea, orain dela bi urte Michael Winterbottom eta Mat Whitecrossek egin zuten ekarpena.
Margin Call-ek fikziora jo du, baina benetako gertaeretan dago oinarrituta. Oso gertuko kontuak dira, nahiz eta aldi berean oso urrunak ematen duten. 2008. urtean AEBetan finantza krisiaren eztanda izan zen, eta, egiazko izenik erabiliko ez duten arren, pelikulan erraza da inbertsio banku ezagun jakin batzuk identifikatzea.
Hasiberriak
Hain zuzen ere, filmeko protagonista nagusiek inbertsio banku garrantzitsu batean egiten dute lan. Peter Sullivan izeneko inbertitzaile hasiberria ohartuko da gauza arraroak ari direla gertatzen lan egiten duen enpresa boteretsuan; gauzak ez dira jakinarazten dituzten zenbakiak bezain politak. Ia nahi gabe, Wall Street, eta ondorioz mundu osoa, finantza krisialdiaren hasieran egoten ahal dela jakinen du. Iluntze aldean gertatuko da hori, eta hurrengo egunean mundua esnatuko denean burbuilak eztanda eginen du.
Banku horretako arduradunek gau luze bat dute egoerari aurre egiteko. Jakin badakite gertatu behar dena oso larria dela, etanola jokatu erabaki beharko dute. Beren interesak babestea inporta zaie gehien, nahiz eta horrek are gehiago larriagotuko dituen hasi behar den krisialdi ekonomikoaren ondorioak.
Inbertitzaile horren moduan, J.C. Chandor zuzendaria ere hasiberria da; honako hau da haren lehen film luzea. Eta handinahiez ekin nahi izan dio, film merkea izan arren gai korapilatsua landu duelako. Wall Streeteko ingurumariak ongi ezagutzen ditu Chandorrek, haren aitak 40 urtez egin baitzuen lan Merril Lynchen. Hark emandako aholkuak ezinbestekoak izan dira filma behar bezala girotu ahal izate- ko.
Zuzendari baten lehen pelikula izanik, aktore talde garrantzitsua lortu du Margin Call-ek. Horietako gehienak ez daude momenturik onenean, baina haien izenek jende ugari erakartzen segitzen dute: Kevin Spacey, Jeremy Irons, Paul Bettany. Horien ondoan, bi aktore gazte: Zachary Quinto eta Penn Badgley.
Zuzendariak berak idatzi du gidoia; ia denbora osoan bulegoetan edo bilera geletan gertatzen da akzioa. Horri esker, aurrekontua ere nahiko mugatu ahal izan dute. Ez da bete-betean film independentea, baina nahiko hurbil dago.
'MARGIN CALL'
Zuzendaria: J.C. Chandor.
Aktoreak: Kevin Spacey, Paul Bettany, Jeremy Irons, Zachary Quinto, Penn Badgley, Simon Baker. Herrialdea: AEB.
Urtea: 2011.
Iraupena: 109 minutu.
Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.
Zinema. Estreinaldiak
Besteen diruarekin jolasean
Finantza krisiaren hasiera fikzio bihurtu du J.C. Chandorrek lehen filmean: 'Margin Call'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu