Durangoko 46. Euskal Liburu eta Disko Azoka. Arre, arre Landako

Betelan epidiktikoa espektakuluan

Idazle eta musikariak protagonista dira Durangon, eta haietako asko ari dira liburu nahiz diskoak sinatzen egunotan. Horietako bat da Harkaitz Cano. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Juan Luis Zabala
2011ko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Gure literatura ere, solas epidiktiko hutsa da. Gutxienekoa da gero hor, jeneroaren barruan, jarrera bat hartu ala bestea, hau laudatu nahiz bestea iraindu, errebeldiaren gramatika berrasmatu edo derrotaren xarma zentzuduna landu. Paper bat, edo bestea, betelana da espektakuluan».

Joseba Sarrionandiaren Moroak gara behelaino artean? saiakeraren amaierako partetik hartutako pasartea da, literaturaren egungo zereginaz eta zereginezinaz mintzo dena. «Edozein gogoeta, espektakuluaren osagarri da», dio aurrerago Sarrionandiak. «Behiala hainbeste planteatzen zen konpromiso literarioaren eztabaida hura ere itxuragabea da, berdin delako eskuin zein ezker. Dominazio sistema ez da hor erabakitzen, beste plano batean dago».

Moroak gara behelaino artean? bera izan da —egileak berak akaso aurreikusita edukiko zuen moduan— azken urteetako adibiderik argigarriena. Asko hitz egin da liburuaz, baina nori axola zaio zer dioten haren 700 orrialdeek? Berdin dio liburuak kulturen arteko elkarbizitzaz gogoeta egiten duen edo berakatz zopa plantatzeko 700 euskal modu azaltzen. Liburuaren beste alderdi batzuei begira eratu da espektakulua.

Horretan da inbidiagarria beharbada Iñaki Beobidek «zoragarria baino zoragarriagoa» izan zela dioen garaia, 70eko hamarkada, orduan artean ere espektakulua ez zelako gaur bezain sofistikatua eta oro-irenslea; artean ere literatura ez zelako akaso gaur bezain solas epidiktikoa; artean ere zentsura zuzenaren beharra zutelako espektakuluaren jagoleek.

«Debekatu, ez da normalean zertan ezer debekatu, baina ondo aukeratuko da zer den presentablea, zer zabaldu eta zer ez. Adierazpen askatasuna tinkoen aldarrikatzeko itxurak egiten dituenak egingo du medioetan zabalduko den produktuaren eta pertsonal intelektualaren aukera zorrotza. Espektakulua, oligarkiaren askatasun horren gauzatzea izango da».

Eta hala eta guztiz ere, ez al da Durangon ikusten den hauxe gure ondasun guztia?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.