Non ote dabilen jakin nahi duenak, Mexiko eta Amerikako Estatu Batuen arteko mugaldeko taberna zahar galduren batean begiratu behar luke. Akaso han topatuko du kantaera sudurkariko gizona, inoiz baino ahots kraskatuagoarekin, Together Through Life (Columbia) disko berriko kantuak abesten. Gaur argitaratuko da mundu osoan Bob Dylanen (Duluth, AEB, 1941) 46. diskoa, estudioko kantuz osaturiko 33.a.
Lanbidea edozein delarik ere, ez du erraza izan behar 40 urtetik gorako ibilbidean irautea. Irauteko, ordea, nahikoa izan litezke adore eta zorte apur bat. Besterik da urte horietan guztietan zeinu bat uztea, nortasun eta sorkuntza zeinu bat. Aspaldi erein eta iltzatua du zeinu bat Dylanek, baina azken urteetan behiala izandako distira berreskuratzen ari da gainera. Eritasun larri bati aurre egin ondoren, Modern Times laudatua argitaratu zuen 2006an. Kritikaren oniritzia ez ezik, zaleen babesa ere jaso zuen, inork espero ez zuenean salmenta zerrendan gorengo postua lortu baitzuen.
Sony Music etxea ere ezustean harrapatu du Dylanen inspirazioak. Haren argitalpenak denboran ondo orekatzen saiatzen da musika enpresa erraldoia, eta ez zuen espero Dylanek hain azkar aterako zuenik lan berria. Baina, Olivier Dahan zinemagilearen enkargu bati erantzunez, Life Is Hard kantua idatzi zuen My Own Love Song filmerako. Musa topatu eta Together Through Life osatu zuen.
"Badakit nire zaleei diskoa gustatuko zaiela". Jeinuari dagozkion harrotasun hitzak, baina, ziur aski egiatik gertu daudenak. Bluesak gidatzen ditu lan berriko hamar kantuak. Bluesa eta rocka dira oinarriak, eta country soinua laguntzailea. 45 minutu, betiereko gaiez horniturik. Maitasuna eta minak, Dylanen lumara errendituak: "Nire kantuetan mina amodioaren parte bat da. Mina, sexua, erailketa, familia... aspalditik datozen kontuak dira. Adeitasuna. Ohorea. Karitatea. Denaz ohartu behar gara, eta dena sartu behar dugu. Pentsatzekoa da ezagutzen ditugun gauzak direla", adierazi du oraintsu Dylanek, Bill Flanagan kazetari eta adiskideari eskainitako elkarrizketa batean.
Gai klasikoak dira, eta klasikoak era berean, kantuetako hainbat pertsonaia arketipo ere, My Wife's Home Town-eko emazte arriskutsua edo Jolene-ko emakume tentagarria, esaterako. Disko "erromantikoa" da, egilearen hitzetan. Baita dibertigarria ere. Antzeman liteke Dylanek ondo pasatu zuela grabatzerako garaian, mugako taberna horretan sartuta balego bezala. Mugaldeko ahaire bihurri hori emateko eskusoinua ezinbesteko zuen, eta Los Lobos taldeko David Hidalgoren kolaborazioa izan du. Presentzia handia du disko osoan.
Chess Records Chicagoko zigilu mitikoaren soinua harrapatu nahi izan duela adierazi zuen Dylanek berak bere webgunean argitaraturiko elkarrizketa batean. This Dream of You kantua da horren lekuko argienetakoa, zeinetan Frank Sinatrak ezagun egin zuen South of the Border kantuaren, Sam Cookeren, The Coastersen eta Phil Spectorren oihartzunak sumatu daitezkeen. Flanagani eskainitako elkarrizketan aitortu du garai eta artista horiekiko miresmena ere: "50eko eta 60ko hamarkadetako disko horiek benetan izan ziren garrantzitsuak. Musikaren azken urrezko aroa izango zen ziurrenik. Orduz geroztik, edo agian 70eko hamarraldiaz geroztik, ordenagailuei begira bizi izan gara. Sam Cooke, Phil Spector eta enparauen musika hori zoragarria zen, baina ez zen erabat nire baitan sartu. Nik orduan Son House, Leadbelly, The Carter Family, Memphis Minnie eta death romance baladak entzuten nituen. Kantuak egiterako orduan, berriz, Woody Guthrie eta Robert Johnson nituen ispilu. Kantu atenporal eta betierekoak egin nahi izan ditut".
Soinu eta gai klasikoak bilatu eta topatu ditu, baina kritikatzen dituen ordenagailuei eta garai modernoei ere atera die zukurik Dylanek. Esaterako, lan berriko abesti bat 24 orduz deskargatzeko aukera eman baitzuen bere webgunean.
Plagio salaketak
Bizirik dagoen mito izaera izanagatik, edo agian horrexegatik, Dylan ez da salbu azkenaldian musikaren munduan ohiko bihurtzen ari diren plagio salaketetatik. Diskoa zabaltzen duen Beyond Here Lies Nothin' Fleetwood Mac taldeak idatzitako eta Carlos Santana gitarristak 1971 inguruan arrakasta bihurtutako Black Magic Woman piezaren berridazketa dela salatu du zenbaitek. Peter Green kantuaren egileak, ordea, Otis Rush Chicagoko bluesman-aren All Your Love kantuan oinarriturik dagoela aitortu du. Beraz, auzia, Dylanen lana xehe-xehe behatzen dutenen eta hark egindako oro ezbairik gabe ontzat ematen dutenen arteko deman geratu da. Ez da egin zaion salaketa bakarra, ordea. Azaleko argazki ederra -Bruce Davidsonek egina- Larry Brown idazlearen Big Bad Love liburuan erabili zela salatu dute. Gauza bera gertatu zitzaion Modern Times aurreko lanaren azalarekin ere, Luna taldeak erabili baitzuen aurrez.
Historiako rock talde handiena, "lehena eta azkena", The Rolling Stones dela esan berri duen eta Barack Obama pertsonaia "oso interesgarritzat" jotzen duen musikariak ez die gehiegi erreparatuko batzuei eta besteei sortzen dizkien maitasun eta minei. Never Ending biran buru-belarri sarturik dago dagoeneko. Londresko Roundhouse areto mitikoan aritu zen larunbatean, bere bizitzan aurrenekoz, eta bertaraturikoak liluratu zituen arren, bere ohiko izaera bereziari ez zion muzin egin: lan berriko kanturik ez zuen abestu.
Musika
Betiereko amodio eta minak
Bluesaz, mugako ahairez eta akordeoiaren soinuz jantzitako 'Together Through Life' diskoa kaleratuko du gaur mundu osoan Bob Dylanek. Adinean aurrera doan arren, garai onean dagoela erakusten dute lan berriko hamar kantuek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu