Joserra Senperena. Musikaria

«Beti pentsatu izan dut musikan muga bat izan daitekeela forma»

Pianista, konpositore eta moldatzaile izanik, hamaika proiektu eta artistarekin aritu da Joserra Senperena azkeneko mende laurdenean. '9 ganbera pieza' diskoa du ibilbide horren azkeneko geltokia.

JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
mikel lizarralde
Donostia
2015eko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
Bide Ertzean, Fito y Fitipaldis eta La Buena Vidaren ohiko musikari izanik, Joserra Senperena pianista (Donostia, 1965) ez da geldirik egotekoa. Rafael Berrio herrikidearen bi disko laudaturen (1971 eta Diarios) orkestra moldaketak egin ditu; Harkaitz Cano idazlearekin eta Dora Salazar eskultorearekin, Cuentos para adultos liburua ondu zuen; Patxi Zubizarretarekin lan egin du (Joan, 50), eta orain, La Buena Vidan aritutako Mikel Agirreren eta Jose Luis Lanzagortaren proiektu berriko diskoa prestatzen aritzeaz gain, Josu Martinezen film berriko (Gure sorlekuaren bila) musika ari da grabatzen. «Oso gauza dibertigarria da. Balkanetako musika, ijitoena, zortziko bat... Denetarik dauka».

Besteekin lan egiten du, baina hartzen du denbora bere proiektu pertsonalak ere aurrera eramateko. Horren emaitza dira haren azkeneko bi diskoak, 10 trio, piano, biolin eta akordeoirako eta 9 ganbera pieza, zazpi laguneko taldearekin grabatutako diskoa.

Diskoaren aurkezpenean, azaldu zenuen zure lanaren ardatzetako bat askatasuna dela. Zertan gauzatzen da aske aritze hori zure bakarkako diskoetan?

Uste dut horrela izan behar duela; ez bakarrik musikan; baita bestelako arte diziplinetan ere. Baina, batez ere, hori nioen ez ditudalako ezagutzen forma klasikoak. Ikasi nuen piano klasikoa, eta jo izan ditut sonatak... baina sonata bat konposatzen ez dakit. Gustatuko litzaidake jakitea, baina orain ez da nire helburuetako bat. Ez dut sinfoniarik entzuten. Entzuten ditut piano eta orkestrarako kontzertuak, Beethovenen trioak txelo eta pianorako... baina ez dakit nola egiten diren. Musika klasikoaren forma ez zait interesatu. Eta, beste alde batetik, beti pentsatu izan dut musikan muga bat izan daitekeela forma. Edo muga baino gehiago, kortse bat. Eta ez dut hori nahi, ez egitura aldetik, ez estilo aldetik.

Beste artista batzuekin lan egiten duzunean ere izaten duzu askatasun hori?

Batzuetan bai, eta beste batzuetan ez. Adibidez, orain Mikel Agirre eta Cheli Lanzagortarekin ari naiz lanean, eta datorren astean hari laukotea grabatuko dugu. Kasu honetan, haiek linea batzuk proposatu eta nik harmonizatu egiten ditut. Nik ideiak ere proposatzen ditut, haiek zuzenketak egin... Elkarlan bat da. Duncan Dhurekin edo Mikel Erentxunekin lan egin izan dudanean, nik egin izan ditut moldaketak, eta hark onartu. Gero, musikari huts gisa aritzen naizenean, batzuetan askatasuna ematen didate, eta besteetan gauza jakin bat eskatu. Denetara moldatu behar dugu.

Kidetasun pertsonala eta musikala izateak zer garrantzi du zuretzat?

Garrantzitsua da. Ez nuke grabatuko gustatzen ez zaidan talde batekin. Ez nuke egingo ez nukeelako ondo ere egingo. Zenbait grabaziotan ez da feeling-ik sortzen, eta hor gelditzen da. Hasi eta bukatu. Baina hori gutxitan gertatzen da. Gehienetan, deitzen didate jakinda zer eman dezakedan.

Ezezkorik ematen duzu?

Eman dut, bai.

Musikari profesionala izanda, ez da erraza izango ezezkoak ematea...

Ez da erraza, ez. Musikaz bizitzea ez da erraza, baina batzuetan proposatu izan didate bira batean edo bestean parte hartzea, eta ez dut ikusi izan...

1998an bakarkako lehenengo diskoa atera zenuenetik, oso lan ezberdinak grabatu izan dituzu. Zer lortu nahi duzu lanotan, edo, zehatzago esanda, zer lortu nahi izan duzu azkeneko bietan?

Normalean, pop konpositoreak 16-18-20 urterekin hasten dira kantuak egiten. Nik 35 urterekin ekin nion. Berandu. Baina hala izan da. Garai batean, bakarrik interesatzen zitzaidan ondo jotzea eta ikastea. Hori nahikoa ez zen momentu bat iritsi zen. Egiten nuena, zela grabazio bat edo bira bat, beti zen norbaiten alde. Eta, halako batean, nire alde egin behar izan nuen. Neurri batean, emaitza globala nire esku hartu nahi izan nuen.

Zer ikasi duzu horrekin?

Perspektiba aldatu zait. Lehen, ondo jotzea nuen helburu bakarra. Hori eta ondo pasatzea, jakina. Orain ere ondo pasatzen dut, baina 50 urte ditut, eta ikasi dut musikari beste ikuspuntu batetik begiratzen. Lehen, pianotik entzuten nuen lehendabizi musika, eta gero beste guztia zetorren. Orain, aldiz, pianoa ez zait hainbeste interesatzen. Tira, nire tresna da, gehien maite dudana, baina orain beste modu batean entzuten dut musika.

Horrek esan nahi du garrantzi txikiagoa ematen diozula orain perfekzioari?

Bai. Ez naiz inoiz pianista birtuoso bat izan, baina garai batean hori nuen helburu bakarra: ondo jotzea. Orain ez. Musika beste modu batean entzun eta ulertzen dut.

Sormenaren beharra duzu?

Bai. Ez dakit zergatik egiten dudan egiten dudana. Baina musika egin beharra sentitzen dut, sortu beharra. Eta orain horrekin gozatzen dut beste ezerekin baino gehiago.

Musika instrumentalak izan dezake abstrakziorako joera bat. Zuk erreparatzen diozu entzuleak zer jaso dezakeen zure musikarekin?

Sortzean, ez. Ni naiz egiten dudana gustatu behar zaion lehenengoa. Gero, diskoa egina dagoenean, gustatuko litzaidake ahalik eta jende gehienarengana iristea. Baina uste dut ez dela horretan pentsatu behar. Irakurri dut Woody Allenek zioela dibertiaraztea dela axola zaion bakarra. Eta Alvaro Urquijok ere [Los Secretos musika taldeko abeslaria] esan du: «Entretenitzaile hutsa naiz». Bada, ez; niretzat ez. Berbenetan aritzen nintzenean bai, jendeak ondo pasatzea nahi nuen, baina orain ez.

Beste zerbaitek izan behar du helburua... zerk zehazki?

Emozioak, ezta? Artea komunikazioa da, eta transmisioa. Eta emozioak transmititu nahi ditut, emozio ezberdinak.

35 urterekin konposatzen hasita, zer eragin izan dute popak eta rockak zure bakarkako lanean?

Azkeneko bi diskoetan, esango nuke ez dagoela poparen arrastorik. Orain ari naiz Josu Martinezen filmaren musikarekin, eta hor jazz doinuak ari gara lantzen. Ni jazza egiten! Zenbat urte egin gabe! Baina ateratzen da, eta gustura ari naiz. Garai batean erabiltzen nuen hizkuntza da. Baina orain beste ildo batean nago; beste hizkuntza batzuk interesatzen zaizkit.

Azkeneko bi diskoak ganberako musikaren barruan sailka daitezke. Hor ikusten duzu aurrera begira ere zure bidea?

Nik uste dut baietz. Baina musika maite dut, bere bide guztiekin. Adibidez, gustatuko litzaidake soul talde bat sortzea, bere metalekin eta bere hammond-arekin! Baina egunak 24 ordu ditu, eta ez naiz iristen denetara.

Zure azkeneko bi diskoak Rafael Berriorekin egindako bi diskoen ondoren grabatu dituzu. Ez dakit ez ote diren batzuk besteen osagarri edo ondorio...

Hori kointzidentzia bat izan da beste ezer baino gehiago. Baina harekin egindako lanak bai, hark izan du eragina nire diskoetan. Eta baita alderantziz ere, nahiz eta hori hark [Berriok] esan beharko lukeen. Hau egitera iritsi naiz aurretik pop artistekin moldaketak egin eta gero. La Buena Vidaren kasuan, kantuak eginak iritsi izan zaizkit, eta horien gainean moldaketak landu ditut. Baina kantuen egitura hor dago. Berrioren kasuan, berriz, batez ere bigarren diskoan [Diarios], orkestrak dena betetzen du; egin behar du erritmoa, oinarri harmonikoa, melodikoa... espazio guztia. Hori agian ez nintzen kapaz izango egiteko orain dela hogei urte. Abentura batean sartzeko aukera eman dit lan horrek, eta 9 ganbera pieza ere horren ondorio bat izan daiteke. Gustatzen zait musikak aldapak eta gailurrak izatea... Beti gustatu izan zait asko Peter Gabrielen garaiko Genesis taldea, eta disko haietan gauza asko zeuden! Momenturik finenak eta gordinenak uztartzen zituen, eta hori saiatu naiz egiten disko honetan.

Aurrenekoz, partituraren gainean lan egin duzu; ez pianoarekin, konposatzeko orduan. Hor badago zeure burua pixka bat ezkutatzeko gogoa?

Ez, ez, zeren eta pianoa oso presente dago diskoan. Gehiago izan da konposatzeko modu berri bat. Normalean han hasten naiz konposatzen [pianoari begiratu dio], eta gero hona etorri, ordenagailura, ideia grabatzera. Buelta berriro pianora eta buelta ordenagailura. Kasu honetan, ez. Dena hemen egin dut. Melodia kantatu, idatzi, gero harmonizatu, eta kantua egina zegoenean piano zatiak erantsi dizkiot. Baina ez da neure burua ezkutatzeko modu bat izan, baizik eta eskuak alde batera utzi eta melodiak ahalik eta garbien ateratzeko era.

Horrek ezinbestean eskatuko zizun esfortzu bat. Erronka bat izan da zuretzat?

Zailtasunak izan ditut, hasieran ez nengoelako ohituta, baina uste dut horrela izan behar zuela.

Musikarien aldetik bai, baina sentitzen duzu publikoak aitortza egin dizula?

50 urte ditut, eta lana ez zait falta. Honetaz bizi naiz, eta ez naiz kexu. Gero gustatuko litzaidake nire bakarkako diskoek beste erantzun bat izatea, baina merezi dugun erantzuna dugu. Baina bai, gustatuko litzaidake kontzertu gehiago egitea. [Azaroaren 20an aurkeztuko du diskoa Viktoria Eugenia Klubean, Donostian]

Hori izan daiteke musika batzuekin dagoen heziketa faltaren ondorio?

Hori esatea ez zait tokatzen niri. Musikari askok esaten dute ez dituztela kontratatzen kultur etxeetan-eta... baina jendeak aukeratzen du eta erosten du nahi duena. Egia da agian sustapen handiagoa izanda erantzun hobea izango nukeela... edo ez. Agian, nire musikak ez du gehiago merezi. Baina ez dakit zein diren arrazoiak. Gero egia da, oro har, musika instrumentala gutxi entzuten dela. Pop edo rock zaleak ez du musika hori entzuten. Ez da saltzen.

Diskoaren aurkezpenean, azaldu zenuen gustatzen zaizula joatea Musika Hamabostaldiko musika garaikideko ziklora. Zer ekarpen egiten dizu garaikidetzat jotzen den horrek?

Zikloko kontzertu ia guztietara joaten naiz, baina salbuespen batzuekin, Ramon Lazkano eta klasikoren bat, ez ditut ezagutzen programak. Ezezaguna egiten zait, eta sorpresak hartzen ditut. Oso erakargarria egiten zait hizkuntza hori, baina horretan ere, beste musika batzuetan bezala, denetarik dago, onak eta ez hain onak. Hizkuntza hori ez dut ulertzen, baina, batzuetan, ez ulertuta ere gustatzen zait, eta besteetan ez. Baina nik, musikaria izanda, ulertzen ez badut, zer ulertuko du beste pertsona batek!

Musika garaikidean ez bezala, zure lanean melodia gakoa da.

Bai, niri gustatzen zait melodia protagonista izatea ia une oro. Nahiz eta musika instrumentala izan. Konpositore askok akorde sekuentzia bat izaten dute, eta gero saiatzen dira sekuentzia horretan melodia kokatzen, letra jartzen. Hori nabaritu egiten da. Baina pentsa klasiko bihurtutako kantu bat. Zertaz gogoratzen zara? Melodiaz; ez beste guztiaz. Melodiak gidatu behar du kantua, eta hori ez da askotan gertatzen. Disko honetan, adibidez, badira aldapak, aldaketak, baina melodia beti dago hor.

Zuzenean diskoa aurkezteko aukera gutxi daukazu, baina gainerakoan ere nabaritzen duzu krisia? Aurrekontuetan, grabazio baldintzetan?

Gure munduan bat egin dute bi krisik, orokorrak eta diskoetxeenak. Baina egia da diskoetxeek aurrekontu txikia izaten dutela grabatzeko. Ni Fitorekin nabil, eta ondo doakigu! Baina pentsa nola dabiltzan beste batzuk. Kontzertuetan gutxi ordaintzen bada, ezin duzu tresnarik erosi, gehiago egin behar duzu lan, eta agian gutxiago zainduko duzu zer egiten duzun... Kantari asko ari dira bakarka, ezin dutelako talde bat eraman.

Zu, ordea, ausartu zara zazpi laguneko talde batekin grabatzera, nahiz eta jakin zaila izango dela zuzenekora eramatea.

Bai, hori Elkarri eskertu behar diot. Zaila dago mundu diskografikoa, eta musika hau ez da saltzen. Txalotzeko apustua da.

Etorkizunean egoera aldatzeko arrazoirik aurkitzen duzu?

Ez, jendeak musika Interneten kontsumitzen du, eta diskoak gero eta gutxiago salduko dira.

Zuk bi mundu ezagutu dituzu Euskal Herriko eszenan: gaztelaniaz aritzen diren musikariena eta euskaraz aritzen direnena. Batzuetan, eman izan du bakoitza bere aldetik joan dela.

Bai, horrela bizi izan dut. Mundu bateko jendeak beste mundukoa ez ezagutzea... hori horrela izan da. Hori gertatzen da gizartean, eta gizartean gertatzen den heinean islatzen da musikan ere. Niri oso deserosoa egiten zait.

Egin izan duzu lan beste arte diziplina batzuekin ere. Zer ekarpen egiten dizute musikari gisa?

Batez ere literatura eta zinema interesatzen zaizkit. Pintura-eta ez hainbeste. Baina lan egiteko orduan oso interesgarria da. Musikariok ikuspuntu batetik egiten dugu lan, eta beste diziplina bateko sortzaileekin aritzean ohartzen gara ari garela gauza bera transmititu nahian hizkuntza ezberdinekin. Ikuspegia aldatu egiten da, eta hori oso aberasgarria da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.