Lehen diskoa du Kar Kar Traorek sei urtetan. Isiltasun luzea, isilik egoten ohitutako gizonarentzat. Independentzia ondorengo garaietako loria, 70eko hamarkadatik aurrera gertatutako 20 urtetako alboratze eta ahaztura, eta azkenik 1990etik gaur egun arte iraun duen bigarren loraldia. Bide errazik ez da izan musikariarentzat, baina Boubacar Traorek gogor eutsi dio ibilbide luze horretan hasierako hatsari eta Afrikako bluesaren izenik esanguratsuena bilakatu da, Ali Farka Toure, Lobi Traore eta enparauen baimenarekin.
Gitarra akustikoari irudimen dirdirak ateratzen dizkion gitarrista horietakoa dugu. Tamainako abilezia, teknikak hondatu gabea. Ahaleginik egin gabe bezala kantatzen duen horietakoa dugu, ahots sakon eta jakintsuduna. Espeziala blues musika, baita blues afrikarra ere, mailarik gorenera ekartzeko. Aski ditu gitarra, ahotsa, harmonika, n'gonia eta balafoia bluesaren erroetara eramateko.
Begiak itxiz gero AEBetako hegoaldeko bazter ezkuturen batean ikusi ahal izango duzu zure burua. Eta ez dira Sonny Terry eta Brownnie Macgee handiak izango, Maliko musikari beteranoa baizik paisaiari musika jartzen diona. Hau bai paradoxa musika beltzen joan-etorrien abentura! Afrikako esklaboek eramandako musikak etxera itzultzen dira hainbat mende igaro eta gero, eta berriro ere musikariaren egunerokotasunean gorpuzten dira.
Erabat akustikoa den disko honetan adibide ugari daude. Dundobesse M'bedouniato arinarekin hasi, Mondeou afrikarrarekin jarraitu, ederrak dira benetan Vincent Bucher harmonika jotzailearen ekarpenak. Farafina Lolo Lora izan daiteke Saheleko bluesaren oihartzunak ozenen aldarrikatzen dituen kantua. Baina beti du zer edo zer melodikoagoa Traorek: N'Dianamogo ortodoxoa eta Fama bikaina. Poliki entzuteko diskoa da. Kankan Baro eta Mali Tcheabaouk ixten dute diskoa eta hasierako sentsazioak baieztatu baino ez dira egiten: berriro gaude hasieran, musika joko kasik hipnotikoen gainetik sortzen den melodia ederraren lurraldean.
Musika. BOUCABAR TRAORE.Diskoa:'Mali Denhou'.Diskoetxea:Lusafrica.
Beteranoaren hatsa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu